I. JAIOTZA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 11:34 28 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones) (Texto reemplazado: «{{#bookTitle:Euskal Herriko Ohikuneak Jaiotzatik Ezkontzara|Ritos_del_nacimiento_al_matrimonio_en_vasconia/eu}}» por «{{#bookTitle:Euskal Herriko Ohikuneak Jaiotzatik Ezkontzara|Ritos_del_nacimiento_al_matrimonio_en_vasconia/eu}}»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Umeen jatorria, umeen sinesmenaren arabera

Orain dela gutxi arte, gurasoek bertsio bat baino gehiago eskaintzen zieten seme-alabek beren jatorriari buruz egindako galderei. Bertsio horiek aldatu egiten ziren herri batetik bestera, eta baita, herri baten barruan, familia batetik bestera ere. Ezaugarri komun bat zuten denek: umeek ugalketari buruz zuten jakin-mina desbideratzea bilatzen zuten. Zikoinak edo pertsona batek ekarri zuela azaltzen zitzaion umeari: emaginak, sortzainak, praktikanteak, medikuak edo aitak berak; baita gurasoek erosi egin zutela ere, edo aitak aurkitu zuela esaten zen lekuren batean.

Zikoina. Paris

Umeen sinesmenik zabalduena izan da umeak Paristik zetozela eta zikoina batek ekartzen zituela handik.

Eskuarki, mokotik zintzilik ekartzen zuen zikoinak umea (Ametzaga Zuia-A), zapi batean edo korapiloa egindako trapu batean bilduta (Artziniega, Moreda-A), edo kutxatxo batean sartuta (Busturia-B), saski batean (Artziniega-A) edo zumezko otarretxo batean (Moreda-A), hori ere mokotik zintzilikatua.

Emaginak edo medikuak ekarriak

Zikoinaren sinesmena baino antzinakoagoa da, antza denez, umeak emaginak ekartzen zituela zioena. Bi tradizioak jaso ziren herrietan, azken hori denboran lehenagokoa izan da bestea baino. Emaginari ume-ekarle gisa egotzi zaion papera erditzeak artatzeko ardura izaten zuten gainerakoei ere egotzi izan zaie: sortzainari, praktikanteari eta medikuari.

Erditzea

Etxeko jaiotzatik erietxekora

Antzina, erditzea haurdun zegoen emakumea bizi zen etxean gertatzen zen, eta erditzean familiako kideen, auzotarren edo espezializatutako pertsonen laguntza bere ohean jasotzen zuen. Berrogeita hamar eta hirurogeiko hamarkaden inguruan, aldaketa nabarmen bat gertatzen hasi zen; haurdun zeuden emakumeak gune urbanoetara jotzen hasi ziren, han klinika espezializatuak edo bestelako osasun-zentroak zeudelako, arreta hobea eskaintzen ziotenak.

Erditze-lanetako laguntzaileak

Mende honetan, aldaketa handia gertatu da erditzen laguntzen zuten pertsonei dagokienez. Emagin tradizionalak bere ezagutza enpirikoen arabera jokatzen zuen, eta haren lekua erditze-lanetan laguntzeko zereginetan espezializazio handiagoa duen jende ikasiak hartu du pixkanaka. Aldaketa horren ondorioz, emakumeek ia esklusibotzat zeukaten esperientzia baten gaineko kontrola galdu dute, kasu askotan gizonek zuzendutako profesionalen mesedetan.

Erdiberriaren zainketak

Erditzea amaitutakoan, emaginak amaberria ur epelarekin garbitzen zuen (Ezkio-G; Moreda-A). Horretarako, Elon (N), izara puskak erabiltzen zituzten xukadera moduan. Garbitzeaz gain, bere arropa eta ohearena aldatzen zioten (Bidegoian, Zerain-G). Berastegin (G), hori zela-eta, izararik eta ohe-estalkirik onenak jartzen zituzten.

Jaiotzaren berri ematea

Umea jaio ondoren etxekoei berria ematen zien pertsona erditzea artatzen zuen bera izaten zen, tradizionalki emagina (Artziniega, Moreda, Gaubea-A) edo haren laguntzailea (Ametzaga Zuia, Artziniega, Ganboa, Gaubea-A).

