V. EREITEA ETA LABOREEN ZAINTZA

Esta página es una versión traducida de la página SIEMBRA Y CUIDADOS DE LOS CULTIVOS. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Ereitea eta landatzea

Ereintza zuzenean egiteko hainbat teknika erabili izan dira, batez ere, haziak aurretik irekitako zuloetan edo ilaretan ezarrita, kapitulu honetan geroagoko atal batzuetan ikusiko den bezala, edo modurik ohikoenean, besagainka sakabanatuta.

Azken kasu horretan, haziak txikiak direnean ez dira bereizten lur gainera botatzerakoan, eta horrek zaildu egiten du ereintza modu uniformean egitea. Arazo hori konpontzeko, ohitura izan da kale batzuk trazatzea, horretarako hondakin begetalak erabilita; horrela, ereilea kale horietan zehar mugi daiteke, markak erreferentzia gisa erabiliz eta ereintza modu egokian egiten dela bermatuz.

Gizakiaren kontsumorako laboreak

Lehentasuna ematen diegu gizakiaren kontsumora bideratu diren laboreei, baina kontuan hartu behar dugu horietako batzuk animalien kontsumorako ere erabili izan direla eta guztien hondakinak azienda bazkatzeko baliatu izan direla.

Zerealak

Zerealak dietaren osagai funtsezkoa izan ziren eta dira. Arabako Lautada osoan, Arabako Errioxan, Nafarroako Erdialdean eta Ebroko Erriberan lur zuriak[1] dira nagusi, zerealei emanak, eta, batez ere, gariari.

Isurialde atlantikoan pixkanaka alde batera uzten joan ziren XX. mendean zehar, eta desagertzen azkena guztien artean erabiliena izan zen, garia. Beste zereal bat, artoa, lurraldearen alderdi honetako hezetasunari hobeto egokitutakoa, garrantzitsuago egin zen, baina azken hamarkadetan, batez ere animalien bazkarako erabilia dagoeneko, baztertuta geratu da hori ere.

Ortuariak

Lekaleen kontsumoa antzinatik dator. Kontsumitutako lehen ortuariak dira, zerealak baino lehenagokoak.

Lekadunak, XVII. mendeaz geroztik gutxienez, zerealekin txandakatzen ziren eta zeregin bikoitza zuten: lurra aberastu laboreen txandaketetan eta elikagai izan aziendarentzat zein gizakientzat.

Lur azpiko barazkiak

Atal honetan, zati baliagarria lur azpian izaten dutenak sartzen ditugu; zati hori sustraia izan daiteke, azenarioaren, txiribiaren eta erremolatxa gorriaren kasuan bezala; zurtoina, zainzuriaren eta pataten kasuan bezala, patata-landarearen lur azpiko zurtoinen loditzearen ondorioz sortutako tuberkuluak baitira patatak; edo hostoak, porruen, tipulen eta baratxurien kasuan bezala.

Aireko barazkiak

Atal honetan, jatekoa lur azalean ageri den zatia duten baratze-landareak sartzen dira. Horien sailkapena egitean, aintzat hartzen da hostoak, loreak ala fruituak aprobetxatzen diren.

Sendabelarrak

Baratzeen bazterretan etxekoentzat edo aziendarentzat sendagai gisa erabiltzen ziren landareak lantzen ziren. Berez hazten ziren landareak izaten ziren batzuetan, jorratzen ez zirenak, erabilgarritzat jotzen zirenez. Ez zen praktika zabaldua, ohitura hori zuten familia batzuena baizik.

Hamarkadek aurrera egin ahala, ahaztu egin zen ohitura hori, bai eta tratamendu tradizionalak ere, baina azkenaldian indarra hartu du berriro ere nekazaritza ekologikoaren joera batzuen alde daudenen artean, eta ez gizakientzat sendabelar gisa erabil daitezkeelako soilik, bai eta beste ikuspegi batetik begiratuta ere: landareak sendatzen dituzten landareak edo, gutxienez, izurriek baratzeko espezieei egindako erasoak mugatzen dituztenak. Arrazoi berberarengatik, bada babesle funtzio bera duten apaindurarako espezieak lantzen dituenik ere.

Drogak

Lantzen lehena tabakoa izan zen. Azkenaldian, gazteen artean zabalduta dago eragin psikotropikoak dituzten kalamuaren aldaerak landatu eta kontsumitzeko joera, “marihuana” edo “maria” deitutakoa.

Gure kulturan betidanik izan da produktu begetal batzuk hartzitzeko ohitura, edari alkoholdunak lortzeko. Antzaldaketa klasikoak izan dira mahatsa ardo edo txakolin bihurtzea, eta sagarra sagardo. Prozesu horiek zabal landuta daude liburuki honetako beste kapitulu batean. Merkatuan alkoholak modu onean eskuratzeko aukera sortu zenean, fruitu batzuk haietan beratzen uzteko joera zabaldu zen, edari alkoholdunak lortzeko; ezagunena patxarana da.

Aziendarentzako laboreak

Karrantzan (B), honako hau da, gaingiroki, aziendarentzako, batez ere behi-aziendarentzako, laboreen urteko zikloa: arbiak amaitzen zirenean, llollobelarra zegoen, eta hori segaz ebakitzen zen hazia bota arte. Llollobelarra amaitzen zenerako, belar berdea zegoen erabilgarri. Behiei hori ematearekin batera, segaz ebaki ere egiten zen belarra, negurako lehortzeko asmoz. Aberastasuna handiagoa izaten zenez lursailetan behietan baino, belar berdea amaitzen zenerako hazita egoten zen altsuma edo belar berri freskoa segaz ebakitako lehen zelaietan. Altsumaren ondoren, pajilla edo erabat heldu gabeko artoa ematen zitzaien. Ondoren, artoa, haren uzta progresiboki jasota, lehenik pajapunta edo landarearen goiko partea, gero hostoak, eta, panojak edo artaburuak kendu ondoren, palitroqueak. Artoa amaitzen zenerako, arbi-hostoa atera zitekeen dagoeneko, eta aurrerago arbiak, zikloa ixteko.

Labore industrialak

Labore industrialak zuzenean ezin kontsumi daitezkeenak dira, eta haien eraldaketa askoz ere probetxugarriagoa gertatzen da banatzaile komertzialentzat. Horregatik, lur azalera handiak behar izaten dituzte, 1 eta 15 ha arteko lursailak eskuarki. Horregatik, berezkoak dira Baskoniako isurialde mediterraneoan, nekazaritzara emanago dauden eta, horrenbestez, mekanizazio eta laboreen intentsifikazio prozesuak izan dituzten eremuetan.

Laboreen zaintza

Laboreak ernamuindu ondoren, edo landatu ostean denbora tarte bat pasatu eta gero, zaintzako lan batzuk egin beharra egoten zen garapen optimoa bermatzeko: jorratu, lurreztatu, ureztatu eta abar; zeregin horien arteko ohikoena jorratzea zen.

  1. Lur zuria zerealen ereintzakoa da. José María IRIBARREN. Vocabulario navarro. Iruñea: 1977, 510. or.