X. JABETZA MARKAK

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Saltar a: navegación, buscar
Esta página es una versión traducida de la página MARCAS DE PROPIEDAD. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Aziendaren jabetza markak

Jabetza markak mendiko bazkalekuetara eramaten zirenean ezartzen zitzaizkien abelburuei, han beste etxe batzuetako abelburuekin batera bazkatzen zirelako; marka horiek animaliak identifikatzeko aukera ematen zuten abelbidean zehar zebiltzanean edo taldetik banandu eta galtzen zirenean[1].

Azienda motaren arabera, markak desberdinak dira; iraunkorrak izan daitezke, hala nola belarriko ebaketak eta larruan burdin goriz aplikatuak; behin-behinekoak izan daitezke, hala nola bikez inprimatutakoak eta zaldi aziendaren zurdako zein buztaneko ebaketak. Bikez eta suz egindako markek adierazten dute, kasu batzuetan, bazkaleku komunalen erabilerari dagokion urteko kuota ordaindu dela; hurrengo denboraldian, hala egokituz gero, berriro egin beharko da eragiketa. Batzuetan mota bat baino gehiagotako markak konbinatu izan dira. Lepoko idunekoak eta zintzarriak aziendaren jabea nor den identifikatzeko balio dute.

Azken hamarkadetan, administrazio publikoaren aginduz, abelburu guztiei, mendikoei barne, osasun kontroleko bereizgarri bat ezarri behar zaie; krotralo edo belarritako bat izaten da, plastikozkoa edo metalezkoa, belarrian ezarritakoa, animalia bakoitzaren identifikazio zenbakia jasotzen duena.

Aurrez esan den bezala, batez ere «mendira» eramanda askatzen zen azienda markatzen zen: behiak, ardiak, ahuntzak, behorrak eta, kasuren batzuetan, bai eta zerriak ere. Hala ere, inkestek salbuespen batzuk jaso dituzte: Bernedon (A) eta San Martin Unxen (N) esaten dute ez zituztela behiak eta zaldiak markatzen aise ezagutzeko modukoak zirelako; Erriberagoitian (A), beste herri batzuetan bezala, esaten dute ardiak baino ez zirela markatzen, eta Melidan (A) ardiek ez zutela seinalerik izaten abeltzain handienak zirenean baino; Berrizen (B), ohikoena ardiak markatzea baldin bazen ere, familia batzuek ez dituzte inoiz markatu; Allon (N), zehazten dute jabetza marka zuten bakarrak aske bizi ziren animaliak zirela; laneko abereek ez zuten inongo markarik izaten, bakoitzak bere animaliak ezagutzen zituelako eta ez zirelako aske uzten, saldoan eta artzainaren edo itzainaren begiradapean izan ezean.

Familia baten jabetza izandako animaliak, edozein espezietakoa izanda ere, etxeko marka eramaten zuen beti (Larraun, Lezaun-N; Zeanuri, Orozko harana-B). Bernagoitian (B), adierazten dute etxe batek beste batena izandako abere saldoa bereganatzen baldin bazuen, oinordetzan edo erosita, aurreko marka errespetatzen zela.

Belarriko ebaketa. Akatsa

Ardiak markatzeko modurik zabalduena belarrietan ebaketak egitea izan da. Baskoniako alderdirik hegoaldekoenean kokatutako herrietan izan ezik, gainerakoan, inkesta egindako ia-ia herri guztietan egiaztatu da praktika hau.

Praktika honetan, ebaketa, hozka edo zulo bat egiten da animaliaren belarrietako batean edo bietan. Ebakitzeko moduek konbinazio asko egiteko aukera ematen dute[2], halako moldez non inguru bereko bi artzainen markak ez diren inoiz berdinak. Lortu nahi den marka motaren arabera, guraizeak, puska-kentzaileak edo mailu batekin jotako burdina zorroztuak erabiltzen dira. Belarriko ebaketak seinale iraunkor gisa geratzen dira; ez, ordea, zuloak: horiek batzuetan itxi egin daitezke.

Belarriko ebaketak hainbat izen ditu hala gaztelaniaz nola euskaraz: señalada (Berganzo-A), señal (Lezaun-N eta Enkarterriko harana-B), akatsa (Gorbea, Oiz-B), koxka (Ernio-G eta Larraun-N).

