I. OSASUNA ETA HERRI PENTSAERA

Esta página es una versión traducida de la página SALUD Y MENTALIDAD POPULAR. La traducción está completa al 50 %.

Las traducciones desactualizadas están marcadas así.
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Lehen kapitulu hau Etniker inkestak gaitzei eta botikei buruzko atalean planteatutako hasierako galderei erantzuteko saio bat da; galdera horiekin, herriaren pentsamendua arakatu nahi zen, ezaugarri anatomiko batzuei buruzko edo ingurugiroak, elikadurak eta janzkerak osasunean duten eraginari buruzko interpretazioen bidez. Gaixotasuna iragartzen duten sintomei, gaixotasunak eragiten dituzten kausei, eriondoa denotatzen duten zeinuei eta osasuna eusteko bitartekoei buruzko herri ezagutzak ere aipatzen ziren.

Lortutako emaitzak ez dira inkesta formulatu zenean bilatu zirenak; azken hamarkadetan, aldaketa handiak izan dira jendeak antzina giza gorputzaz zuen pertzepzioan, baita osasunaz eta gaixotasunaz zuen pertzepzioan ere. Dena den, oraindik ere jaso daitezke gaur egungo pentsaeran nagusitutako enpirismoak bazterreratu duen aurreko kultura bateko datuak.

Contenido de esta página

Gorputza

Giza gorputzari buruzko herri ezagutzak, naturala denez, behaketa du iturburu nagusi; baina azterketa hori azalekoa da ezinbestean; larruazalaren azpian dagoen guztiak sarbide zaila du. Arazo hori alde batera utzi izan da, neurri batean, haztatzearen bidez; horri esker, hezur-konpontzaileek balio handiko informazioa eskuratu zuten. Ezagutzarako beste iturburu bat analogia da; etxeko animalien hilketa izan du oinarri, txerriaren hilketa batik bat. Herritarrek anatomiari zein barruko organoei eta haien banaketari buruz dakitenaren zati handi bat animalia sakrifikatuen hustuketaren eta zatiketaren behaketaren fruitu da.

Tenperamentuak, jenioak, izaerak

Inkesta egindako herrietan, tenperamentuak bi talde handitan banatzen dira: lasaiak eta urduriak. Donostirin (NB), horietako lehenari pertsona neurritsua dagokio, espiritu sosegatu eta zintzokoa, eta hari buruz “odol ezkia dik horrek” esaten zen; bestea, pertsona suminkorrari egokitzen zaio, eta hartaz “kexua dek hori” esaten zen.

Ingurunearen eragina

Uste zabaldua izaten da inguruneak eragina duela gorputzaren osasunean; klimari garrantzia ematen zaio, eta begien bistakoa da udako beroen eta neguko hotzen eragina, baina haizeek ere badute eraginik. Halaber, kontuan hartzekoa da urtaro-aldaketek eta ilargiak osasunean duten eragina ere.

Klima

Informatzaileek fenomeno atmosferikoek osasunean duten eragina aipatu dute; adibidez, euriaren, elurraren eta neguko izozteen onurak laudatu dituzte; gehiegizko hezetasunaren arriskuez ohartarazi dute, eta esan dute ipar-haizea osasungarriagoa dela hego-haizeak eragindako sargoria baino.

Urtaro-aldaketak eta ilargiaren faseak

Uste da urtaro-aldaketek, bereziki udaberriaren eta udazkenaren hasierek, nolabaiteko eragina dutela osasunean; arazo gastrikoekin lotura dutela onartzen da, ultzerarekin eta katarroekin batik bat. Udaberriaren hasiera larruazaleko gaixotasunak ugaritzearekin ere erlazionatzen da. Baina urtaro-aldaketa hori odolarekin eta odolaren inguruko gaixotasunekin erlazionatzen da batik bat.

Janzkera. Jantzi osasungarriak eta kaltegarriak

Informatzaileek uste dute produktu naturalekin ehundutako arropak hobeak direla gorputzaren osasunarentzat, zuntz sintetikoak erabiliz egindakoak baino.

Agerikoa eta nabarmena da lihozko oihalek garai batean izandako estimazioa, landare-zuntz horrekin egindako jantziek gorputzak bat-bateko tenperatura-aldaketak izatea eragozten zuelako (Zerain-G).

