III. ANIMALIEN IZENAK

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 08:15 25 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Animaliei eta, zehatzago, abelburuei edo azienda nagusiari, erreferentzia egiteko modurik zabalduena, euskaraz mintzo den lurraldeko zatian, abere hitza da. Hitz hori habere latinezko hitzarekin lotzen dute ikerlariek, «ogasuna» edo «ondasuna» adieran; adiera hori ageri da hitz horretatik eratorritako beste batzuetan, esanahi bertsuarekin: abelburu edo saldo bateko kide[1]. Animalia hauei deitzeko modu askok forma hori hartzen dute (abere- edo abre-), edo bestela abel- aurrizkia, hitz horretatik eratorria. Aziendaren izendapen orokorrerako gaztelaniatik gertu dauden formak ere jasotzen dira, hala nola ganadu eta animaliak.

Gure inguru kulturaleko beste hizkuntza batzuetan bezala, aberats hitzak diru asko duen jendea izendatzen du, hau da, azienda handi baten jabea. Eta hain zuzen ere «hacienda» hitzetik eratorri da[2] behiak eta ardiak izendatzeko euskarazko beste izen bat, zabalkunde handikoa: azienda. Hortik dator azienda larri izena animaliarik handienentzat eta azienda xehe txikiagoentzat[3]. Antzeko sailkapena da abere nagusi eta abere txiki bereizten dituena, azienda larriari[4] eta xeheari erreferentzia eginez hurrenez hurren.

Horrez gain, kolore baten bidez ere izenda daiteke: Abelgorri (abere gorri edo azienda gorri) behi-aziendari buruz hitz egitean erabili ohi da. Adibide paraleloak daude gaztelaniaz, hala nola vacas royas adierazpidea (Ameskoa, San Martin Unx-N). Nahiko zabalduta dago abere beltz esatea txerri-aziendari erreferentzia egiteko.

Azienda mota bakoitzean animaliak sailkatzeko modu bat irizpidetzat adina erabiltzea da. Gure inkestak jasotako lekukotasunek adierazten dute euskaraz oso erabiliak direla -eme eta -ar -atzizkiekin osatutako hitz konposatuak animalia helduak beren sexuaren arabera izendatzeko, eta -(k)ume atzizkiarekin osatutakoak, oro har, oraindik ugalkortasunaren adinera iritsi gabeko animaliak izendatzeko.

Espezie bakoitzaren barruan, hura osatzen dutenak izendatzeko moduak aldatu egiten dira, bai eremuaren arabera eta bai azienda mota bakoitzak izan duen jarduera tradizionalaren eta ustiaketaren arabera. Arreta ematen du ardi-, behi- eta txerri-aziendaren hazkuntzak zenbat hitz sortzen dituen; ahateek eta untxiek sortutako adierazpideak, aldiz, oso urriak eta arruntak dira[5].

Animalia basatiei, etxe abereei ez bezala, piztiak deitzen zaie euskaraz, batzuetan hitz hori ukuiluratutako animaliak izendatzeko ere erabiltzen bada ere, modu adierazkorrean. Alderantziz, basabere hitzak egoera basatian dagoen animalia bat ere izenda dezake. Bizkaiko leku batzuetan, etxe abereei, oro har, patariak deitzen zaie. Mota honetako animaliei kabale[6] deitzen zaie (beharbada cabale bearneseko hitzetik dator eta, horrenbestez, latinezko capitale hitzetik) Baskonia kontinentalean. Forma hori, aurrez beste kasuren batean gertatu den bezala, jabearen zorte ona adierazten duten adierazpideetan erabil daiteke.

Izenak espeziearen, adinaren eta sexuaren arabera

[7]

Espezie bakoitzeko animalien izendapenen ordena bi talde handitan banatu da: kumeak eta helduak; lehen sailean, izendapenek goranzko ordena dute printzipioz, animaliaren adinari jarraituz, eta bietan lehenik euskarazko hitza jarri da, eta, ondoren, gaztelaniazkoa. Hala ere, kasu batzuetan desberdintasunak ez dira oso argiak, eta bi hizkuntzetako hitzak daude elkarrekin nahastuta oso antzekoak direlako, baita kumeen eta helduen izenak atal berean ere.