Zintzarriak edo dunbak. Arranak, zintzarriak

Laneko zein gizentzeko abere askok lepotik zintzilik daukaten dunba edo zintzarriaren erabilera oso antzinakoa da. Hala adierazten du Europa barruan zein Europatik kanpo duen zabalkunde handiak, bai eta historiaurreko aztarnategi batzuetan aurkitutako objektu batzuek ere, tintinnabula edo brontze aroko ezkilatxoak deritzenek. Zenbaiten ustez, eguzkia eta ilargia gurtzeko sinboloak ziren objektu horiek[3].

Animaliarik gehienek (behiek, ardiek, behorrek, ahuntzek eta, neurri txikiagoan, zerriek) zintzarriak eramaten dituzte, batez ere mendian bazkatzen direnean. Zintzarriek egiten duten soinuak aske dabilen azienda lokalizatzea errazten du eta laguntza handia da, batez ere animaliak baso nahaspilatsuetan daudenean eta gauez edo behe-lainopean haien bila aritzerakoan. Erronkarin (N), esaten da ezkiltxoak eramateko ohitura sustraituagoa dagoela mendian, gune nahaspilatsu eta gorabeheratsua baita, eta artzain askok kendu egiten dizkietela abereei Bardeara jaisten direnean.

Zenbait herritan diote zintzarriak ezartzerakoan kontuan hartzen dela animalien egoera fisikoa. Neguan, abereak inoiz baino iharrago eta artile gutxiagorekin daudenean, zintzarri arinak edo txikiak ezartzen zaizkie, asketan traba gutxiago egiteko. Udan, aitzitik, abereak inoiz baino indartsuago eta artile gehiagorekin daudenean, aire zabalean bizitzen, ezkila handiagoak eta astunagoak eramaten dituzte (Orozko, Bernagoitia, Anboto-B; Izarraitz-G; Agoitz, Lezaun, Erronkari, San Martin Unx, Zangoza-N).

Aziendaren apaingarriak

Txilinen eta kaskabiloen idunekoak

Zaldi azienda txilinen eta kaskabiloen idunekoekin apaintzen da nekazaritzako lan batzuetarako, ganadu ferietara edo idi probetara joateko eta data seinalatu batzuetan, hala nola ganaduaren San Antongo bedeinkapena. Apaingarriak erabiltzen ziren, informatzaileek azaldutakoaren arabera, animaliaren itxura nabarmentzeko eta haren dotorezia erakusteko, eta horrek jabearen ospea handitzen zuen.


  1. XIX. mendearen erdialdean Iztueta gipuzkoar historialariak markak aziendaren identifikazioak zeukan interesaren berri ematen zuen: ardi galdu bat aurkitzen zuen artzainak haren behin-behineko ardura hartzen zuen. Bizkor zabaltzen zen albistea: «con esta o aquella marca en las orejas se halla una oveja en el rebaño de fulano o de mengano, y el pastor-propietario, al llegar con la verdadera marca, llevará consigo su oveja perdida» («urliaren edo sandiaren artaldean ardi bat dago marka honekin edo bestearekin, eta artzain-jabeak, benetako markarekin etortzean, ardi galdua hartuko du»). Juan Ignacio de IZTUETA. Historia de Guipúzcoa. Guizpucoaco condaira. Donostia, 1847, 626-627. or.
  2. Iztueta historialari arestian aipatuak XIX. mendean euskal mendietako artzainek ardiak identifikatzeko erabilitako bost ebaketa moldeen berri eman zuen. Honako hauek ziren: "Pitzatua, Chulos, Urcullua, Laiateguia eta Acatsa". Bost ebaketa mota horiek bi belarrietako zenbait zatitan konbinatuz, 34 marka posibleren zerrenda aurkeztu zuen. Identifikazio sistema oso bat zen, zehatza, idazketa baino lehenagokoa: "utsuneric bagueco adieragarri chit zucena, izcribua sortu izan zan baino ere are lenagotanic Euscaldunak asmatua". Ibidem, 221-223 eta 626-627. or.
  3. J. DÉCHELETTE. Manuel d’Archéologie préhistórique. II. liburukia. Paris, 1910, 304-305. or. Hemen aipatua: BARANDIARAN, «Los monumentos prehistóricos. Creencias y cultos megalíticos» in Eusko-Folklore. Materiales y Cuestionarios. XLVII. Gasteiz, 1924, 41-42. or.