IV. ETXEEN ESKUALDE-EREDUAK

Esta página es una versión traducida de la página MODELOS COMARCALES DE CASAS. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Jakingarri nagusiak

Kapitulu honetan Baskoniako lurraldeetako zenbait eskualdetako etxe-ereduak deskribatzen dira. Ez dago jasoa tipologia guztia, jakina, baizik eta adierazgarriena iruditzen zaiguna soilik. Ez da ematen jauregi eta dorretxeen ereduen berri ere, asmoa baita erakustea nolakoak ziren tipo zabalduenari eta orokorrenari atxikitako etxebizitza arruntak.

Eskuarki nekazaritzarako, abeltzaintzarako edo, kasurik gehienetan, bietarako erabilitako landa-etxeen ereduak dira. Orain zeregin horiek aldatuta daude; kasu batzuetan, nekazaritzako eta abeltzaintzako lanak nabarmen murriztu dira, eta beste batzuetan makineria modernoaren erabilerak aldaketak eragin ditu laboreetan edo aziendaren ustiapenean, eta horren ondorioz etxeak berak aldaketa handiak izan ditu, batez ere barrualdeko espazioen banaketan.

Deskribatzen diren landa-etxeak eskualde bakoitzaren adierazgarri dira, eta horiek ikusterakoan eskualdea bera ezagutzen dugu berehala, litekeena bada ere kasu batzuetan eredurik zabalduena ez izatea, edo beste eredu batzuekin batera erabiltzea. Populaketa kontzentratuko hirietako edo hiribilduetako etxeen deskribapenak ere badira, eta arrantzaleen etxeenak ere bai, fisonomia berezi eta bitxikoak.

Gaur egun, baita landa-eskualdeetan ere, eta zer esanik ez hiribilduetan eta hiri-guneetan, etxe-eredu berri asko agertu dira. Horietako batzuek baserri gutxi-asko idealizatuak imitatzen dituzte, beste batzuek baserri errealagoak, baina txaletak ere eraiki dira, indibidualak zein atxikiak, eta beste era askotako eraikin ugari. Horrez gain, etxebizitza-bloke bakartuak eta auzotan multzokatuak sortu dira, hala hirietan nola landa-herrietan.