Laburpena

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 08:33 19 jul 2019 de FuzzyBot (discusión | contribuciones) (FuzzyBot trasladó la página Casa y familia en vasconia RESUMEN/eu a Resumen Casa y familia en vasconia/eu sin dejar una redirección: Parte de la página traducible «Casa y familia en vasconia RESUMEN»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Etxea eta familia Euskal Herrian Etniker Euskalerria Taldeek egindako ikerketa etnografikoaren emaitza da. Lana Ander Manterolaren zuzendaritzapean egin da. Liburuki hau On Jose Migel Barandiaranek diseinatu eta abiarazitako Atlas Etnografikoa lanari batu zaion zazpigarren ekarpena izan da. Honezkero, honako liburukiak argitaratu dira: Etxeko elikadura (1990, berrarg. 1999), Haur jolasak (1993), Heriotza ohikuneak (1995), Jaiotzatik ezkontzara arteko ohikuneak (1998), Abeltzaintza eta artzaintza (2000) eta Herri medikuntza (2004).

Atlas Etnografikoak Euskal Herriko giza taldeak ditu aztergai askotariko adierazpenetan; era berean, kultura tradizionala aintzat hartzen du, XX. mendetik XXI. mendera arte erregistratu izan den legez, bai eta egindako eraldaketak ere.

Landa-azterketa Euskal Herriko lurraldean egin da, Europako mendebaldean, Aturri ibaiaren (iparraldean) eta Ebro ibaiaren (hegoaldean) artean zabaltzen den esparruan. Batetik, Estatu espainiarrean bildutako administrazio politiko bik osatzen dute (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa), eta, bestetik, Pirinio Atlantikoetako departamendu frantsesak. Guztira, 20.531 km2-ko azalera du, eta 3.099.723 biztanle (2010eko errolda penintsulako Euskal Herriarentzat, eta 2008koa, aldiz, Euskal Herri kontinentalarentzat).

Landa-lana zazpi probintzietako laurogeita zazpi udalerritan egin da: Araba (14), Bizkaia (16), Gipuzkoa (17), Nafarroa (27), Behe Nafarroa (9), Lapurdi (2) eta Zuberoan (2), hain zuzen ere. Inkestatutako udalerriak hautatzeko, aztergai den lurraldearen eskualde-aniztasuna hartu da aintzat, bai eta aztertutako guneena ere (landa, hiri edo kostaldeko guneak). Erabilitako galdera-sorta etnografikoa Barandiaranek 1974. urtean argitaratutako Guía para una encuesta etnográfica lanean dago jasota (I. eta II. kapituluak. Etxeko taldea eta Etxeko taldearen erabilerak), eta honakoei erreferentzia egiten dieten galderei dagokie: Etxea (11tik 36ra bitarteko galderak), Familia (105etik 121era bitarteko galderak), Senar-emazteen arteko harremanak (122tik 133ra bitarteko galderak); horiek guztiak I. kapituluan daude; era berean, II. kapituluko Altzariak ataleko galderak jaso dira (1etik 14 bitarteko galderak).

Lana bera eta idazketa Labayru Ikastegiko Etnografia Sailean egin da. Edukia, funtsean, landaetxe tradizionalari eta hura atontzen duten altzari eta tresnei buruzko landa-azterketan eskuratutako datuetan oinarritzen da. Azterketa etnografikoa da, eta ez arkitektonikoa, nahiz eta alderdi hori kontuan hartzen den. Etxean bizi den familiaren analisiarekin osatzen da, izan ere, ikerketa-lana ez da elementu hutsetara mugatzen, bizitzaz beterikoetara baizik; etxeek funtzio bat dute, eta, batez ere, nekazaritza-abeltzaintza arloko bizimoduari erantzuteko daude antolaturik.

Lana hogeita bat kapitulutan dago egituraturik. Atariko lana egiten duen hitzaurrearen ondoren, argitalpenak hiru kapitulurekin jarraitzen du: lurraldea jendeztatzeko modu ezberdinei buruzkoa; etxeak lurrarekin, klimarekin eta jarduerarekin duen erlazioari buruzkoa; eta etxeen izenari, orientazioari eta egoerari buruzkoa, hurrenez hurren.

Hurrengo sei kapituluak etxearen egiturari buruzkoak dira. Horietako lehenak eskualde ugaritako etxe motak deskribatzen ditu; hurrengo hirurek, berriz, xehetasunez azaltzen dituzte teilatu, zimendu, horma, ate eta leiho mota ezberdinak. Hurrengoak etxe barneko banaketaz dihardu, dagozkion planoez lagundurik; azkenik, apaindura-elementuak aipatzen dira.

Sutondoa etxearen eta etxebizitzaren erdigune moduan, sukaldea eta argiztapen sistemak modu berezian landu dira. Tresnak, altzariak eta egongela, gela eta komunetako hornidurak, eta etxearen garbiketa, arropa eta baxera berariaz jorratutako gaiak dira. Kapitulu batek etxearen eraikin osagarriak eta nekazaritza-abeltzaintza jardueretarako espazioak ditu hizpide. Sutondoan egindako errituak eta etxearen sinbolo babesleak sinesmenei buruzko kapitulu biren aztergai dira.

Familiaz aritzen diren bost atalek familia deskribatzen dute, eta ahaidetasunari, ondareari, transmisio moduei, senar-emazteen bizitzari eta funtzioei, familiaren ohoreari eta ohorea defendatzeko moduei buruz hitz egiten dute.

Liburuki honek zein aurrekoek sarrera gisako kapitulua daukate. Bertan, proiektua eta lanaren metodologia azaltzen dira, eta ingurumenaren eta gizakiaren gaineko datuak, inkestatutako udalerrien datu geografikoak, erabilitako zein kontsultatutako bibliografia eta aurkibide tematikoak eta analitikoak ematen dira.