XXV. AZIENDAREN BABESARI BURUZKO SINESMENAK
Obra honetan mintzagai ditugun animaliak etxekoak dira, gizonak kontrolatzen duen etxeko suaren zirkuluaren barrukoak, gizonak bere sinesmenak ezarri eta bere errituak praktikatzen dituen esparrukoak. Horregatik, giza taldeak hartzen dituen bedeinkapenak etxeko animaliengana ere zabaltzen dira. Saran (L), Kandelario egunez (otsailak 2) andrea elizan bedeinkatutako kandelekin itzultzen zenean etxera, familiako kide guztiei aplikatzen zizkien bedeinkapenak; horretarako, haien buruaren edo sorbalden gainean bedeinkatutako kandelaren tanta batzuk isurtzen zituen. Biharamunean, San Blas egunez, etxeko jaunak kandela bera hartzen zuen, eta ukuilura joaten zen hango azienda banan-banan bedeinkatzeko, behiak, zekorrak, txerriak, astoa, lepondoaren gainean argizari bedeinkatu pixka bat isuriz.
Babes-erritu hau bilakaera espiritualaren azken fasean kokatzen dute gure etnologoek; aurretik beste sinbolo batzuk izan ziren, «hala nola elorri zuria, hurritza, lizarra, ardi beltza, ahuntza, antxumea, hautsak (edo arbasoen espirituak) eta Basajaun (edo mendietako jeinua), azienda babesten duten elementutzat eta jeinutzat hartuak»[1].
Atlas Etnografiko honetarako egindako ikerketetan, egiaztatu da urtean zehar bi une berezitan praktikatzen direla etxeko animalien babeserako errituak. Batetik, San Anton Abad neguko jaia dago (urtarrilak 17), zeinari behiak, zaldiak eta txerriak babestea erregutzen zaion; eta haren ondoan San Blas (otsailak 3). Bestetik, ugariak dira hainbat sinbolo erabiliz udako solstizioan azienda babesteko praktikatzen diren errituak; solstizio horrek bat egiten du San Joan Bataiatzailearen jai handiarekin, zeina leku batzuetan artzainen eta artaldeen babesletzat daukaten; erritu horien multzoan sartu behar dira Pazko Igandean eta maiatzeko Gurutze Santuaren egunean egiten diren ereinotzaren, olibondoaren eta hurritzaren bedeinkapenak.
Contenido de esta página
San antonio abad, aziendaren zaindaria
Abeltzaintza bizimoduaren oinarri nagusitzat izan duten lekuetan finkatutako populazioek San Antonio Abad, herritarrentzat San Anton, animalien osasunaren eta ugalkortasunaren babesle nagusitzat daukate, eta haien ukuiluena eta artaldeena ere bai. Haren jai eguna, urtarrilaren 17a, garrantzi erlijioso handikoa da.
Animalientzako jai eguna
San Anton eguneko gertakaririk aipagarriena da etxeko animaliek egun horretan jai egiten zutela; ez zitzaion lanik ematen inongo aziendari; debekatuta zegoen idiak edo bestelako gurdi-abereak uztartzea, jai egin behar zutelako. Urraulgoitin (N) ez zitzaien zamariei txalma (la salma) jarri ere egiten, eta beste leku batzuetan azienda aske uzten zen, bere santu zaindariaren egun osoan askatasunez bazkatu zedin. Ondorioz, egun horretan ez zuten lan egiten errotariek ere, astoek ezin baitzituzten alez betetako zakuak errotara garraiatu. Lanzasagudas-Karrantzan (B) jaso da, gainera, egun horretan animaliek janari arrazio handiagoa jasotzen zutela. San Anton egunez, edo San Blas egunez, animaliei lanik ez emateko ohitura esplizituki jasoa dago hemen: Agurain, Apilaiz, Apodaka, Okariz, Onraita, Otazu eta Trebiñu (Araba); Arraioz-Baztan, Aristu, San Martin Ameskoa (Nafarroa), Karrantza (Bizkaia) eta Sara (Lapurdi).
Tximistatik babesteko sinboloak
Ekaitza, eta bereziki tximista, kezkatzeko motiboa da artaldea zaintzen duen artzainarentzat. Informatzaile batzuek diote ekainean izaten direla gertakaririk zoritxarrekoenak. Euria gogor egiten duenean, artaldeak zuhaitzen azpian bilatzen du babesa; zuhaitzek tximista erakartzen dute eta tximistak ezbeharrak eragiten ditu, eta galerak aziendan.
Tximistaren erorketa eragozteko, baina ez horretarako soilik, San Joan egunean goizez adaxkak eta loreak jartzen dira ukuiluen eta borden ateetan. Baina, aldizkako erritu horretaz gain, etengabe heltzen zaie sinbolo babesleei. Euskal Herriko alderdi hezean, sinbolo horien artean elorri zuria eta ereinotza dira nagusi.
Elorri zuriari etxeak eta soroak ekaitzetatik eta tximistetatik babesteko botere berezia egozten zaio. Ereinotzak Pazko Igandean bedeinkatua izan behar du. Bi sinbolo horiek tximistaren arriskuaren aurkako babesa partekatzen dute.
Sinbolo babesle horien artean aipatzen dira maiatzeko Gurutzean (hil horretako 3an) bedeinkatutako hurritz zurezko gurutzeak eta Kandelario eguneko kandelak ere (otsailak 2).
Kutunak
Zintzarriari, txilinei bezala, aziendari ezbeharrak dakarzkion madarikazioak urruntzeko bertutea egozten zaio. Begizkoaren aurka erabiltzea oso zabalduta egon zen antzina. Barandiaranek dioenez, Brontze Aroan zintzarriak erabiltzen ziren animalien kutun babesle moduan[2].
Barandiaranek iradokitzen du animaliek eraman behar dituzten txilinak bedeinkatzeko ohituraren bidez, gaur egun oraindik ere Urkiolako santutegian praktikatzen den moduan, Elizak sinestunei erakutsi nahi ziela animaliak babesteko bertutea Jainkoari zor zaiola San Antonioren bidez, eta ez txilinen indar magikoei.