XVIII. HOZKAK ETA ZIZTADAK
Contenido de esta página
Txakurren hozkak, txakur-haginkada
Txakurren hozkek sortutako beldur nagusia errabia kutsatzearena izan da. Gaitz hori kezkatzeko motibo larria izan zen iraganean, errabia zuten animalien presentzia ohikoagoa zenean, hidrofobiaren aurkako txertorik ez zegoelako eta gaitza hartzen zutenak hil egiten zirelako ezinbestean, hori saihesteko ezer egin ezinik.
Zauriaren tratamendua
Eskuarki, eragiketa izaten zen, eta izaten da, zauria ondo garbitzea.
Apodakan (A), hozka sakona baldin bazen, odol asko atera zedin saiatzen ziren. Erremedio hori sarritan praktikatu da zauri edo ziztada sakonen kasuetan, desinfektatzeko eta infekzioa eragozteko.
Zauria desinfektatzeko likido oso beroen aplikazioari dagokionez, Ametzaga Zuian (A) uste dute funtsezkoa dela ur irakinarekin edo olio oso beroarekin garbitzea. Ondoren zeratoa aplikatzen dute. Ur oxigenatua ere erabiltzen dute desinfektatzaile moduan.
Zerainen (G), ur beroarekin garbitu eta gero, pasmo-belar hostoz eta eztiz egindako enplastua aplikatzen zuten berotan nahastuta. Herri horretan uste zuten txakurren hozkak garbitzeko onena olioa eta ardoa kantitate berdinetan zeukan nahasketa bat egin eta hura oso bero aplikatzea zela, zauria erretzeko, zaurituak erre gabe jasan zezakeen tenperaturik altuenean. Gero, olioa eta ardoa kantitate berdinetan erabiliz egindako enplastua aplikatzen zitzaion, hiru belar zehazki, Anagallis arvensis lore zurikoa eta lore gorrikoa eta Glehoma hederacea, ezko berri pixka batez gain. Dena nahastu eta lesioan aplikatzen zen. Egunero aldatu behar zen.
Arraiozen (N), olioa baratxuriarekin berotzen zen, eta ondo berotutakoan zaurian aplikatzen zen. Lekunberrin ere (N) hozka egindako gorputz-zatia baratxuriz frijitutako olioz desinfektatzen zen.
Sugeen hozkak, sugeak pikatu
Narrasti hauetako batzuen hozkak oso pozoitsutzat jo izan dira, batez ere sugegorriarena. Hala, Erroibarren (N) esaten da: “Si te pica la víbora, no vivirás una hora” (“Sugegorriak heltzen badin badizu, ez duzu ordubete iraungo”).
Bedaroan (B), sugegorri batek norbaiti hozka egin eta ihes eginez gero, biharamunean gertaeraren lekura joaten ziren, hura hiltzeko, animalia beti leku berera itzultzen zela esaten baitzen.
Karrantzan (B) uste da sugeek pikatu egiten dutela, hozka egin beharrean, eta réspere deritzonarekin egiten dutela, hau da, beren mingain bifidoarekin.
Beste animalia batzuen erasoak
Karrantzan (B), zapoa ere pozoitsutzat jotzen da, eta batzuek diote sugeen pozoiaren zati handi bat zapoengandik hartua dela, sugeen elikaduraren parte direlako. Esaten da zapo bat ukitzen baldin bada edo hura hiltzean likido pixka bat zipriztintzen baldin badu, baba edo zauri batzuk sortzen direla, sapinas deritzenak, oso mingarriak eta sendatzen zailak.
Orozkon (B) esaten zuten ez zela hurreratu behar zapoengana, bizkarraldean dauzkaten garatxo moduko batzuetatik giza larruarekin kontaktuan pikortak sortzen dituen likido bat isurtzen dutelako. Haurren artean zegoen sinesmenak zioen, gogaitaraziz gero, zapoek txiza egiten zutela begietara apuntatuz, eta itsu utz zezaketela. Horregatik, haiei harrika egitean nahiko urruti egon behar zen.
