X. ETXEKO JANARIEN PRESTAKETA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 11:39 24 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones) (Texto reemplazado: «{{#bookTitle:Etxeko Elikadura Euskal Herrian|Alimentacion_domestica_en_vasconia/eu}}» por «{{#bookTitle:Etxeko Elikadura Euskal Herrian | Alimentacion_domestica_en_vasconia/eu}}»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Sua

Sua etxeari bizia ematen dion elementu gisa jasota dago XVI. mendearen amaieran jasotako esaera hartan: Subako etxea, gorputz odol bagea (Surik gabeko etxea, gorputz odolik gabea).

Sua etxeko bizimoduaren ardatza izan da gure egunak arte, eta elementurik garrantzitsuena elikagaiak prestatzeko. Etxeko su horrek, ordea, elikagaiak prestatzeko eta eraldatzeko moduan ere eragina izan duen bilakaera bat izan du.

Etxeko sua, sutondoa, supazterra, euskal etxe tradizionalean sarreratik gertu dagoen gela batean kokatzen da. Sarrerako aretotik edo atariko ezkaratz estalitik sartzen da eskuarki hartara. Gaur egun, etxe ia guztietan etxeko gela bat gehiago da, baina ez da zaila gela zentrala zeneko garaia gogoratzea. Hori ikus daiteke oraindik ere jatorrizko egituran aldaketarik izan ez duten baserrietan. Badira sutondo zentralak dituzten etxeak Euskal Herri kontinentaleko eskualde batzuetan ere. Kasu horietan, antzinakoenak, antza denez, sutondoa gela nagusiaren erdian kokatzen da eta keak libre ihes egiten du teilatutik, espazio hori beti irekia dagoen alboko leiho altu batek arintzen duela.

Gehiagotan aurkitzen dugu beheko su hori etxeko horma nagusietako bati atxikita. Kasu horietan, kea kanpai baten bidez kanalizatzen da, hori ere hormari atxikia, teilatuaren kanpoalderaino luzatzen den ihesbide edo tximinia batera bideratuta.

Mende honetako lehen hamarkadetara arte, landa eremuetan eta are hiri-guneetan ere, janariak su edo beheko su horren gainean edo ondoan prestatzen ziren: besu (Zeanuri-B), supazter (Iholdi-NB), behekosu (Ezkio-G) edo fuego de suelo (Arraioz-N).

Janariak prestatzeko beheko su horren elementu garrantzitsu bat laratza zen: llar, lahatz (Izpura-NB), laratzu (Zeanuri-B), elatz (Elosua­Bergara-G), labatz (Ezkurra-N): tximiniaren barrutik jaisten den kate luze bat da, trabeskako barra batetik zintzilik, kako batean amaitua. Laratzak suarekiko duen altura katearen begietan makoak sartuz doitzen da; makoak aingura baten moduan ditu pieza horrek goialdean. Laratzean pertzak zintzilikatzen dira, galdailla, maskillu (Zeanuri-B), hertz haundia (Izpura-NB).

Beheko su zentrala zen kasuetan, tximiniarik gabekoa, laratza sabaiko habe batetik edo beheko suaren ondoan kokatutako zutoin bertikal eta birakari baten besotik zintzilik egoten zen. Laratz birakari hori, gelatza (Elosua-Bergara-G), hormari atxikitako beheko suetan ere egoten zen.

Beheko su horren lagungarri gisa sukaldaritzako lanetarako egur-ikatzeko sutegi txiki bat ere erabili izan da, mota askotakoa izan zitekeena. Sutegi txiki horri Bermeon (B) sutxiki deritzo. Horren erabilera oso zabalduta egon zen sukalde ekonomikoak agertu baino lehen.

Mende honetako hirugarren hamarkadatik aurrera, beheko su horren ordez sukalde ekonomikoa ezarri zen etxe gehienetan, modu herrikoian txapa edo chapa deitutakoa. Egurrez, ikatz begetalez, egur-ikatzez, edo ikatz mineralez, harri-ikatzez, elikatua; erregaia aurrezteaz gain, abantailak zeuzkan beroaren kontrolaren aldetik. Labe txiki bat edukitzen zuen. Hamarkada batzuetan, laborantzako etxe askotan bi su sistemak erabili zituzten aldi berean.

Beheko su horiek guztiak hirurogeiko hamarkadako urteetatik aurrera aldatzen hasi ziren erregai eta sistema energetiko berrien zabalkundearen ondorioz, hala nola, gasa eta argindarra.

Egurrez edo ikatzez lan egiten zuten sukaldeen ordez, gasez funtzionatzen zutenak, butanezko koziñe (Bermeo-B), edo elektrikoak ezarri ziren gero eta gehiago, baina landa eremuetan maiz sukalde mota bat baino gehiago erabili ziren aldi berean.

Azken urteotan, sistema sofistikatuagoak erabiltzen ari dira, hala nola, tenperatura automatikoki doitzen duten edo, gutxienez, barruko beroa neurtzen duten labe elektrikoak.

Sukaldaritzako kultura

Plater batzuk, batez ere artzaintza giroan, artzainek berek prestatzen badituzte ere, elikagaien etxeko prestaketa emakumearen zeregina izan da tradizionalki; eta sukaldaritzako kultura hori amengandik alabengana transmititu izan da eskuarki. Hala ere, etxeko jakituria horri, batez ere mende honen hasieratik gaur arte, beste iturburu batzuetako sukaldaritzako jakituria gehitu zaio; landa eremuko emakume gazte askok hirian neskame lana egin zuten ezkondu aurretik, emakume burgesen etxeetan, eta han beste plater batzuk prestatzen ikasi zuten. Beste jakintza iturri bat sukaldaritzako literatura oparoa izan da. Gaur egun, zenbait plater prestatzeko, euskal sukaldaritza herrikoiko hainbat errezeta barne, argitaratutako errezeta-liburu ugarietakoren bat kontsultatzen da. Beste garai batean, elikadura moduak lotuago egon ziren mota askotako bizimodu tradizionalekin. Bizimodu horietako bakoitzean —artzainena, nekazari-abeltzainena, arrantzaleena, hirikoa—, berezitasunak atzeman daitezke oraindik ere.

Landa eremuan, elikadura oinarrizkoagoa izan da, eta elikagaiak prestatzeko modua, inkestek erakusten dutenez, gutxi aldatu da mendearen hasieratik gaur arte; produktuen ugaritasuna, aldiz, handia izan da. Nabaria da, halaber, landa eremuko elikadura dagoela beste eremu batzuetako elikaduraren oinarrian, are hiri-munduko elikadurarenean ere.

Nolanahi ere, gaur egun, elikagaien merkataritzaren garapenaren, izoztutako eta prestatutako elikagaien ugaritasunaren eta hozteko aparatuen zein etxeko hozkailuen zabalkundearen ondorioz, elikadura gero eta uniformeagoa da, bizitzeko modua edozein delarik ere.