Jaioberriaren zainketa

Lehen zainketak

Umea jaiotzean, lehen egitekoa hura buruz behera jartzea izaten zen, negarrez hasi arte, eta bestela kolpe txikiak ematea ipurmasailetan negar egiten eta arnasa hartzen hasteko.

Umeak troxatzea

Antzinako garaietan oso ohikoa izan zen umeen sabela gerriko zurrunekin troxatzea. Praktika horri prebentziorako ahalmena egozten zitzaion, eta hainbat arazo zuzentzeko baliagarritzat jotzen zen, hernia adibidez.

Aurreko atal batean ikusi den moduan, gerrikoak zilborra babesteko eta haren gainean, orbaindu eta sendatzen zen bitartean, ezarritako oihalei eusteko ere erabiltzen ziren bizitzako lehen egunetan.

Edoskitzaroa

Herri batzuetan jaso denez, lehen orduetan, eta are denbora gehiagoz, umeari ez zitzaion ura, ur azukretua edo ezti pixka bat baino ematen, ezpainak igurtzi eta zurrupatze-erreflexua estimulatzeko.

Bularra ematea

Iragandako garaietan, amaren esnea izan zen jaioberriaren elikagai bakarra garapenaren fase nahiko aurreratuetara iritsi arte.

Inudea edo hazama

Amak ezin zionean bere umeari bularra eman, ez zuelako esnerik, gaixo zegoelako edo hil egin zelako, ume bat hazteko garaian zegoen eta bi umerentzako aski esne zuen konfiantzazko emakume batengana jotzen zen, edo, bestela, ume jaioberria galdu zuen batengana. Horri Zangozan (N) “dar media leche” esaten zitzaion (“esne erdia eman”).

Bular-emailearen arriskuak. “Coger pelo”

Edoskitzaroan, amak kontu handiz zaintzen zuen bularrak ez hoztea. Garden (N), gaitz horri “coger pelo” deitzen zitzaion (“ilea hartu”). Ametzaga Zuian (A), bereziki nabarmentzen ziren amak denbora-tarte horretan zaindu beharra zuela. Batez ere hoztea saihestu behar zuen, bestela bularra “gogor jartzen” baitzen, eta umeak ezin izaten zuen edoski.

Edoskitzaroaren luzapena

Antzina, edoskitzaroak bi edo hiru urtera arte iraun zezakeen; herri batzuetan, zenbait kasutan are gehiago luzatu zela gogoratzen dute.

Dena den, asko jota, ama berriro haurdun geratu arte luzatzen zen, eta orduan eten, uste baitzen haurdun zegoen emakume baten esnea ez zela ona.

Elikadura normalaren hasiera

Antzinako garaietan, umea hazi ahala, bederatzi hilabete edo urtebete inguru zuenetik aurrera, edoskitzea beste elikagai batzuekin osatzen zen, hala nola artirinezko ahi txigortua esnearekin eta azukrearekin, ahia deitua euskaraz hitz egiten zen eremuetan; baratxuri-zopa, baratxuri-zopea Gipuzkoan; irin txigortuzko zopa, "sopitas del Niño Jesús" ("Jesus Haurraren zopatxoak") deitua Zangozan (N); babarrun salda, patata purea, berdurak, arrautza erre-arinak, eta abar. Arrain eta okela oso zatikatua ematen zitzaien mastekatzen hasten zirenean.

Bataiatu gabeko umeen ehorzketa

Mende honen hasierara arte, herri askotan, hilda jaiotako umeak eta bataiatu aurretik hildakoak etxearen atzealdeko teilatu-hegalaren azpian edo haren ondoko lursail batean ehorzten ziren.

Etxeko teilatu-hegalaren azpian

Bizkaian eta Gipuzkoan, ehorzketa etxe inguruan egiten zen, hormaren eta itogin-lerroaren artean[1]. Praktika hori gogoratua da oraindik ere inkesta egindako herri batzuetan.

Hilerriko linboan

Bataiorik gabe hildako umeak Linbora zihoazen, Elizak zabaldutako sinesmenaren arabera; leku horretan, informatzaile batzuek diotenez, "ez dago sufrimendurik, ez dago oinazerik eta ez dago alaitasunik".


  1. José Miguel de BARANDIARAN. Estelas funerarias del País Vasco. Donostia: 1970, 39. or.