Heriotz ohikuneak eta euren ibilbidea

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 15:27 3 mar 2020 de FuzzyBot (discusión | contribuciones) (Actualizando para coincidir con nueva versión de la página fuente)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Español • ‎Euskera


Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egiteko oinarri legez darabilgun galdeketa nagusiko gaiei dagokienez, ale honetan deskribatzen ditugun heriotz ohikuneak etxe-taldekoen usadio-ekanduei eskainitako atalean sartzen dira.

Horregatik bada, ez ditugu hemen aztertuko kontestu honetatik kanpo geratzen diren hil ondoko ohikuneak, ohore zibikoak edo militarrak eskatzen dituztenak edota erlijiora emanak dauden erakundeei dagozkienak esate baterako.

Era berean, bazterrean utzi ditugu oraingoz heriotza gaitzat duen arteari buruzko zenbait alderdi ere. Agerpen desberdinok, heriotzaren inguruko pentsaera ondo ezagutzeko hain interesgarri direnak, aurreragoko beste Ian baterako utzi ditugu, herri-arteak bilduko dituenerako hain zuzen.

Hemen, amaitzera doan mende honetan Euskal Herrian bizi izan diren heriotzarekiko usadio eta ohikuneak jaso ditugu. Dokumentazio historikora jo izan badugu inoiz, etnografiaren bidez ondo egiaztaturik izan ditugun zenbait gertaeraren jatorria argitzeko baino ez da izan.

Europako beste hainbat lurraldetan bezala, Euskal Herriko heriotz ohikuneak kristautasunak markatutako kulturaren barruan eman dira, eta ohikuneotako batzuek Elizak bere liturgian ezarritako arauei eta errituei atxikirik iraun dute.

Hiletari dagokion erritual katolikoa 1604an aldarrikatutako Exsequiarum ordo delakoan zehaztu zen, aldaketa handi barik hiru mende eta erdi luze indarrean egon dena, harik eta Vatikanoko II. Batzarreak (1961-1965) liturgia-berrikuntzak egin zituen arte.

Orduko erritual hura soila zen: berez liturgiazkoak ziren ospakizunak baino ez zituen arautzen. Bazter uzten ziren heriotzaren inguruko hainbat ohitura; besteak beste, hilotza garbitu eta jaztearena, hildakoaren etxeko gaubela, hil-opariak, hileta-bazkaria eta abar.

Liburu honetan azaltzen diren heriotz ohikuneak, hildakoaren etxean eta auzo inguruan elkarren jarraian gertatu ohi diren ekintza guztiak dira; ez bakarrik liturgiari dagozkionak.

Lehenaren ekarria

Egindako galdeketan orokorrean ikusi dugunez, Euskal Herriko biztanleentzat heriotza bizimodu baten amaiera eta beste baten hasiera mugatzen duen gertaera da. Beraz, heriotza igarobidetzat hartzen da, batetik besterako aldaeratzat. Horregatik bada, prekauzio bereziz inguraturik dago, zehaztasunez aztertu behar diren ekintza eta ohikuneetan mamitzen direnak.

Le Viatique, s. XV. Fuente: Musée Bonnat. Bayonne.

Gaisotasunak eraginda datorren heriotz aurreko egoerari agonia edo hiltamua deritzo. Prozesu hau berezkotzat hartzen da gehienetan. Halere, inoiz, heriotza dakarten gaisotasunen arrazoitzat hartu izan dira madarikazioak edo etsaitasun ekintza majikoak ere, Herio edo Balbea deritzon jenioa bitartelarrean jartzen dutenak.

Beste batzuetan, eta maizago, jazoera arruntak hartzen dira heriolzaren hurbiltasunaren ezaugarritzat. Sineskera hauen arabera, heriotza inguruan dela sumatu ohi dute etxeko txakurraren alarauak, edo gautxoriek, edota garrantzia handiago gabeko beste hainbat gertaerak, ezusteak, zaratak eta abar, esaterako. Gure inkestetan jaso diren heriotz iragarpenok, beste kultura eremu batzuetan azaltzen direnen antz antzekoak dira.

