Diferencia entre revisiones de «REGRESO A LA CASA MORTUORIA Y AGAPES FUNERARIOS/eu»

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Saltar a: navegación, buscar

Línea 30: Línea 30:

Revisión actual del 09:59 12 nov 2019

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Hileta segizioaren edo, gutxienez, familiako doluaren etxerako itzulera hileta errituen parte zen garai batean.

Barandiaranek eta haren laguntzaileek mende honen lehen laurdenean «Creencias y ritos funerarios» gaiari buruz («Sinesmenak eta hileta errituak») egindako inkestek etxeak eta etxeko taldeak hileta errituetan protagonismo handia zuten gizarte bat erakusten dute, eta erritu horiek, hain zuzen ere, hilaren etxean hasten eta amaitzen ziren. Praktika hori Euskal Herriko lurralde guztietan ikusten zen.

Hala gertatzen zen hogeiko hamarkadan Galarretan (A), non hilotzari hilerrian lur eman eta gero «elizara itzultzen diren eta errespontsuak errezatzen dituzten hilaren etxeko hilobian. Gero, apaiza, sakristauak (gurutzea daramala) eta hileta segizioa osatzen duten pertsonek lagunduta, hilaren etxera doa, han ere errespontsu bat errezatzera; ondoren, elizara itzultzen da berehala apaiza. Hilaren senitartekoek ahaide guztiak, kanpotarrak eta herriko etxe bakoitzeko pertsona bat edo bi gonbidatzen dituzte, bazkaltzera, ehorzketa goizean baldin bada, edo meriendatzera, arratsaldean baldin bada»[1].

Zigan (Baztan-N), inkesta beraren arabera (1923), ahaideak, barrideak eta urrutitik iritsitako jendea hilaren etxera itzultzen ziren ahaidetasun-ordena zorrotz gordeta. Otordu bat eskaintzen zitzaien denei[2].

Beasainen (G), hogeita hamarreko hamarkadara arte, segizioa hilaren etxera ilara bat osatuz itzultzen zen, aurrean familiako burua zihoala soingainekoz eta kapela luzez jantzita. Herri horretako informatzaileetako bati hamar urterekin bere aitaren hileta segizioaren buru egitea egokitu zitzaion, etxean gelditzen ziren gizonezkoen artean zaharrena zelako. Gogoan zeukan amak soingainekoaren barrena jaso ziola, arrastaka eraman ez zezan, eta kapela luzea bete egin ziola, buruan egokitzeko. Segizio hori etxeko kideek, etxekoek, eta beste herri batzuetatik etorritako senitartekoek osatzen zuten; haientzat bankete bat prestatzen zen etxean bertan.

Zeanurin (B), zaharrenek gogoan daukate duela hirurogeita hamar urte arte, ehorzketan familiako dolua osatu zutenak elizatik hilaren etxera bi talde osatuz itzultzen zirela: gizonak soingainekoz eta kapelaz jantzita, eta emakumeak belo beltz batez. Itzulerako bidean, leku jakin batera iritsita, gizonek soingaineko astunak eranzten zituzten, udan batez ere. Denek hartzen zuten parte gero etxean egiten zen hiletako otorduan.

Hogeiko hamarkadan argitaratutako lan batean[3] adierazten zen Zuberoan, ehorzketaren ondoren, gonbidatu guztiak hilaren etxera joaten zirela eta han otordua eskaintzen zitzaiela. Antzina otordu hori ogiz eta gaztaz osatzen zen, etxeko ardoarekin lagunduta; baina jada hogeiko hamarkadan bazkari bat egiten zen. Amaieran, xantreak edo sakristauak eskari kopuru jakin bat errezitatzen zuen hilaren alde eta «etxetik irtendako arima guztiengatik», eta, horrekin, amaitutzat ematen zen zeremonia.

Segizioak hilaren etxera egiten zuen itzulerak zenbait aldaera zeuzkan Euskal Herri osoan duela hiruzpalau hamarkada. Oro har, esan daiteke populazio kontzentratua zuten eta etxeek elizatik gertuko gune bat osatzen zuten herrietan —hori da Arabaren eta Nafarroako Erdialdearen kasua— hileta ekitaldietako parte-hartzaile guztiak, parrokiako gurutzea buru zutela eta apaizak lagunduta, hileta segizioa abian jarri zen etxera itzultzen zirela eta ate aurrean otoitz bat egiten zutela hiletak amaitzeko[4].

Hilaren familiak parte-hartzaile guztiei ogi eta ardozko ahamen bat eskaintzen zien, Araban la caridad deritzona (karitatea). Ondoren, etxe barruan hilaren senitartekoek hileta bazkaria egiten zuten.

Populazio sakabanatuko eskualdeetan –Euskal Herri kontinentala, Gipuzkoa, Nafarroako Mendialdea eta Bizkaia–, dolua osatzen zuten senitartekoak ziren, segizio bat eratuz, hilaren etxera itzultzen zirenak, eta, han, abagunerako atondutako banketea egiten zen. Ehorzketara joandako gainerako guztiek mokadu bat jasotzen zuten eliz atarian edo elizaren inguruetan.

Hileten amaieran ahamen edo mokadu bat izaten zen normalean. Nabarmentzekoa da ahamen horietan agertzen dela inoizko argien ehorzketara eta hiletara joandakoek elkarren artean ondo bereizitako bi talde osatzen zituztela: ondrako taldea, hiletetara odolezko loturen ondoriozko betebeharra dutelako doazenek osatua; eta karitateko taldea, elkartasun kristauarengatik parte hartzen dutenek osatua[5]. Bi taldeei zegozkien ahamenak desberdinak ziren.

Bi kasuetan, ahamen horiek erritual baten aginduetara egokitutako zeremonial batez egiten ziren, eta horrek eraman ditu egile batzuk jatorri urruneko hileta bankete edo oturuntzatzat jotzera[6].

1. BARANDIARAN, José Miguel de. «Creencias y ritos funerarios en Orozko, Ziortza (Zenarruza), Kortezubi, Otazu, Ataun, Arano, Ziga (Baztan), Otxagabia» in Anuario de Eusko Folklore. III. liburukia. Gasteiz: 1923, 57 eta 59. or.
2. BARANDIARAN, José Miguel de. «Creencias y ritos funerarios en Orozko, Ziortza (Zenarruza), Kortezubi, Otazu, Ataun, Arano, Ziga (Baztan), Otxagabia» in Anuario de Eusko Folklore. III. liburukia. Gasteiz: 1923, 132. or.
3. D. ESPAIN. «Des usages mortuaires en Soule» in Bulletin du Musée Basque, VI, 1-2 (1929) 24. or.
4. Zangozako (N) Arimen Kofradiako Konstituzioek, 1798an idatziak, praktika horren berri ematen zuten, agintzen baitzuten hileta mezaren ondoren hilaren etxera itzultzea han errespontsua errezatzera.
5. José Miguel de BARANDIARAN. Estelas funerarias del País Vasco. Donostia: 1970, 35. or.
6. Bonifacio ECHEGARAY. «Significación jurídica de algunos ritos funerarios del País Vasco», in RJEV, XVI (1925) 102 or. eta hurrengoak. Barandiaranek ñabartzen duenez, berriz, hileta ahamen edo otorduek «gaur egun ez dute antzina izandako eduki mistikoa». Estelas funerarias del País Vasco. Donostia: 1970, 29. or.