Esan beharra dago herri bat baino gehiagotan jasotako hitz berdinek eduki desberdinak dituztela, eta adin desberdinetako animaliei aplikatzen zaizkiela, hau da, erabilitako izenek ez dutela esanahi unibokoa. Jakinarazten da, baita ere, animaliei emandako izenak, batez ere heldu baino lehenagokoak, ez daudela adin zehatz bati lotuta, eta dagokien adin-tarteak aldaketa handiak izan ditzakeela.


  1. Manuel AGUD; Antonio TOVAR. «Materiales para un diccionario etimológico de la lengua vasca (I)» in Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo», XXII-1 (1988) 282-283. or.
  2. Manuel AGUD; Antonio TOVAR. «Materiales para un diccionario etimológico de la lengua vasca (V)» in Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo», XXIII-2 (1989) 516-517. or.
  3. Julio CARO BAROJA. Etnografía histórica de Navarra. I. liburukia. Iruñea: 1971, 270. or.
  4. Azienda nagusi honi mundu tradizionalean zioten begirunea irismen historiko eta semantiko handiko fenomeno linguistikoak eragiten dituela dirudi, Julio Caro Barojak dioenez: «Un rastro muy caracterizado del vascuence de Salazar y del Roncal era el de emplear la palabra gende = gente, para aludir a distinta clase de animales. Así, abregende es el ganado caballar en conjunto; ilagende, el ovino; bilagende, el cabrío; cherrigende, el porcino. Es este un empleo parecido al que hacía ya Virgilio al hablar de caballos y empleando la voz latina gens para expresar la idea de raza en general» («Zaraitzuko eta Erronkariko euskararen bereizgarria da gende hitza erabiltzea animalia desberdinak aipatzeko. Hala, ‘abregende’ zaldi-azienda da; ‘ilagende’, azienda zuria; ‘bilagende’, ahuntz-azienda; ‘cherrigende’, azienda beltza. Virgiliok ere antzeko zerbait egiten zuen, hau da, zaldiei buruz hitz egitean, latinezko gens erabiltzen zuen, erraza adierazteko»). Julio CARO BAROJA. Etnografía histórica de Navarra. I. liburukia. Iruñea: 1971, 270. or.
  5. Etxearen edo komunitatearen beste ezaugarri batzuekin batera, hala nola, etxea bera, lurrak, mendi-basoak, soroak, ogia, ardoa... azienda zuria eta abelgorria dira hain zuzen, txakurra, astoa eta katuarekin batera ezaugarri aipatuenak herriko euskal hizkeren bildumen buruzko ikerketetan. Vide Patxi JUARISTI. Ondasunekiko harremanak Justo Mokoroaren Repertorio de locuciones del habla popular vasca esaera bilduman. Leioa: 1995, 122. or. Doktorego-tesi argitaratugabea.
  6. Manuel AGUD; Antonio TOVAR. «Materiales para un diccionario etimológico de la lengua vasca (VI)» in Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo», XXVII-2 (1993) 647. or.
  7. Ondoren jakinaraziko ditugun hitzak, gure landa-galdeketen bidez, Euskal Herriko lurralde guztietan jasotakoak dira, adina eta sexuaren arabera azienda mota desberdinak izendatzeko. Honako hau ez da gai honi buruzko dokumentazioan erabilera desberdinak erakusten dituen zerrenda zehatza. Inkesta etnografikoan esplizituki egin zaien galderari erantzun dien berriemaileek emandako formak baino besterik ez ditugu aipatuko, edota atlas honetarako oinarrizkotzat hartu ditugun material etnografikoetatik erreskatatutako adierazpenak. Izenak erlazio lexikoa duten familietan elkartzen ahalegindu gara; edo hitzaren informazioak entitate nahikorik ez zuenean, adinaren araberako taldeetan. Horiekin batera, osagabeko informazioa besterik jaso ez den abere-taldeen berri ere ematen da azkeneko atalean.