Hiltamuan dagoen gaisoa ardura handiz zaindu behar da. Orain dela hogetabost urtera arte gaisoa etxean bertan zaindu ohi zen, eta ospitaleetan gutxi batzuk bakarrik hiltzen ziren. Etxekoak eta auzorik hurbilenak ziren gaisoa zaintzeko ardura hartzen zutenak, eta gaisoak senideen eta adiskiderik minenen bisitia izaten zuen, usu bezala finkatua zegoen gertakaria senideen artean. Senideen eta auzokoen arteko haserreak konpontzeko lagungarri ere izaten ziren batzuetan bisita hauek.

Gaixoari eskainitako laguntza ez da eritasuna aringarri egiteko bakarrik. Heriotza ondorengo beste bizitza bat dagoelako kristau-sinesmenak apaiza gaisoarekin egotea eskatzen du, gaisoak aukera izan dezan Jainkoarekin bakeak egiteko, eta betiko bizitzara eramango duten Gure Jauna eta Oleazioa hartu, ditzan.

Galdeketetako erantzunetan argi agertu denez, orain dela urte batzuk arte Elizakoak agerian eramaten ziren elizatik gaisoaren etxeraino. Nafarroa eta Arabako hego lurraldeetan, eta hirietan, ikusgarriak izaten ziren prozesiook, hain zen handia euretan parte hartzen zuen jendetza. Ifarralderago dauden auzune saka banatuetan, ostera, etxe guztietatik joan ohi zen norbait gaisoaren etxera, eskuan kandela bat hartuta, Elizakoak zekartzan apaizari harrera egitera. Jendearen parte hartze honek, bai kasu batean bai bestean, heriotza ez zela bakoitzaren edo norbere kontua adierazten zuen; gizarteko jazoera baizik.

Gaixoa hil ondoren, difuntuaren senitartekoak dolualdian sartzen dira. Aldi berri honen ezaugarririk adierazgarriena eguneroko zeregi nak alde batera uztea izango da. Lehenengo dolualdia hildakoari lurra eman ondoko hiletabazkariaz amaituko da. Bitartean, auzorik hurbilenak edo hildakoaren etxetik gertu bizi diren senideak izango dira etxeko lanen ardura hartuko dutenak.

Heriotza dela-eta nabari azalduko dira auzokoen arteko lokarriak eta baita lokarriok eskatzen dituzten eginbehar jakinak. Egoera hauetan auzokoen arteko harremanek izan duten garrantzia aipagarria da, elkarren arteko ikusi-ezinak ere erabat gainditzen direla. Halere, inkestetan agerian ikusi dugunez, aspaldi baten gehienbat auzokoak arduratzen baziren ere, gero eta gehiago senideak beregandu dituzte hildakoaren etxeko zeregin horiek.

Heriotzaren deia berehala egiten zaie auzoko guztiei elizako hil-kanpaiak joaz. Kanpaiok hildakoaren alde otoitz egitera gomit egiten dute. Kanpaiotsak ez dira berdinak izango, hildakoa gizonezkoa, emakumezkoa edo umea izan. Hiribildu batzuetan norbaiten heriotza iragarteko ardura heriotz deitzaileak («avisadoras») hartzen zuen, edota gazte mutilek (Araban) eta «auroroek» (Nafarroan).

Hildakoaren senide direnei heriotzaren berri emateko ardura etxekoek hartuko dute. Adierazte hau modu zuzenez egin behar da eta hirugarren gradurainoko senideei jakinarazi behar zaie.

Aspaldi, lur ematearen eguna eta ordua jakinda gero, auzokoak eurak joaten ziren senideei hil-mezua ematera, euren artean erabakitzen zutela nork nora joan behar zuen.

Etxeko nagusia edo etxekoanderea hiltzean, hildakoak zaindutako etxeko abereei ere aditzera ematen zitzaien heriotza; erleei ere bai, era berezian gainera, argizari gehiago egin zezaten eskatuz, elizako sepulturan argia pizteko.