Gaixotasunen izenak

Gure informatzaileek diotenez, XX. mendearen lehen hamarkadetan, eta baita geroago ere, eskuarki, herriko jendeak gaixotasunak minak edo gaitzak izan zitezkeela kontsideratzen zuen.

Gaitza barrukoa eta zorrotza zenean, koliko zeritzon. Giltzurruneko eta gibeleko kolikoak ezagutzen ziren, baita miserere[1] deitutakoa ere; horrek sabeleko hainbat min hartzen zituen bere baitan, larriak guztiak, hesteetako oklusioa adibidez.

Izurriak

Gaixotasun kutsakor bat izurri moduan agertu denean herri edo eskualde batean, oso eragin handia izan du bizitza sozialean. Herriko jendearen artean, oso bizirik geratu da duela laurogei edo ehun urte izandako izurri horietako batzuen oroitzapena. Horietako bi bereziki gogoratuak dira, gure informatzaileek diotenez: 1885eko kolera morboarena eta 1918ko gripearena.

Berrogeialdiak eta gaixoen bakartzeak

Gaixotasun kutsakorrei aurre egiteko eta haien zabalkundea eragozteko, gaixoa bakartzea zen neurri orokor eta urgentea. Izurria zabaltzen zenean, gaixoak lazareto edo erietxeetan hartzen zituzten; beste kasu batzuetan, gaixoaren etxea jartzen zen berrogeialdian.

Trantsizio garaikideak

Etxeko osasungintzaren arloan XX. mendean izandako trantsizioen artean, informatzaileek nabarmentzen dute baldintza higienikoen eta kultura medikoaren zabalkundeak eragindako bizi-mailaren gorakada; kultura medikoa etxe guztietara iritsi zen, komunikabideei eta osasungintza publikoak eskainitako prestazioei esker.

Etxeko higienea eta elikadura-higienea

Lurraldeko herri guztietan ezarri diren txorrotako urarentzako hoditeriek eta saneamendu sareek higienea hobetu dute, ur beroa, komun-ontziak eta bainugelak ezarri direlako, besteak beste, gaixotasun asko saihesteko baliagarriak diren eguneroko bizitzako aurrerapen nabarmenenak aipatzearren. Halaber, landa-eremuetan argindarra ezartzeak garbigailuak, hozkailuak eta beste etxetresna elektriko batzuk ugaritzea ekarri du, osasunean eragin mesedegarria duen ongizatea ematen dutenak denak ere. Hotzari aurre egiteko berokuntza gaixotasunak eragozten laguntzen duen beste faktore positibo bat da.

Gizarte-segurantza

Gizarte-segurantza hedatzearekin batera, osasun arretak eta medikazioak hobekuntza nabarmena izan dute. Lehen familiako mediku bat edo bi zuten herri askok eskualdeko anbulatorio bat dute gaur egun, zenbait espezialitaterekin hornitua: pediatria, analisiak, errehabilitazioak eta abar. Ospitaleratzeak eta batez ere erietxeetako erditzeak ohiko bilakatu arte zabaldu dira. Espezializazio berriak agertu dira, hala nola masajistak, higienistak..., eta sendabide tradizionalak ordezkatu dituzte. Gaur egun ohikoa da medikuarengana jotzea edozein osasun arazo dela eta.

Medikuntza prebentiboa

Indar handia hartu du medikuntza prebentiboak ere, eta jende askok bere burua zaintzen du gaixotasunik ez izateko.

Enpresa askotan langileek mediku-azterketa egiten dute urtero.

Adin handiko pertsonak aldizka joaten dira tentsio arteriala begiratzera eta kolesterol maila neurtzera. Horrez gain, neguaren hasieran egiten den gripearen aurkako txertaketa kanpainan parte hartzen dute, eta emakumeek osasun publikoak bularreko minbiziari aurre hartzeko antolatutako kanpainetan. Umeei pediatrak aholkatutako txertoak jartzen zaizkie, eta, edozein lesio edo malformazio atzeman orduko, dagokion espezialistarengana jotzen da.


  1. Gaixotasun latza izatetik datorkio izena; izan ere, Miserere (Izan erruki) enterruetan, hau da, gorpua elizara eramaten zen unean, abesten zen 50. salmoaren hasierako hitza da.