Laburpena

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 08:33 19 jul 2019 de FuzzyBot (discusión | contribuciones) (FuzzyBot trasladó la página Ganaderia y pastoreo en vasconia RESUMEN/eu a Resumen Ganaderia y pastoreo en vasconia/eu sin dejar una redirección: Parte de la página traducible «Ganaderia y pastoreo en vasconia RESUMEN»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Ganadería y Pastoreo en Vasconia (Abeltzaintza eta Artzaintza Euskal Herrian) ikerketa etnografikoaren esparruko lana da, Etniker Euskalerria Taldeek egina eta Ander Manterolak zuzendua. On Joxemiel Barandiaranek aspaldi atondu zuen Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren atal bat da, plazaratutako bosgarrena, lau hauen ostean: La Alimentación Doméstica (Etxeko Elikadura), 1990an argitaratu zena eta 1999.ean berrargitaratua; Juegos Infantiles (Haur Jolasak), 1993an, Ritos Funerarios (Heriotz Ohikuneak), 1995ean eta Ritos del Nacimiento al Matrimonio (Jaiotzatik Ezkontzarako Ohikuneak), 1998an.

Ikerketa Euskal Herriko mugen barruan egin da, hau da, Europako mendebaldean, iparraldean Adour ibaia eta hegoaldean Ebro ibaia daukan lur eremuan. Estatu Espainiarraren barruan dauden bi administrazio politiko ditu (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa) eta Pyrénées Atlantiques departamentu frantsesaren zati bat. 20.531 km2-ko azalera dauka eta 2.910.276 biztanle (1999. urtean).

Tokian tokiko lana Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoako herri eta mendietan egin da. Inkesta egiteko herriak hautatzean, lurraldeko eskualde-aniztasunari erreparatu zaio. Erabilitako galdetegi etnografikoa On Joxemiel Barandiaranen Guía para una encuesta etnográfica (III. kapitulua, “Grupos de actividad”) lanean agertzen da, hain zuzen ere, Abeltzaintzaz eta Artzaintzaz egiten diren galderen artean (1-55 galderak).

Obra hau Labayru Ikastegiko Etnografia arloak ondu eta erredaktatu du.

Bertan, Euskal Herriko mendi eta larreetako usadiozko abeltzaintza eta artzaintza ikertu da. Lehenengo kapituluak (I-IV) abelazkuntzari, abere moeta zein arrazei eta zaintzaileek emandako tratuari buruzkoak dira. Azpimarratzeko modukoa da Bizkaiko itsasoaren isurialdearen eta Mediterraneoko isurialdearen artean dagoen aldea, bai hazten diren abereei, baita habitatari begira ere.

Hurrengo kapituluetan (V-VII) azienda larri eta xeheak gordetzeko lekuak (kortak eta eskortak), elikadura eta ugalketa azaltzen dira. Bizkaiko golkoko isurialdean korta etxearen zatia da; mediterranearrean, ordea, bereiz daude korta eta etxea.

Erdiko kapituluetan (VIII-XIV) mendiko azienda ikertzen da, bai basoak dabilena, baita abeltzainek gobernatua ere. Bertan, herri-larreetarako joan-etorriak, mendiko artzainen lekuak eta ezaugarriak, abereak bereizteko egiten dizkieten markak eta larre bila joateko dauden trashumantzia erak aztertzen dira.

Artzaina da hurrengo kapituluetako (XV-XVIII) ardatza: artzaintza moetaz moeta eta mailaka, estalperik gabe bizitzeko erabili behar den arropa, etxoletako edo aterpeetako elementuak, artisautza eta pizti txarren ehiza. Atal zabal batek (XIX-XXIII. kapituluak) artzaintzako produktuak ikertzen ditu: esnea eta esnekiak, artilea, abereak nola hiltzen diren eta hauek saldu eta erosteko moduak; azoken deskripzioa egiten da azkenean, bertan erosten baita ganadu berria eta bertan berritu artaldeak. Hurrengo kapituluan (XXIV) erlazaintza aztertzen da; kontuan izan behar dugu jarduera hori, mundu tradizionalean, abeltzaintzaren barruko arloa dela.

Azkenik, amaierako kapituluetan (XXV-XXVI) abereak babesteko dauden sinesmen eta sinboloez hitz egiten da; artzainen mundu ludikorako sartu-irten bat egiten da amaitzeko (XXVII).

Atlas Etnografikoaren aurreko lau liburukiek, abeltzaintzari eta artzaintzari buruzko lan honek zein etortzeko direnek Euskal Herriko giza taldearen alderdi guztiak aztertzen dituzte. Horretarako, kultura tradizionala hartu izan da kontuan, XX. mendean zehar erregistratu den moduan eta jasan izan dituen aldaketei erreparatuta.