Hildakoa jantzi baino lehen garbitu egin behar da, eta garbiketa honek gogora dakarkigu bainu ritual bat: horretarako erabiliko den uretan Erramu egunean bedeinkatutako ereinotzaren hostoak irakingo dira aurretik, edo Doniane eguneko belarrak, udako solstizioan batzen zirenak. Hileta-zerbitzuak gaurko eran antolatu baino lehen, auzoko emakumeak ziren ardura hau hartzen zutenak, edo auzoan horretan lan egiten zutenak, hil-bestitzailea edo emagina, esaterako.

Hildakoa jantzirik onenekin jazten da, «etxetik irtetekoekin», «bidaiaren bat egiteko moduan», edo abitu eta adierazgarri erlijiosoekin, Jainkoaren errukia errazago lortzeko.

Horma-irudia, Alaitza-ko (A) elizako absidean, XI.-XIII. mendeak.

Aintzineko legean, hildakoak ez zuen bakarrik inoiz egon behar. Horregatik, gau eta egun zaintzen zuten etxeko eta auzokoek gaubelan, etxean eginiko hileta bat bailitz bezala. Hildakoaren etxeko ateak irekita egongo dira, eta hildakoari otoitz egiten datozenak isilik; horretara, hildakoa datzan gela, otoitz leku bihurtuko da. Han aldare txiki bat atonduko da, gurutze eta guzti, eta kandela iziotuak inguruan, larunbat santuz bedeinkatutako ura eta ereinotz-orriak dituela; azken hauek otoizlariek hildakoaren gainean astin ditzaten. Iluntzean senideak eta auzokoak bertan bilduko dira errosario luzea errezatzeko, salbamenerako kristau-misterioak gogora ekarriz.

Gauean, txandaka zainduko dute hildakoa auzokoek, beraren ondoan iziotuta dagoen lanpiona amatatu ez dadin kontu handia hartuz.

Herriko ohiturak aurretiaz erabakita zeukan auzokoen artean zeintzuek eramango zuten hilotza sorbalda gainean elizaraino. Ez etxekoek ez senideek ez zuten aintzina andari-zeregin hau hartzen, doluagatik euren leku berezia bete behar zutelako hiletadarraigoan.

Hilketariek, zerraldoa zeramatenek, bide jakin eta aldaezina egin behar zuten. Bideok lotzen zuten etxea eta eliza era benetakoz eta sinbolikoz. Ibilbide luze eta, inoiz, zail hauek baserri-herrietan andabideak, guruzbideak, hil bideak edo eleizbideak deitzen dira.

Hileta-jarraigoak prozesioan egingo du bide hori. Aurreren elizako gurutzea joango da, hildakoa elizaraino gidatuko duena. Aldez aurretik, apaiza hildakoaren etxera etorriko da, gorpuaren kargua hartzeko eta berau elizara eramateko. Horregatik, zerraldoaren aurrean joango da errituzko otoitzak eginez. Ibilbidean zehar hil-kanpaiak joaraziko dira, gorpua elizaraino heldu arte.

Hileta-jarraigoan toki agirian eramaten ziren aintzina sepulturarako opariak; serorak edo auzoko emakume nagusiak aurrogia eramaten zuen; ezkoandereak argia zeraman, honek ere emakumezkoen artean bere leku jakina zuela. Herri askotan gizonezkoen ilada bi joaten ziren zerraldoaren alde bietan, eskuan argizagi biztuak zituztela.

Hileta-jarraigoa, senideek eta auzoak hildakoarekin zituzten loturen arabera osatua zegoen. Odoleko edo erantsiak ziren senideek ondrako taldea osatzen zuten eta, senidetasunaren graduaren arabera hartzen zuten, bai emakumezko bai gizonezko, zegokien tokia. Zenbat eta senidetasuna hurkoagoa izan, dolu edo lutua hainbat eta ageriagoa zen soineko eta jantzietan, horrek hildakoarekin bakoitzak zuen lotura erakusten zuelarik.

Hileta-jarraigoan ez ziren aintzina hain ugariak senide ez ziren laguntzaileek. Hauek karitatezko taldea osatzen zuten, kristau-elkartasunaren arrazoiz zeudela aditzera emateko. Noiz edo behin hileta-jarraigoan ikur-oihalak ere eramaten zituzten, hildakoa zein eliz elkartetakoa zen adierazteko.

