XI. BAZKALEKU KOMUNALAK

Esta página es una versión traducida de la página PASTOS COMUNALES. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Dirudienez, zoruaren erregimena komunala izan da denbora askoan; gutxienez mendiko eta bizigunerik gabeko eremuetako bazkalekuena. Eskuarki lur behereak eta biziguneetatik gertukoak izan ziren lantzen lehenak eta, horrenbestez, jabetza partikularreko erregimenera iragaten ere aurrenekoak, komunitateak gainerako zoruaz askatasun osoz baliatzen jarraitzen zuen bitartean. Lurra laborantzarako luberritzea zelaiak eta bazkalekuak bereganatuz egin zen; bazkaleku berriak baso naturalari lekua kenduz lortu ziren.

Contenido de esta página

Ezaugarriak eta bilakaera

Lur komunalen ezaugarria zen ez zirela inorenak ere, komunak baizik. Euskaraz bada egoera hori ondo adierazten duen esaldi bat: «inorena ez den basoa»; hau da, inoren jabetza ez den mendia edo, beste hitz batzuekin esanda, guztiena den mendia.

«Inorenak ez diren» lur horietaz elkarteak, ermandadeak edo partzuergoak arduratzen ziren, hau da, beren bazkalekuak usufruktuan erabiltzen zituzten artzainen eta abeltzainen interesak ordezkatzen zituzten erakundeek. XIX. mendean (1841), foru lurraldeetan Udalen Lege Orokorra aplikatu zenean, udalek hartu zuten erreleboa beren eskumenean zeuden komunalen ardura beren gain hartuz. Hortik pasatu zen, oro har, komunalak, herribasoak[1], udalen jabetza moduan hartzera.

Komunala edo komuna udalerri bakar baten jabetza izan daiteke; kasu horretan, haren erabilera (kasu bakoitzean ezar daitezkeen klausulak kontuan hartuta ere) udalerriko bizilagunei dagokie. Komunala bi udalerriren edo gehiagoren barruko lurretan egon daiteke, eta, horren ondorioz, udalerri bat baino gehiagotako bizilagunek erabiliko dute artzainen erakunde batek araututako kudeaketa baten arabera (Partzuergoa, Elkartea). Hirugarren kasua da udalerri jakin batekoa izan gabe (Bardeen kasua da) udalerri bat baino gehiagotako bizilagunek erabiltzen dituztenena, antzinako tradizio batengatik edo akordioen bidez[2].

Bazkaleku komunalak aipatzen direnean ez dira belarra duten bazkalekuak soilik hartu behar aintzakotzat; bada beste erabilera mota bat (ezkurrena eta gaztainena, adibidez), azienda askatasunez sar daitekeen lurretan.

Komunalen murrizketa eta galera

Lur ireki edo komunek azalera galdu dute eta, kasu askotan, erabilera irekiko erregimena ere bai. Horretan eragin handia izan dute landa eremuan izandako jendegabetzeek eta XX. mendearen bigarren erdialdean bizitzeko moldeetan izandako aldaketek. Hala ere, lur komunalen murrizketa lehenago hasi zen. Baskonia penintsularrean lur komunalek beherakada handia izan zuten XIX. mendean; Desamortizazioaren Legeek antzinako komunalen pribatizazioa derrigortu zuten kasu batzuetan: horren ondorioz, haien erabilera arautzen zuten erakunde komunitarioak desagertu ziren; adibidez, Araban, Izki Goiko eta Izki Beheko Komunitateak eta Aiaraldeko Ermandadea, Gorobel mendilerroko bazkalekuez arduratzen zena.

XIX. mendean, udalek, Baskonian izandako gerretan tropak mantendu beharraren ondorioz, bereganatutako zorrek ere bultzatu zuten pribatizazioa. Udal askok lur komunaleko zatiak diruz ordaindu ahal zieten partikularrei saldu zizkieten; zor haiek kitatzeko modua izan zen.

Bizkaiko barnealdeko udalerri askotan oraindik ere irauten dute ohiturazko erakunde batzuek; auzoetakoak dira eta kofradiak deritze. Horien antolakuntza eta sendotasuna usufruktuan erabiltzen zituzten lursailen araberakoa izan da; ohiturazko erakunde gisa iraun zuten XIX. mendea ondo aurreratuta egon arte. Mende horren bigarren erdian hasi zen batez ere ondare komunalaren pribatizazioa, eta horrek eragin zuen erakunde horien gainbehera.

Gipuzkoan komunalen desagerpena egiaztatu da (inkesta egindako herriei dagokienez) Astigarragan, Berastegin, Elgoibarren eta Getarian. Beste leku batzuetan, hala nola Beasainen, Oñatin eta Hondarribian, komunalaren figurak irauten du beste garai batzuetan izan zenaren testigantza gisa.

Baskonia kontinentalean, aginte publikoek komunalen zatiketak eta salmentak bultzatu zituzten XVIII. mendearen bigarren erdian; luberritzeak zerga orotatik libre ere izan ziren denbora batez. Prozesu horren ondorioz, udako gune altuetaraino atzeratu ziren bazkaleku irekiak. Baina ez zen benetan komunalen salmenta askorik izan. Frantziako Iraultzaren garaian Antzinako Erregimeneko erakundeak ezeztatu ziren eta horien artean pays izena ematen zaien lurralde erakundeak zeuden (adibidez, Pays de Soule, Pays de Cize), lur komunalen jabe zirenak; ondorioz, horiek udalen jabetza bihurtu ziren.


  1. Udalaren jabetza hori dela eta, lapurreta iritzita, Gorbeako (B) artzain zahar batek, Patxi Etxebarria «Patxi Azkarra» izenekoak (+1981), hau esaten zuen, ironiaz: «orreik ez dira erribasoak lapurbasoak baiño».
  2. Alfredo FLORISTÁN. «Los comunes en Navarra» in Actes du Quatrième Congrés International d’Études Pyrénéennes (Paue-Lourdes, 1962). IV. liburukia. Toulouse, 1964, 74-86. or.