XX. HARREMANAK FAMILIAREKIN ETA AHAIDEEKIN

Esta página es una versión traducida de la página RELACIONES CON LA FAMILIA Y LOS PARIENTES. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Harremanak familiarekin

Senar-emazteen gurasoen esku-hartzea

Esaten da antzina gaur egun baino sarriago esku hartzen zutela gurasoek ezkondutako seme-alaben bizitzan. Gaur egun aholkua ematen diete eskatuz gero. Gaur egun, esku-hartze handiena duen arloa biloben zaintzarena eta arretarena da.

Inkesta egindako herrietan jasotako datu komuna da gaur egun seme-alabak ezkondu eta gero libreago bizi direla, gurasoengandik independizatuta eta bizimodua beren erara antolatuta. Gurasoengandik autonomia bilatzen duten etorkizuneko ezkontideei buruzko esaldi maiz entzundako batek honela dio: “El casado, casa quiere” (“Ezkonduak etxea nahi du”).

Gurasoek senar-emazteen bizitzetan izandako esku-hartzeak bere berezitasuna izan du bi senar-emazte bikoteak elkarrekin bizi izan direnean, batez ere tartean familiako etxearen oinordekoa dagoenean, ezkondu eta gero etxea eta etxaldea gurasoekin edo aita-amaginarrebekin partekatzera behartua, gehienetan haien aginduetara. Inkestan amaginarrebaren eta errainaren arteko tirabiren berri jaso da. Batzuetan, semea amaren alde jartzen zen, eta horrek elkarbizitza arazoak sortzen zituen. Amaginarrebari senar-emazteen arteko harremanetan edo biloben heziketan sartzea leporatzen zion errainak egoera batzuetan.

Ezkontideen harremana beren jatorrizko familiekin

Inkesta egindako herrietan jasotako datuek antzeko ezaugarriak erakusten dituzte. Ohikoa da adieraztea, emakumeak gaur egun oraindik ere familia bizitzan daukan papera kontuan hartuta, hark jatorrizko familiarekiko loturak mantentzeari dagokion merituaren zati handia daukala, eta, gainera, jasotzen da emaztearen familiarekiko harremanari eusteko joera handiagoa dagoela.

Jatorrizko familiari egindako bisitarik ohikoenak egin ohi dira zaindariaren jaietan, ezteietan, bataioetan, jai garrantzitsuetan eta festa giroko ekitaldietan, eta hileta ekitaldietan, hala nola ehorzketetan, Domuru Santu Egunean eta abar.

Jaso da, halaber, jatorrizko familiaren etxetik zenbat eta gertuago bizi gainerako ahaideak, maizago egiten ziotela bisita etxe horri, distantzia, gaur egun lokomozio bitarteko onak izan arren, beti delako oztopo bat. Familiaren etxea uzten denean, bisitak ugariagoak dira hasieran, eta urteek aurrera egin ahala gero eta urriagoak izaten dira. Garrantzi handia du gurasoak bizirik izateak, haiek bizirik diren artean seme-alabek etxea beraiena dela sentitzen baitute. Gurasoak hildakoan, neba-arreben eta lehengusuen artean urruntze natural bat gertatzen da, familia talde bakoitzak bere bizitza egiten duelako.

Gaur egun, topaketa horiek ez dute beste garai batean zuten eragina, garraiorako dauden erraztasunen ondorioz bisitak ugariagoak direlako eta telefonoz eta posta elektronikoz ere komunikatzen direlako.

Ahaideen arteko bilkurak

Jaien egutegia

Ohikoa da gertuko ahaideak familiaren etxean biltzea Eguberrietako jaietan[1]; “banatzea” ere ohikoa izan da, hau da, egun batean senarraren gurasoen etxera joatea eta beste batean emaztearen gurasoenera.

Zaindariaren jaietan ere biltzen ziren ahaideak. Zaindariaren jaietan familiaren etxera hari lotutako ahaideak joaten ziren beren ezkontideekin eta seme-alabekin, eta egun batzuk ematen zituzten han. Janari ugari prestatzen zen joandako guztientzat. Gaur egun, familiako kide askok lan egin behar izaten dute astean zehar eta ez dute joaterik izaten jaia lanegun batean ospatzen baldin bada. Horregatik, azkenaldian era honetako jaiak asteburura pasatzen ari dira, gonbidatuak joan ahal izateko. Ohitura hori gainbeheran dago, gehienek lokomozio bitarteko propioak dituztelako eta bisita ugariagoak eta laburragoak egiten direlako.

Etxearen eta familiaren oroitzapen historikoak

Barandiaranek jaso zuen XX. mendearen hasieran, landa-eremuko herrietan, neguko gauetan familiako kide guztiak sukaldean biltzen zirela, sutondoan, hainbat lan egiteko, hala nola irun, josi eta abar. Orduan oroitzen ziren familiako istorio zaharrak, kondairak eta era guztietako tradizioak, baita gai erlijiosoak eta familiako arbasoek bizitzan zehar izandako itxaropena ere[2].

Arbasoen oroitzapenak

Oro har adierazi behar da etxeetan familiaren artxiboa gorde ohi dela, testamentuen izkribuek, etxearen hurrenez hurreneko transmisioek, lursailen zein mendien salerosketek, arbasoen argazkiek ea abarrek osatutakoa. Gaur egun, elizako artxiboak ireki izanak genealogiei buruzko interesa piztu du. Partikular askok, ez ikertzaileek eta ikastunek soilik, daukate familiako abizenaren eta jatorrizko etxearen jatorriari buruzko interesa.

Familiako oroitzapenak

Ohikoa izan da familiako argazkiak, oroitzapenak eta dokumentuak gordetzea. Gauza baliotsu batzuk, hala nola altzariak eta baxera, baita arropa eta bitxiak ere, gurasoengandik seme-alabengana transmititu dira.

Inkestetan adierazten da antzina etxe arruntek ondasun gutxi zeuzkatela eta baliabideak urriak zirela, eta, horrenbestez, ez zela ohikoa familiako oroitzapen baliotsuak izatea kontserbatzeko eta transmititzeko. Añanan (A), adibidez, jaso da gehienei gurasoek etxeko horniduraren zati bat uzten zietela (izarak, toallak, trapuak, baxera), abereren bat edo beste, edo nekazaritzako lanabesak. Baliabide gehiagoko familiek kontserbatzen zituzten familiako oroitzapen batzuk, eguneroko objektuetatik hasita balio handiagokoetaraino.

Zenbait herritan jaso da etxe batzuek familiako objektu preziatuak eta pieza baliotsuak gordetzen zituztela, baina horietako asko galdu egin ziren 36ko gerrako gorabeheren ondorioz.


  1. ETNIKER EUSKALERRIA, “La cena de Nochebuena” in La alimentación doméstica en Vasconia, 393-403. or.
  2. José Miguel de BARANDIARAN. “Aspectos de la transición contemporánea de la cultura en San Gregorio de Ataun” in Etnología y Tradiciones populares. II Congreso Nacional de Costumbres Populares. Zaragoza: 1974, 9-21. or. Ikus Obras Completas. VI. liburukia. Bilbo: 1974, 12. or.