Kristau lege zaharrak, hildakoaren aldeko meza hilotza eliz erdian dela ematea agintzen zuen. Hileta-elizkizunean, luto-bankuak, elizako lekurik agerienak, doluan zeuden gizonezkoentzat ziren. Familiako emakumezkoak hilobi sinbolikoaren aurrean, jarlekuan, esertzen ziren, etxe bakoitzak elizan berea izaten baitzuen.

Lehengo mendean estaduaren herri-aginduek debekatu egin zuten hildakoak eliz bamira sartzea, hilotza aurrean dela hileta-elizkizuna egiteko.

Lehenagoko usadioen eta berrien arteko tira-bira horrek ekarri zuen zerraldoa elizpean uzteko ohitura, elizako ateak irekita zeudela. Inoiz, zerraldoaren ordez katafalkoa jartzen zen eliz barruan.

Elizako Erritualean zehaztutako elizkizunak berdinak ziren hildako guztientzat. Halere, hileta guztietan ez zen beti apaiz kopuru bera egoten, elizkizunetan ez zen beti argi kopuru bera piztuta egoten, kantuak ospe handi edo apalagokoak ziren, eta ondra-mezak ere gehiago edo gutxiago izaten ziren.

Era honetako ezaugarriak bereizten zituzten kategoria edo maila desberdinetako hiletak, Vatikanoko II. Batzarreak eragindako liturgia-berrikuntzetara arte indarrean iraun zutenak.

Elizkizunak ez dira bakarrik hileta-egun horretara mugatzen. Etxekoek, senideek eta auzorik hurbilenek, dolualdiak irauten zuen arteko elizkizun guztietan parte hartu behar zuten. Hauen artean aipa daitezke ondretako meza, hileta ondoko bederatziurrena, eta Nafarroan arimen aldeko hileroko eguna. Dolualdia urteurreneko mezarekin amaitzen zen, hil eta urtebetegarrenean hiletaren antzeko elizkizuna izaten zela.

XX. mende hasierako urteetara arte, Hego Euskal Herrian ohitura zen hildakoei eliz barruan lurra ematea. Etxe edo familia bakoitzak elizaren zoruan zeukan lurperatze-leku bat, hilobi bat. Gerora kanposantu edo hilerriak elizetatik aparte egin zirenean, etxeek aurrerantzean ere gorde zituzten euren hil-lekuok elizetan eta aintzineko hileta-ohikuneak gauzatzen zituzten euretan.

Hilobi sinboliko hau, defuntuentzako aldare bat bezala zen, bere argizaiola, zamau eta oihalekin apaindua, etxeko defuntuen alde otoitz egin eta opariak eskaintzeko lekua.

Sepulturako argiak iziotu eta defuntuei eskaintzak egiteko ardura etxeko andereari zegokion. Eginbehar hau ezkontzako kapitulazioetan ere jasotzen zen aintzina, eta etxeko hilobiaren arduradun nagusi izateko kargua, sepultura hartze ekitaldiaren bidez egiten zen, aldez aurretik izendaturiko igande bateko meza nagusian.

Etxeko hilobiak garrantzia berezia hartzen zuen hileta-mezan eta dolualdiko elizkizun guztietan. Hildakoaren etxekoek argiak, ogia eta diruak uzten zituzten bertan defuntuaren arimaren alde. Herriko beste etxe batzuetatik ekarritako opariak ere han jartzen ziren, etxeen arteko harremanaren adierazgarri.

Sepulturako argiei esangura mistiko bereziak ematen zizkioten, beti heriotza ondoan hildakoaren arimak bizirik irauten zuelakoari atxikiak. Behinolako ogi edo labore oparien ordez, denbora igaro ahala, diruak uzten hasi zen jendea. Apaizari ematen zizkioten, sepulturan hildakoaren aldeko otoitzak (errespontsuak) sepulturan egin zitzan, hildakoak horretara betiko salbamena erdiesteko.

Mende honen erdialdera arte, sepultura edo hilobi sinboliko hauek izan ziren Euskal Herriko alderdi askotan etxeko hildakoen alde otoitz egiteko errezu-leku bereziak.

