XVII. ESKAINTZAK ETA ESKARIAK HILOBIAN. ARGIAK, OLATAK, HIL-OTOITZAK

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 09:42 12 nov 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Elizako hilobi sinbolikoaren gainean, etxekoandrea buru duten belaunaulkietan edo aulkietan, eskaintzak gainean hartzeko oihala jartzen da. Horrela, hilobiek etxeko hileta-aldareak dirudite, ezaugarritzat argien, ogien eta errespontsuen eskaintzak egiteko eginak izatea dutenak; eta iraganean animalienak, okelenak eta bestelako janarienak.

Elizkizunetan etxeko hilobi bakoitzean egindako jarduera, bereziki hilaren etxean hileten egunean eta lutoaren garaian, aldare nagusian meza-emaileak zuzenduta egiten den zeremoniaren mende dago. Mezak irauten duen bitartean argi geratzen da bi «aldareetan», nagusian eta etxekoan, gertatzen direnen artean dagoen mendekotasun harremana. Eskaintzei dagokienez, mezako eskaintzan geratzen da argi, eskaintzaileak aldareko harmailetara hurreratzen direnean apaizari eskaintzak emateko haren estolaren edo manipuluaren barrenari musu eman eta gero. Etxeko hilobian, familia bakoitzeko ordezkariek argiak pizten dizkiete beren arbasoei, errespontsuak ateratzen dituzte haien arimen alde eta are tumulua ere izan zen hura batzuetan, gorpurik gabe egindako hiletetan.

Argi eskaintza. Argi egitea

Euskal herritarren artean sakon sustraitutako ohitura izan zen, indarrean hirurogeiko hamarkadara arte —Vatikanoko II. Kontzilioarekin abiatutako erreforma liturgikoa—, hilei egindako argi eskaintza. Hileta elizkizunak ospatu bitartean, beste garai batean, kiribildutako kandela eta kandelatxo ugari egoten zen piztuta etxeak parrokiako elizan zeukan hilobian, eta han luzaz jarraitzen zuten hileta elizkizunen ondoren.

Printzipioz, tradizioa izan da etxeko hilobiko argiei piztuta iraunaraztea, parrokiako meza nagusia egiten den bitartean urtean zehar zehaztu gabeko denbora batez, baina arreta berezia eskaintzen zitzaien denbora gutxi zela hildakoak zeuzkaten etxeetako hilobiei. Piztuta iraunarazten ziren hilen oroimenezko meza edo elizkizunetan eta jai liturgiko garrantzitsuenetan.

Etxeko hilobiak tenpluan egokitzen zitzaion lekua hartu ohi bazuen ere, hileta elizkizunetan, batzuetan, hilaren etxeko hilobia nabarmentzeko, hura hilkutxaren atzean jartzen zen, eta, hartan, hilaren etxeko emakumeak kokatzen ziren.

Hilobiaren argi eskaintzarako aktibazioak garrantzi berezia hartzen zuen heriotza bat gertatzen zenean. Hilaren etxeko hilobiak eta haren aldamenekoek argiak eskaintzen zituzten hileta elizkizunak iraun bitartean, ondra-mezetan, bederatziurrenetan eta urteburuko mezetan. Eskaintza horietako batzuk eskaintzaileak eta beste emakume batzuek hileta segizioan eramandakoak ziren, tenpluan elizkizuna hasi baino lehen egindako beste eskaintza batzuk gehituta.

Hileta elizkizunak iraun bitartean, honako erritual hau egiten zen: eskaintzaren garaian, hilaren etxeko hilobiko emakumeetako bat, edo, bestela, haren izenean, andere serora edo emakume elizaina, aldarera hurreratzen zen, eskuan eskaintza zuela, apaizari emateko, eta haren gainean edo beste esku batean argi bat. Apaiza harengana joaten zen, presbiteriotik jaitsita, eskaintza hartzeko, estola edo manipulua emanez musu eman ziezaion, eta, horren ondoren, bakoitza bere lekura itzultzen ziren biak.

Diru eskaintzak hilobian. Errespontsuak

Hilobi gainean edo eliz atarian utzi eta, hilaren arimaren aldeko otoitz bat esan zezan, apaizari ematen zitzaion limosnari esaten zioten herritarrek errespontsua. Limosna eta otoitza eskatzen dituen ekintza horri deitzeko askotan erabili da «sacar responsos» edo «errespontsuak atera» esaldia.

Elizatorraz edo albaz eta estola beltzez jantzitako apaizak errespontsu bat errezatzen zuen: Paternoster bat esaten zuen, eta, ondoren, hilobia gurutzearen zeinuarekin ur bedeinkatuz ihinztatzen edo bedeinkatzen zuen, eskari hauek errezitatzen zituen bitartean: Requiem aeternam dona ei Domine (...). Requiescat in pace.

Errezatutako otoitz bakoitzari (errespontsua) sari txiki bat zegokion, halako moldez non errezoen kopurua eskainitako diruaren araberakoa zen. Diruzko eskaintza horiek antzina hilobian helburu berarekin uzten ziren ogiak ordezkatu zituzten, denborak aurrera egin ahala.