Astigarragan (G), belarra bildu aurretik haurrei gaztigatzen zitzaien muskerrak, zeina maiz landan egoten zen belarretan, pertsonen samara jauzi egiten zuela eta ez zela handik askatzen zazpi elizetako kanpaiek jo artean.
Bermeon (B), pozoitsutzat jotzen diren hezurrak dauzkaten bost arrain espezie ezagutzen dira. Honako hauek dira: kabrarroka (Scorpaena scrofa); xabiroi zuria (Trachinus draco); ikaraioa, torpedo arraina (Torpedo marmorata); kabra gorria (Helicolenus dactylopterus) eta pataria deritzona. Animalia horiek ontzira tiratzean hezurretako bat haragian iltzatzen baldin bazen, batez ere kabrarrokarena, min handia ematen zuen. Min horien aurka, amoniakoa erabiltzen hasi aurretik, makila batekin jotzen zen atzamarra edo hezurra sartutako gorputz-zatia, ahalik eta odol gehien ateratzeko, eta harekin batera pozoia eta are hezurra bera ere. Mina baretzeko, itsasoko ura edanez osatzen zen tratamendua. Itsas zabalean edozein motatako hezurra iltzatzen zitzaienean, pozoitsua izan zein ez, odola isurarazten zuten zauritik, eta, batzuetan, zauritutako gorputz-adarra lixibarekin nahastutako uretan sartzen zuten.
Intsektuen ziztadak. Eztena sartu
Erleak eta liztorrak
Ziztada gehien egindako intsektuak erlea eta liztorra izan dira (Liginaga-Z). Erleak larruan iltzatuta uzten du eztena, eta ohiko praktika izan da lehenik hura erauztea, mina eta hantura tratatzeko erremedioak aplikatu aurretik.
Erremedio ohikoa izan da erlearen ziztada jaso den gorputz-zatia hiru motatako belarrekin igurztea.
Baratxuria, hain erabilia erremedio herrikoietan, erleen ziztadetan ere aplikatu izan da. Elosuan (G) baratxuri buru batekin igurzten zuten mina arintzeko. Abadiñon, Zornotzan, Gautegiz Arteagan (B); Arrasaten, Telleriarten (G); Arraiozen eta Eugin ere (N) uste zen, modu berean, eraginkorra zela baratxuriz igurztea. Beasainen (G), batzuek diote ona dela baratxuri buru bat zatikatzea eta ziztada ondo igurztea. Busturian (B) baratxuria eta ozpina aplikatzen zuten. Nabarnizen (B), tipula edo baratxuria.
Herri batzuetan, erlearen ziztada, gogaikarria izan arren, osasunerako ona ere izan daitekeelako ustea jaso da, zehazki prozesu erreumatikoak nozitzen dituzten pertsonentzat.
Eltxoak, ezparak, zorriak eta arkakusoak
Apodakan (A) gogoan daukate udan eltxoek ziztatzen dutela, gauez batez ere. Pertsona batzuei baba handiak sortzen dizkiete eta batzuek sarriago jasotzen dituzte ziztadak, eta uste da odol gozoa edo larru mehea dutelako dela. Durangon (B), modu berean, uste da odol gozoa dutela.
Moredan (A), eltxoen ziztadak eragozteko tabakoaren kearekin uxatzen dira. Horrez gain, esaten da gorputza ozpinezko lozio batekin igurtziz gero ziztadak eragozten direla. Ziztada jasoa izanez gero, ezkaizko eta erromerozko lurrunak hartzen dituzte. Nabarnizen (B) uste dute ona dela ziztatutako gorputz-zatian baratxuriz edo limoiz igurtzaldiak egitea. Bedaroan (B) ozpinez edo patata zatikatu batez igurzten zuten.