Beharbada horregatik, hiletetan, kanposantuan egiten zen lurperatzeak garrantzia gutxiago zuen aintzina. Zerraldoari hilerrira laguntzen zion jarraigoa, senide eta auzoko gutxi batzuek osatzen zuten. Eta, hildakoari han lur ematen zitzaion bitartean, doluko emakumeak edo mindunak eliz barruan irauten zuten hilobi sinbolikoaren aurrean.

Enterrement, Livres d'heures, s. XV. Lyon. Fuente: Aries, Philippe. Images de l'homme devant la mort. Paris, Ed. du Seuil, 1983.

Hileta-elizkizunaren ondoren, jarraigoa, dolukoak behintzat, elizaraino egindako bidean gordetako ordena berean, etxeratzen ziren. Etxeko atarian zenbait erritu egiten ziren, esate baterako, karitatezko jan-edana (Araba) edo defuntuaren aldeko otoitza su baten aurrean (Baxenafarroa).

Etxean, bertako bat galdu izanagatik mina agertuz, etxekoek eta senideek bazkari bat egiten zuten elkartasunean, defuntuaren eta ‹‹aurretik etxetik joandako» guztien alde otoitz eginez. Apaizak edo lehen auzokoak zuzentzen zuen otoitza. Bazkari horretan defuntuaren alde limosna eman zuten guztiak, hau da, mezakoak izaten ziren mahaikide.

Herri bakoitzeko ohiturak aginduko duen epe baten, etxekoek mugatuta izango dituzte euren gizarte-harremanak. Hildakoaren aldeko elizkizun guztietan egon beharko dute bitarte horretan eta, hildakoarekin nolako ahaidetasun-lotura izan, halako dolu edo lutu ezaugarriak ageri beharko dituzte euren soineko jazkeran.

Un enterrement à Ornans (fragment). Peinture de Gustave Courbet, 1849. Musèe d 'Orsay. Paris. Fuente: Bornay, Erika: El siglo XIX. Tomo VIII de Historia Universal del Arte. Barcelona, Edit. Planeta, 1986.

Oraintsuko aldaketak

Hona artekoan azaldu dugun atalean, inkesta egin izan den herrietan oraintsura arte indarrean egon diren heriotz ohikuneen berri jaso dugu gaingiroz.

Gure berriemaileek bizi izan duten eta gogoratzen duten erritu-sistema honek aldaketa sakonak izan ditu denbora laburrean.

Inkesta guztietan nabarmentzen da aldaketa-prozesu horren unerik gailurrenetako bat hirurogeiko hamarkadaren amaiera izan zela, Vatikanoko II. Batzarreak hileten eremura ekarri zuen berrikuntzaren ondorioz.

Berrikuntzok direla-eta, hileta-elizkizunak gorpua eliz barruan dela egiten hasi ziren berriro, eta zerraldoaren ordez eliz erdian jartzen ziren katafalkoak baztertu egin ziren. Hileta-ohituretan eragin handiagoa izan zuen oraindik hileta-mezak arratsaldez egiteak. Arin zabaldu zen ohitura berri hori, lan munduan gertatu ziren ordutegi-aldaketekin ere ondo egokitzen baitzen. Horrela, galdu egin zen goizeko hileta-elizkizunaren ondoren hildakoaren senide guztiek haren etxean egiten zuten otordu edo bazkariaren usua.

Hileta-elizkizun berria erabat laburtu zen, defuntuen ondra-kantua kentzean. Latinez egiteari ere erabat utzi zitzaion. Liturgia berrian liburu santuetako irakurgaiak tokiko hizkuntzan egiten hasi ziren, eta kantuek ere pazkoetako kutsua hartu zuten. Horrela, hiletak heriotzaren kristau-misterioa modu gozoago eta errukiorragoan agertzen zuen.

Urte haietan beste aldaketa bat ere izan zen; elizako solairu guztia luzetara jarritako bankuekin bete zen. Hori dela-eta, sepulturak ere kendu egin ziren; eta etxeko hilobi hauetan defuntuen alde argiak eta limosnak oparitzeko ohitura ere galdu egin zen. Inkesta egin den zenbait herritan, ohitura hau aurretik ere desagertzen hasia zegoela esaten dute. Hirietako elizetan esate baterako, etxe bakoitzari zegozkion sepultura hauek bakar baten bilduta zeuden mende hasieratik, guztientzako hilobiaren balioa zuena; eta hil berrien familiakoek hartzen zuten bere aldian hilobi sinboliko horren ardura.

