VII. ANIMALIEN UGALKETA ETA ZAINTZA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 08:21 25 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones) (Texto reemplazado: «{{#bookTitle:Abeltzaintza eta Artzaintza Euskal Herrian|Casa_y_familia_en_vasconia/eu}}» por «{{#bookTitle:Abeltzaintza eta Artzaintza Euskal Herrian | Ganaderia_y_pastoreo_en_vasconia/eu}}»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Betidanik zaindu izan da hazitarakoen aukeraketa aziendaren ezaugarriak hobetzeko asmoz. Kezka horren agerpen berezi bat ekoizpena handitzeko saioan ikusi da, baina, horrez gain, aurrerago Arabako herri batzuetan ikusiko den bezala, azienda lur komunaletan bazkatzen zenean, kontzejuek edo auzokide taldeek hazitarako onenak aukeratzen zituzten gainerakoek ondorengorik ez uzteko.

Egiaztatu da, halaber, «odola aldatzearen» inguruko kezka, hau da, arrak behin eta berriz beren ondorengoekin gurutzatzeak eragin zezakeen gehiegizko odolkidetasuna eragoztearen ingurukoa. Arazo hori konpontzeko, hazitarakoak erosi izan dira edo, bestela, beste abeltzain batzuenak zirenengatik trukatu.

Kultura tradizionalean, etxe-abereen gaitzei eta lesioei aurre egiteko sendagai asko ezagutu izan dira. Gai horretaz jakintsu zen jendea izatea ohikoa izan da; batzuetan, edozein auzokide izan zitekeen, esperientzia biltzearen eta dohain jakin batzuk izatearen poderioz sendaketa lanak egiteko besteak baino egokiago bihurtua. Izan dira, horrez gain, teknika horiek ezagutzen zituzten petrikiloak eta errementariak ere, eta haiengana jotzen zen aziendaren arazoak konpontzeko. Are salutadoreak ere, oso garrantzitsuak garai batean; haiengana jotzen zen amorrua sendatzeko.

Aziendaren adina kalkulatzeko prozedurak

Etxe-abere baten adina ezagutzeko prozedurarik ezagunena da haren hortzeriari erreparatzea. Ardiek eta behiek esne-hortzak galdu eta behin betikoak bereganatzeko prozesuan pauso jakin batzuei jarraitzen diete eta horri esker hortzeriaren egoerak aberearen adina kalkulatzeko aukera ematen du.

Apodakako (A) informatzaileek kontatzen dutenez, herriko bizilagunen azienda zaintzeko ardura izango zuten artzainak kontratatzerakoan hautagaiei egiten zitzaien proba bat zen animalien adina kalkulatzea. Abeltzainek abere bat erosi behar dutenean, jakin behar dute zer adin duen behorrak, behiak, astoak, ardiak edo ahuntzak. Egiten duten lehenengoa da ahoa ireki eta hortzen egoerari eta koloreari erreparatu. Zeregin horretan trebeenak tratulariak dira. Gerraostean, azerikeriaz jokatzeko joera handia egon zen, batez ere tratularien eta ijitoen aldetik, eta askotan hortzak eta ileak garbitzen zizkieten zaldiei erosleei iruzur egiteko, baina gune jakin batean lan egiten zuten tratulari onek ez zuten inoiz horrelakorik egiten. Behien adina haien adarrei erreparatuta jakiten da, eta ardiena eta ahuntzena apatxei erreparatuta.

Animalien gorputzen manipulazioak

Zikiratzea

Ohitura tradizionala izan da arrak zikiratzea batzuetan elkarren osagarri izan diren bi xede nagusirekin: batetik, gizentzeko abereen kasuan, bizkor gizentzeko eta, espezie batzuen kasuan, eragozteko okelak animalia osorik mantenduz gero hartzen zuen zapore txarra; bestetik, nekazaritzako lanetara bideratutako animalien kasuan, otzantzeko eta aiseago kontrolatzeko. Ahardien kasu berezia ere jasotzen da; horiek gero jasoko diren arrazoiengatik zikiratzen ziren.

Zeregin horretan adituak ziren pertsona batzuek beren zerbitzuak eskaintzen zizkieten auzokideei. Batzuek lan hori kobratuz egitea zuten bizibide, eta herriz herri ibiltzen ziren horretarako. Animaliaren bizitza arriskuan jar zezaketen esku-hartzeak albaitariek egiten zituzten askotan. Gaur egun jarduera honetan albaitariak baino ez dira aritzen.

Ferratzea

Ferratzea animaliaren gorputz adarrak babestea da, apatxei ferrak edo azazkalei iltzeak doituz eta iltzatuz, zoruarekiko igurtziak eragindako andeatzea eta malformazioa eragozteko.

Oso praktika zabaldua izan da lanean erabilitako behi eta zaldi azienda ferratzea.

Agurainen (A) ferratzaile lanbideak 1970era arte iraun du. Herradero zeritzona (ferratokia), potroa (xakitokia), harresiez kanpo egoten zen eta familiako ustiategia izaten zen, jabetzat ferratzailea zuena. Udal albaitariaren agintearen mendekoa izaten zen. Baziren ferratokiak Ezkerekotxa, Gereñu, Heredia, Narbaxa eta Ozaeta kontzejuetan ere; horietara aldameneko herrietako bizilagunek jotzen zuten egun seinalatuetan.

Apodakan (A), azienda Gopegira eramaten zer ferratzera. Idientzako xakitokia ferratokitik gertu zegoen. Horretarako prestatutako lokal bat zen, jabetzat udala zuena. Urte batzuk geroago, zaldi aziendak Ondategiko ferratzailearen etxera eraman ziren. Animalia horiek ferratzean albaitariak laguntzen zien. Araian (A), hirurogeita hamarreko hamarkadara arte herrian ferratzaile bat egon zen lanbide horrekin lotura zuten zeregin guztiak egiten zituena. Xakitokia Araiako auzorik zahar eta enblematikoenean zegoen, Andra Marin. Hamarkada horretatik aurrera, hau da, nekazaritzako makineria sartu zenez geroztik, animaliak ez ziren gehiago ferratu.

Aiaraldean (A), ferratzeko trebezia izanez gero, abeltzainak berak egiten zuen lan hori, beste batzuen laguntzaz. Ez baldin bazekien, animaliak ferratzaile batengana eramaten zituen edo bestela ferratzailea herrietatik pasatzen zen.