XVI. ETXEA BABESTEN DUTEN SINBOLOAK

Esta página es una versión traducida de la página SIMBOLOS PROTECTORES DE LA CASA. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Etxearen eraikuntza hasten deneko errituak

Gure inkesta guztietan egiaztatu da lehen harria ezarri eta bedeinkatzeko erritua lotuagoa egon dela eraikin publikoen edo garrantzi handiko obren eraikuntzarekin. Kasu horietan, ekitaldiak garrantzia bereganatzen du, pertsona ezagunek eta agintariek parte hartzen dutelako. Oro har, maila handienekoak ezartzen du lehen harria. Haren azpian, kutxa bat ezartzen da, ekitaldiaren lekukotasuna jasotzen duten dokumentuekin, legezko txanponekin eta egun horretako prentsaren aleren batekin[1].

Teikatua amaitzen deneko errituak. Monjorra, bizkar-festa

Etxe baten eraikuntza estalkia ezarrita burutzen denean –modu herrikoian esanda, “cuando se echa el tejado”, hau da, “teilatua egiten denean”–, fatxadako etxe-bizkarrean edo gailurrean adar bat, lore sorta bat edo bandera bat ezartzen da. Ezarpen hori etxe-jabeak ordaindutako bazkari edo afari batekin lotuta dago beti, zeinean eraikuntzan parte hartu dutenak diren bazkaltiar edo afaltiar. Ohitura hori Euskal Herri osoan dago zabalduta.

Etxearen bedeinkapena

Etxearen eta etxeko gelen bedeinkapena obrak amaituta, etxebizitza txukunduta eta familia han bizitzen hasita dagoenean egiten da. Oso zabalduta egon da ohitura hori, eta gure inkestetan ohitura horren lekukotasun batzuk jaso dira. Hala, Beasainen (G), etxea bedeinkatzen den egunean otordu bat egiten da, ahaideren bat eta meza ematen duen apaiza gonbidatuta. Agoitzen (N) eta Agurainen (A), gaur egun, bedeinkapenaren eguneko familia bazkarian etxearen eraikuntzan parte hartu dutenak biltzen dira. Gauza bera gertatzen da Aintzioan eta Orondritzen (N), non etxea bedeinkatzen den egunean familiako kideak etxea eraikitzen lagundu duten herriko pertsonekin biltzen diren mahaiaren inguruan.

Ekaitzaren eta tximistaren aurkako errituak

Aurreko mendeetan, tximistari beldur handia izan zaio etxearen etsai eta haren suntsipenaren kausa posible moduan. Hark egindako kalteak oroitzean, informatzaileek gaizkile bat-bateko eta gizakiaz gaindiko batek eraginak balira bezala hitz egiten dute horietaz.

Tximista hodei ekaiztsuak jaurtitako harria dela dioen antzinako sinesmena jasoa dago oinaztarri euskarazko hitz zaharrean (oinaztu, tximista, eta arri, harri). Litekeena da Gernika-Lumo (B) eskualdean tximista izendatzeko erabiltzen den oneztarri hitza Europako herrialdeetan oso zabalduta dagoen mito zahar batekin lotuta egotea. Mito horren arabera, tximista harri berezi bat zen (ceraunia), lurrera erortzean lurraren barruan sartzen zena zazpi estatuko sakoneraino. Ondoren, estatu bat gora egiten zuen urtero, harik eta zazpi urteren buruan azalera iristen zen arte; ordutik aurrera, etxea tximistatik babesteko dohaina zeukan[2].

Leku batzuetan, hala ere, uste zen tximista brontzezko objektu bat zela, eta, beste batzuetan, esaten zen burdinazkoa zela. Hurrengo atalean jasotzen den ohitura, ekaitza denean etxeak tximistatik besteko atalaseetan altzairuzko aizkorak ahoa gorantz begira dutela ezartzekoa, harrizko aizkorari antzina egiten zitzaion gurtzaren eta haren naturaz gaindiko bertuteei zitzaien fedearen ondorio da. Altzairuzko aizkorek baino lehen, brontzezkoek funtzio bera zutela dirudi: Zabalaitz leize-zuloaren sarreran, Aizkorri mendilerroan, Brontze Aroko aizkora bat aurkitu zen zoruan sartuta eta ahoa gora begira zuela[3].

