XVIII. JABETZA-ERREGIMENA. JABETZA KOMUNALA ETA JABETZA PRIBATUA

Esta página es una versión traducida de la página REGIMEN DE PROPIEDAD. PROPIEDAD COMUNAL Y PROPIEDAD PRIVADA. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Jabetza komunala eta haren aprobetxamendua

Funtsezkoa da jabetza komunalaren eta jabetza pribatuaren arteko bereizketa ezartzea. Garrantzitsua da ondasun komunalen eta udal jabetzako ondasunen arteko desberdintasuna adieraztea ere. Gure informatzaile edadetuenek oso aintzat hartzen dute bereizketa hori. Komunalei buruz aritzeko, herri batzuetan, herriaren jabetza diren lursailak edo basoak aipatzen dituzte, jabetzat udala dituenetatik bereizita. Leku batzuetan, batez ere gaur egun, nahasketa dago komunalaren eta udalaren jabetza denaren artean.

Komunaren jabetza zenarentzat, euskaraz "inorenak ez direnak" esaldia jaso zen Zeanurin (B), hau da, guztiena dena. Ameskoan (N), ildo berean, diote inongo herritarrek ezin baldin badu lursail baten jabetza frogatu, lursail hori lursail komunaltzat jotzen dela. Gure landa-lanetan egindako ikerketetan jasotako datuetatik eta informazioetatik ondorioztatzen da iraganean lurralde eta baso komunek gaur egungoek baino askoz azalera handiagoa zutela, eta, hainbat gorabeheraren ondorioz, ondasun horiek udalaren jabetza bihurtu direla denborarekin, eta kasu askotan partikularrek bereganatu dituztela horien jabetzak.

Galera horien arrazoien artean dago XIX. mendetik aurrera eta Frantsestearen eta karlistaden ondorioz udalak komuneko lursailak saldu behar izan zituztela armadak hornitzeko eta tropa liberalen ordainarazpenek sortutako zor ugariak kitatzeko. Horri –adierazten dute Vianan (N)– gehitu behar zaizkio herritarrek beraiek bideak, ezpondak eta abar legez kanpo hautsiz egindako baina ametitutako gehiegikeriak.

Erruki Lurrak eta Erruki Kutxa

Abezian, Berganzon, Trebiñun, Argantzonen (A) eta beste herri batzuetan lursail txikiak dauzkate, Tierras de Misericordia deritzenak (Erruki Lurrak); haien ustiapena baliabiderik gabeko familiei uzten zitzaien. Trebiñun diote ia guztiak galdu zirela Mendizabalen desamortizazioarekin (1836-1837).

Helburu berarekin, Abezian diotenez, eliza atarian Erruki Kutxa egoten zen; herritarrek beren uztaren zati bat uzten zuten han, premian ziren edo ezbeharrak nozitu zituzten familiak elikatzeko; Berganzon Casa La Villa deritzon etxean zegoen. Trebiñun eta Argantzonen (A) jaso da bat udalbatzarena zela eta bestea parrokiaren edo ermitaren jabetza.

San Martin Unxen (N) ohitura zen, are 1980an ere, herritar txiroek udalari baratze bat edo lursail komunalen pieza bat eskatzea –ez 3 erregu-lur baino handiagoa orduan, ez 6 erregu-lur baino handiagoa lehenago–, haien premia larrienei erantzuteko. Udalak zortzi urterako ematen zuen inolako kargarik gabe, eta sailak hamar urtetik behin zozketatzen ziren, desparekotasunik ez izateko. Grazia eten egiten zen herritar usufruktuduna udalari kontribuzioa ordaintzen hasten baldin bazen. Lehen, herritar txiro bat ezkontzen zenean, udalak emandako dohain hori jasotzen zuen automatikoki.

Beren lurrak zuzenean ustiatzen dituzten jabeak

Herri guztietan izan dira lurrak zuzenean landu dituzten familiak eta alokairuan izan dituztena beste batzuk. Ez da beti erraza izaten jakitea zein izan den nagusitu den sistema, aldi berean izan baitira beren lurrak ustiatzen dituzten jabeak eta maizterrak, eta, gainera, egoera aldatu egin da denborak aurrera egin ahala.

Abezian, Erriberagoitian (A), Ajangizen, Aiurian (B), Izurdiagan, Ameskoan, Obanosen eta Erronkaribarren (Uztarroze, Izaba eta Urzainki-N), herritar gehienak ustiatzen dituzten lurren jabe izan dira, eta hala izaten jarraitzen dute. Bernedon eta Valderejon ere (A), tradizionalki familia bakoitzak bere jabetza landu izan du. Apodakan (A) diote lur-jabeek zuzenean ustiatu dutela lurra hirurogeita hamarreko hamarkadako urteak arte, eta orduan gauzak aldatu egin zirela. Jabetza oso banatuta dago herrian; ez zegoen alde handirik batzuek eta besteek landutako lursailen artean.

Zamudion (B), gaur egun herritarrak baserrien jabe dira. Iraganean ere asko hala izan ziren, baina beste baserri batzuk alokairuan uzten zituzten familia boteretsuenak ziren. 1940ko hamarkadaren amaieran, etxe horietako asko Bizkaiko Aurrezki Kutxak erosi zituen; Aurrezki Kutxak lehengo maizterrei eutsi zien, eta 1980ko hamarkadan maizterrak jabe egin ziren.

Beren lurrak maizterren bidez ustiatzen dituzten jabeak

Familia batzuek mende batetik gora zeramaten maizter izaten baserri berberetan, eta haiek erostea erabaki zuten, jabe izatea erraztu dien legea baliatuz. Arautegi horrek aukera eman du urte askoan aldatu gabe zeuden alokairuak eguneratzeko ere, eta, kasu batzuetan, maizterrak egoztea ahalbidetu du. Gaur egun familia bakoitza bizi den etxearen jabe izaten saiatzen da, eta gutxiago dira alokatutako etxean bizi direnak.