XI. EZKONTZAREN PRESTAKUNTZA. DEIUNE-ALDIA

Esta página es una versión traducida de la página PREPARATIVOS DE LA BODA. DEIUNE-ALDIA. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Kapitulu hau ezkondeien irakurketaren hasieratik ezkontzako zeremoniara arteko denbora tarteari buruzkoa da. Tarte horretan praktika batzuk izaten ziren, ezkondeien argitalpena zela-eta ikusitakoak adibidez, ezkontzaren atarikoez gain: ezkondu aurreko agurra, pontekoen hautaketa, gonbidapenen komunikazioa eta opariak ematea eta hartzea.

Contenido de esta página

Ezkontzeko bete beharreko baldintzak

Iraganean ohikoa izan zen apaizak azterketa egitea ezkontzeko asmoa zuten ezkongaiei, kristau-ikasbideari buruz zuten ezagutza neurtzeko. Proba horretarako, kristau-ikasbideari buruzko galdera batzuk egiten zizkien eta eskolan zein katekesian ikasitako otoitzik ezegunenak esanarazi. Horretarako, erretorearen etxera edo elizako sakristiara joaten ziren. Gainera, ezkontzaren zentzuari buruzko hitzaldi bat jasotzen zuten.

Bete beharreko beste baldintza garrantzitsu bat zen dispentsa jasotzea inolako eragozpenik izanez gero.

Antzinako Zuzenbide Kanonikoko Kodean (1917) bi motatakoak ziren ezkontzarako eragozpenak: deuseztatzaileak eta eragozleak; lehenek ezkontza ezerezean uzten zuten, bigarrenek legez kanpoko baina balioko bihurtzen zuten.

Ezkondeiak. deiuneak

Ezkondeien funtsa da bikote batek ezkontzeko duen asmoa publiko egitea, justifikatutako erreklamazio bat egin nahi duen edo ezteiak ospatzeko eragozpen bat ezagutzen duen orok hori jakinarazteko aukera izan dezan.

Ezkondeien argitalpena

Tradizionalki, ezkontzaren iragarpena apaizak egiten zuen, ahoz, meza nagusian, ezkontzaren aurreko hiru igandetan jarraian, edo bitan tartean jaiegun bat baldin bazegoen.

Ezkontzaren eguna erabaki eta gero, amak apaiza bisitatu ohi zuen zehazteko noiz hasiko ziren irakurtzen ezkondeiak.

Herri batzuetan ezkongaiak ez ziren elizara joaten ezkondeiak publiko egiten zirenean, auzokideen txantxak saihesteko eta lotsarik ez pasatzeko.

Denborak aurrera egin ahala, alde batera utzi zen pulpitutik ezkondeiak iragartzeko ohitura eta gaur egun idatzizko ohar bat jartzen da parrokiako iragarki-taulan edo elizaren sarreran.

Ezkondu aurreko agurra

Senargaiari dagokionez, gertakari hau taberna edo jatetxe batean gauzatzen zen, lagunekin bazkaria edo afaria partekatuz; neskek askari batekin ospatzen zuten, eskuarki andregaiaren etxean.

Ospakizuna iraganean

Gertakari hau ezkondeien iragarpenari lotuta zegoen iraganean, eta eskuarki horien arteko denbora tartean ospatzen zen; herriaren arabera, lehen, bigarren edo hirugarren ezkondeiaren egunean egiten zen. Gaur egun azken agurraren dataren aukeraketa libreagoa da.

Ezteietako pontekoak

Pontekoen izendapena

Pontekoak kasurik gehienetan anai-arrebak edo lagunak, hau da, gazteak, izateko joera antzinako kontua da. Ez zen ohikoa, artean ere, zeregin hori ezkongaien gurasoek hartzea beren gain; antza denez, gerokoagoa da ohitura hori. Kontuan hartu behar da antzina, herri batzuetan behintzat, zeremoniara ez zela jende asko joaten eta joaten zirenen multzo nagusia gazteek osatzen zutela.

Gaur egungo joera nagusia da pontekoak emaztegaiaren aita eta senargaiaren ama izatea. Pontekoa izan behar duen gurasoetako batek ezin duenean, gaixo dagoelako edo beste edozerengatik, edo hila delako, anaia edo arrebaren batek hartzen du zeregin hori.

Ezkontzako gonbidapenak

Gonbidapenen komunikazioa

Ezkontzako zeremoniara eta ondorengo banketera joango diren pertsonen aukeraketa ezkongaiek eta haien gurasoek egin dute eskuarki. Iraganean, gurasoek erabakitzen zuten nortzuk joango ziren. Ezkongaiek ere parte hartzen zuten aukeraketa horretan.

Iraganean, gonbidapenak pertsonalki egiten ziren, aurrez aurre, eta ezkongaiak, gurasoak edo gertakariaren data eta ordua komunikatzeko ardura zuten pertsonak gonbidatuak izango zirenen etxeetara joaten ziren. Denborak aurrera egin ahala, beharrezko datu guztien berri ematen duen gonbidapen txartel bat inprimatu eta postaz bidaltzeko ohitura zabaldu da, baina askotan oraindik ere ezkongaiek eskura ematen diote txartela gonbidatuei.

Azken hamarkadetan gehien zabaldu den motako gonbidapen txartelek ezkongaien eta zeremoniaren egunaren zein orduaren eta banketea egingo den lekuaren berri ematen dute. Gonbidapen hori ezkongaien gurasoen izenean egiten da, eta gonbidatuari joango den egiaztatzea eskatzen zaio, aldez aurretik jakiteko bazkaltiarren kopurua.

Ezkontzako opariak

Ezkongaien arteko opariak

Herri txikietan eta populazio sakabanatuko guneetan, ohikoa izan zen ezkontza baino egun batzuk lehenago ezkongaiak, ahaideren batekin batera, inguruko herri garrantzitsu batera joatea ezkontzarako jantziak enkargatzera eta jantzi berezi batzuk edo harribitxiak eta opariak erostera ezkontzako zeremonian dotore agertzeko. Ohitura hori zegoen neurri batetik gorako herri eta hiri batzuetan ere; horietan, posizio ekonomiko oneko pertsonak hiriburura joaten ziren zeregin horietara.

Eskuarki elkarri ematen zizkioten opariak ezkongaiek, eta oparirik ohikoenak izan dira janzkiak, harribitxiak eta apaingarri pertsonalak.

Opari horien ezaugarriak eta garrantzia aldatu egiten ziren ezkongaien familiak zuten posizio ekonomikoaren arabera.

Gonbidatuen opariak

Hala iraganean nola gaur egun, ezkontzako opariak familia-unitateak egiten ditu, eta ez unitate hori osatzen duten gonbidatuetako bakoitzak. Nolabaiteko elkarrekikotasun bat dago oparietan, batez ere gertuko ahaidetasuna dagoenean; opari onak egin zaizkie aurretik opari garrantzitsuak eginak zituzten familietako ezkongaiei. Motiboren batengatik ezteietara joaterik ez duten gonbidatuek ere egiten dituzte opariak, baina opari horiek ez dira banketera doazenean bezain onak izaten. Hala ezkongaiek jasotzen dituzten oparien kopuruak nola opari horien garrantziak aldaketa handiak izan dituzte mende honetan zehar.