Etxea babesteko erritu erlijiosoak

Ur bedeinkatua

Tradizio kristauan, ur bedeinkatua etxearen zein hartan bizi direnen babeserako elementutzat hartu izan da. Etxearen bedeinkapena bera ere, zeinak inaugurazioarekin bat egiten duen, Erritualeko otoitzak esanez eta etxeko gela guztiak ur bedeinkatuz ihinztatuz egiten du apaizak.

Hasierako ekintza horretaz gain, etxeetan ur bedeinkatua daukan botila txiki bat gordetzen da urtean zehar. Pazko bijiliako mezan, Zapatu Santuan ura bedeinkatzen zen parrokiako bataiarrian. Ur hori urtean zehar egingo ziren bataioetarako zen. Eliztarrek ur hori jaso eta etxera eramaten zuten Pazko egunetan. Zapatu Santuan etxeetara ur bedeinkatua eramateko praktika Euskal Herriko eremu osoan egon da zabalduta.

Sinbolo eta irudi erlijiosoak

Gurutzeak

Gurutzea izan da sinbolo babesle nagusia kultura kristauan. Zeinu hau modu askotan aurki daiteke etxe baten eraikinaren parte eginda.

Askotan ikusten da fatxadara jotzen duen teilatuaren erpinean burdina forjatuzko gurutze bat, apaingarriekin eta zirriborroekin, eta haize-orratz birakari bat hari erantsita, haizearen noranzkoa adierazteko.

Bi isurkiko estalkia duten baserrien atzeko harresia errematatzen harrizko gurutzeak ere ikus ditzakegu, batez ere Bizkaiko kostaldeko herri batzuetan. Kasu horietan, harresia itsua da eta sabaia baino gorago iristen da, estalkia haizearen indarretik babesteko babesgarririk edo miru-buztanik gabe[4].

Oso ohikoa da, halaber, gurutzeak eta anagramak aurkitzea (JHS), Jesus hominum Salvator, Jesus gizonen salbatzaile, atarteen harrizko arkuen dobeletan grabatuta (Astigarraga-G edo Zangoza-N), edo zuriz margotutako gurutzeak baserri askoren sarrerako ateburuaren edo sukaldeko leihoaren gainean (Moreda-A).


  1. 2010eko maiatzaren 26an Bilboko San Mames futbol estadioaren lehen harria ezarri zen; haren azpian kutxa bat sartu zen, barruan honako hauek zeuzkana: orduko futbol zelaiaren soro puska bat eta palkoaren ondoko kanpoko paretako harri bat, taldearen elastiko bat eta Athleticen kirol-lagunarteen intsigniak.
  2. José Miguel de BARANDIARAN. Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Obras Completas. I. liburukia. Bilbo: 1972.
  3. José Miguel de BARANDIARAN. “Contribución al estudio de la mitología vasca” in Homenaje a Fritz Kruger. I. liburukia. Mendoza: 134. or.
  4. Ernesto Noltek harrizko gurutze horien katalogo xehatua eskaintzen du: “Cruces y monolitos de piedra en tejados (parte zaguera) de caseríos vizcaínos y sus paradigmas” in Kobie. (Serie Etnografía). 1. zenbakia. Bilbo: 1984, 17-67. or. “Nuevos ejemplos de cruces de piedra en tejados (parte zaguera) de caseríos guipuzcoanos y vizcaínos” in Munibe. 42. zenbakia. Donostia: 1990, 469-472. or. Ikus baita ere: Michel DUVERT. “Etxe et croix en Iparralde” in Kobie. Antropología cultural. 12. zenbakia (2006/2007) 535. or.