IX. EZKONGAI-ALDIA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 11:33 28 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones) (Texto reemplazado: «{{#bookTitle:Euskal Herriko Ohikuneak Jaiotzatik Ezkontzara|Ritos_del_nacimiento_al_matrimonio_en_vasconia/eu}}» por «{{#bookTitle:Euskal Herriko Ohikuneak Jaiotzatik Ezkontzara|Ritos_del_nacimiento_al_matrimonio_en_vasconia/eu}}»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Amodiozko aitorpen formulak. Babarrunak jan

Mutil gazteak neska gazteari amodiozko aitorpena egiteko erabili duen modurik zabalduena hitza izan da, batzuetan formula esplizituen bidez eta beste batzuetan, aldiz, adierazpen zeharkakoagoak erabiliz, hala nola aditzera ematea neskari gustura jango lukeela hark prestatutako jakiren bat. Ez da baztertu gutun edo posta txartel bidezko idatzizko aitorpena ere.

Horrez gain, keinu bidezko formulak ere erabili izan dira, edo opariak edo jantziak ematea aitorpen gisa, horien onarpenak harremanen hasiera zekarrela.

Ezkongai harremanaren formalizazioa. Ezkongaiak

Ezkongai harremanaren balioa eta haren haustura

Ezkongai harremanari, eta horrenbestez haren hausturari, ematen zaion balioa aldatu egin da mendean zehar. Iraganean, ezkongai harremanak gutxiagotan eteten ziren, eta eteteak arazo ugari sorrarazten zituen.

Bikote bateko kideek denbora tarte luze samar baten ondoren harremana hausten zutenean, euskaraz mintzatzen den gune batzuetan, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako batzuetan, laidotuta sentitzen zen pertsonak bertsoak enkargatzen zizkion bertsolari bati, gertatutakoa kontatzeko eta hausturaren motiboaren berri emateko. Kopla horiei ezkontza galdutakoak zeritzen, eta argitaratzen ziren orrian inprimategiaren izena agertzen zen baina ez bertsoen egilearena. Bertsolariak diru mordoxka bat jasotzen zuen bere lanaren truke eta orriak nahiko garesti saltzen ziren. Haustura gertatu zen herriko biztanleek eta aldameneko herrietakoek morboak bultzatuta erosten zituzten orriak; urrutiko herrietakoek, protagonistak ezagutzen ez zituztenez, grazia eta nolabaiteko kalitate literarioa erakusten zutenean baino ez zituzten erosten bertsoak. Horrela, laido handiena jaso zuela uste zuen parteari ordaina jaso zuela iruditzen zitzaion. Baina batzuetan bertsoetan aipatutako pertsonak erantzun egiten zion, bere arrazoiak azaltzen zituzten bertsoak aterata.[1]

Ezkongaien hitzorduak

Gaur egun bikoteetako kideek maiz samar ikusten dute elkar, baina antzina ez zen hori hala izaten, eskuarki igande arratsaldeetan baino ez zuten ikusten elkar, dantzaldia baliatuz. Elkartzeko lekurik ohikoenak elkarrekin topo egiteko baliatutako berberak izaten ziren.

Ezkongaien eta haien lagun ezkongabeen arteko harremanak

Bi gazteren arteko ezkongai harremana hasi eta gero, haietako bakoitzak bere kuadrillarekin izandako harremana askotarikoa izan da; batzuetan, bikotea osatu aurretik zutenaren antzeko harremana izaten jarraitu dute eta beste batzuetan urrundu egin dira. Antza denez, ohitura horiek ez dute jarraitzen herriaren araberako eredu bat, gorabehera pertsonalekin daude lotuta. Hala ere, bereiz daitezke ezaugarri orokor batzuk. Ohikoa zen ezkongai harremanaren hasieran gainerako ezkongabeekin harremana izaten jarraitzea, eta herri batzuetan ezkondu arte ia-ia.

Hala iraganean nola gaur egun ohikoa izan da kuadrillako lagunekiko harremana, hasieran beti bezalakoa, urruntzen joatea ezkongai harremana indartu ahala. Lagunekiko kontaktuari eutsi arren, "bakarrik irten" esaldiak, oso zabaldua, ezkongai harremana sendotu egin dela adierazi izan du.

Ezkongai harremanaren esparrua

Senar-emazte odolkideak

Inkesta egindako herri gehienetan ez da egiaztatu senar-emazte odolkideak ugariak zirenik; hala ere, ugariagoak izan ziren antzina gaur egun baino.

Jokabide hori herriak isolatuago egotearen eta biztanleen mugikortasuna murritzagoa izatearen ondorio da, besteak beste. Interes ekonomikoak ere nagusitu ziren batzuetan.

Senar-emazte odolkideen arteko ahaidetasun motarik ohikoena lehengusu-lehengusinen artekoa eta osaba eta ilobaren artekoa izan da.

Informatzaileek ahaideen arteko ezkontzak saihesteko emandako arrazoi nagusia izan da seme-alabak tara genetiko batez jaiotzeko beldurra.

Tokian tokiko endogamia

Iraganean endogamia oso zabalduta egoteko arrazoi gehienak odolkideen arteko ezkontzak egoteko izan ziren arrazoien antzekoak dira. Arrazoi nagusia da gazteek oso espazio geografiko txikian egiten zituztela harremanak, haien mugikortasuna oso murritza zelako. Lokomoziorako bitartekorik ez zutenez, oinez joaten ziren norberaren herriko zein inguruko herrietako dantzaldi eta erromerietara, eta horrenbestez ez ziren bizi ziren lekutik asko urruntzen. Ondorioz, normalena izaten zen ezkontzak herri bereko edo, bestela, bata bestetik gertu zeuden bi herritako gazteen artekoak izatea.

Kanpoko senargaiaren zerga

Landa eremuko herri batzuetan eta tamaina ertaineko herri batzuetan egiaztatuta dago herriko mutilek jazarri egiten zituztela kanpotik etorrita herriko neskekin ezkongai harremanak hasten zituzten mutilak.

Kanpoko mutila egoera kritikoan zegoen herriko mutil batek haren andregaiarekin harremana hasi nahi baldin bazuen. Kanpoko senargaia jipoitzeko prozedurarik zabalduena zen hari harrika ematea.


  1. Bertso horietako asko bilduta eta argitaratuta daude. Horrela, Auspoa bilduman, Antonio Zavalak zuzendua, kontsultatu daiteke: Ezkontza galdutako bertsoak. Donostia, 1962. Bertsolari ospetsu batzuen bildumetan ere jasota daude era honetako lanak.