Hego Euskal Herrian, hilobi sinbolikoa elizatik kanpora ateratzeak defuntuen aldeko otoitz-toki berezia lekuz aldatzea ekarri zuen. Handik aurrera, kanposantuko hilobia zaintzeak garrantzia handiagoa hartu zuen eta haraxe eramaten zituzten argien eskaintzak. Gero, argien ordez loreak jartzeko ohitura zabaldu zen.

Iparraldean, ordea, kanposantua elizaren inguruan izanik, benetako hilobia izan da, hurbiltasunagatik eskaintzak eta opariak berean hartu izan dituena. Dena den, bizien eta hildakoen arteko lotura, lehengo denboretan elizaren esparruan adierazten zena otoitz eta oparien bidez, argaldu egin da aspaldion, hilerri berriak elizatik eta hiriguneetatik urruntxoan eraiki direnean.

Halere, hileta ohikuneen aldaketak, ez dira elizetako hileta-mezetan egin diren berrikuntzengatik bakarrik gertatu.

Aldaketa-prozesu honetan nabarmenen azaltzen den giza-gertaera hauxe da: gero eta jende gehiago hiltzen dela ospitaleetan edo zaharrentzat eratutako egoitzetan. Hori dela-eta, maiz gertatzen da gaur «etxetik kanpo» hiltzea.

Egoera berri honetan, aintzina etxearen inguruan izaten ziren heriotz ohikuneak erabat desagertu dira: elizakoetara joatea, heriotzaren berri ematea, hildakoa janztea, hil-ohea atontzea, auzokoek gaubelan parte hartzea.

Orain hileta-jarraigoa ez da hildakoaren etxetik prozesioan irteten hilotza elizara eramateko. Aintzina ohikunerik nabarmenena zen hori erabat sinpletu da, orain hilotzari hileta-elizkizun aurretxoan elizpean egiten zaion harrera besterik ez baitzaio egiten.

Herri txiki batzuetan izan ezik, hileta-jarraigoak oinez egiten zuen ibilaldia, «enterrua» deitzen zena, erabat desagertu da, eta aintzineko hilbideak ere (andabideak), etxe bakoitza elizarekin lotzen zutenak, guztiz ahaztu dira.

Orain dela hogeta bost urtera arte heriotzarena auzoko jazoera bat zen. Gertaera horrek erabateko lehentasuna ematen zion hildakoaren etxeari. Auzoko guztiak hurbiltzen ziren hildakoaren etxekoei laguntzera, eta hildakoa bertan zegoen bitartean, etxeak halako eleiz taiua hartzen zuen.

Hildakoaren etxe barruko horiek izan dira heriotz ohikuneetan gehienbat desagertu. direnak. Inkestetan ere argi isladatzen da, desagertze honen eragile izan direla besteak beste, gaur egun auzoen arteko harremanak hain estu eta lotuak ez izatea, lana ere auzotik kanpo egiten baitute gehienek orain.

Egoera berri honetan, heriotzaren gertakizuna senideen artera rnugatu da eta lehen auzokoenak ziren eginkizunak orain etxeko eta senideek hartzen dituzte bere gain. Gaisoa etxean dagoenean apaizak berak eramaten dizkio elizakoak isilean, auzokorik gabe. Hilda gero, hurkoen direnak etorriko dira familiari doluminak ematera eta hauek gorpua barruan duen zerraldoaren aurrean egongo dira une labur batez. Lehenago etxean bertan egiten zen errosarioa, hara biltzen zirela auzoko guztiak, orain elizan egiten da. Eta gaubela, etxeko heriotz ohikune gisa, erabat desagertu da.

Heriotz ohituretan eragin nabarmena izan duen beste arrazoietako bat heriotz zerbitzuak merkaturatzea izan da. Mende honen bigarren erdian, heriotz enpresa eta agentziek gero eta gehiago zabaldu dituzte euren zerbitzuak, herririk txikienetaraino helduz, eta eurok izan dira pizkanaka, artean auzokoenak ziren zeregin eta funtzioen ardura hartu dutenak.

Hartueman gisa, auzokoek egin ohi zituzten zereginak ziren, esaterako, hildakoa garbitu eta janztea, gorpua edukiko zuten gela egokitzea, heriotza aldarrikatzea, senideak jakitun jartzea, dolualdian etxeko lanez arduratzea eta, batez ere, zerraldoa etxetik elizara eta kanposanturaino eramatea.

Usadio zaharrean, heriotzaren gertaerak auzoen artean harreman estua sortzen zuen eta, gehiago edo gutxiago, guztiek ematen zieten laguntza hildakoaren etxekoei. Baina gorago aitatu ditugun eginbeharren bidez adierazten zen elkartasun horren ordez, gauregun merkatal zerbitzuak betetzen dute zeregin hori, heriotz zerbitzuek. Zeregin horien profesionalizaziorik handiena tanatorioena litzateke, bertan edukitzen baitute orain hilotza elizkizunera arte.

Lehenagoko bizimoduan, hildakoaren etxea zen heriotz ohikune nagusien erdigunea; bertatik irteten zen hileta-jarraigoa, gehienbat etxeko eta senideek osatzen zutena, eta bertara itzultzen ziren guztiak elizkizunak amaitu eta kanposantuan gorpuari lurra eman ostean.

Baina etxean egin ohi zen gaubela baztertu denean, eta etxetik elizarainoko prozesioa ere galdu delarik, hileta-ohikuneak elizakoetara mugatu dira gehienbat.

Hileta-elizkizunetan aintzina baino lagun gehiago batzen da orain. Inkestetan jaso denez, jendeak bere burua behartua ikusten du auzoko, lagun eta ezagunekiko atxikimendua erakustera, etxekoen eta senideen hileta-elizkizunetara joanez. Berriemaile batek esaten duenez «lehen hildakoagatik joaten ziren; orain, hildakoaren etxekoengatik».

Hiletetara lagun gehiago joan ohi den arren, defuntuaren alde mezak ateratzeko ohiturak ere atzeraka handia egin du.

Familiakoei ematen zitzaien dirua, edo elizan ematen zena, herri bateko etxeen eta familien arteko harremanen adierazgarri zen. Inkesta batzuek diotenez, usadio honen galera, herrian oso erroturik zegoena, elizgizonek beronen ardurarik ez hartzetik etorri da. Dena den, kasu honetan eta heriotzaren inguruko ohikune batzuen galeran, eragin handia izan du herritarren pentsaeraren aldaketak, bai eta erlijioaren zaletasunak izan duen gainbeherak.

Oraintsura arte, dolualdian izaten zen eginbehar nagusia hau zen: hildakoaren etxeko eta senitartekoak elizkizunetara joan beharra, defuntuaren animaren alde otoitz eta opariak egitera.

Dolualdi honetan egiten ziren hileta-elizkizunak –bederatziurrena, hileroko arimen meza eta igandetako sepulturako argi iziotzea– honetara gutxitu dira: hiletaren hurrengo igandean egiten den olata-mezara eta urteurreneko eleizkizunera.

Etxekoek eta senideek heriotzaren ondoren jantzietan eraman ohi zituzten lutu-ezaugarriak ere guztiz gutxitu dira; orain ez dira horren ageriak eta denbora laburra irauten dute. Aldi berean, oraindik gehiago baztertu dira gizarte-harremanetarako eta jolas-kiroletarako lege zaharrak ezartzen zituen debekuak.

Inkestak egiten ibili garen aldi berean ohitura berri bat agertu da: gorpu edo hilotzak errauts bihurtzearena. Larogeita hamargarreneko urteetan asko zabaldu da ohitura hau, batez ere hiri handietan. Baina joera honek ez du baztertu gorpua lurperatzeko ohitura zaharra, zergatik hilotzaren errautsak familiek kanposantuetan dituzten hilobi edo panteoietan gordetzen diren.

Acuérdate de la muerte. Reloj solar de Ortzaize (BN). Fuente: «L'Art au Pays Basque» in Visages du Pays Basque. Paris, 1946.