II. SINTOMAK ETA SENDAGAI OROKORRAK

Esta página es una versión traducida de la página SINTOMAS Y REMEDIOS GENERALES. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Kapitulu honek gaixotasun eta ondoez askok dituzten sintomarik komunenetako bat du gaitzat: sukarra; baita hari aurre egiteko erabili diren bideak ere. Aldi berean, inkesta egindako herrietan ohikoaz besteko sukar motei eta horiei aurre egiteko sendagaiei buruz jasotako datuak erakusten dira. Horrez gain, transpirazioa aktibatzeko metodoak, prozedurak eta elementuak deskribatzen dira, herri jakintzak beti garrantzi handikotzat izandakoak. Igurzketak egiteko metodoei, prozedurei eta elementuei ere eskaintzen zaie atal bat, baita igurzketa aplikatzen zaien gaixotasunik ohikoenei ere.

Contenido de esta página

Sukarra edo kalentura

Jasotako datu gehienek giza gorputzaren infekzio-prozesu bati egozten diote nagusiki sukarra. Moredan, Gaubean (A), Tiebasen, Zangozan eta Vianan (N) esaten dute sukarra sortzen dela gorputzean zerbait gaiztoa dagoenean eta gorputzak behar bezala funtzionatzen ez duenean. Erantzun horixe bera agertzen da herri hauetako inkestetan: Abadiño, Zornotza, Durango (B); Astigarraga eta Beasain (G); horietan, esaten dute sukarrak gorputzaren gorabeherak agerian uzten dituela, eta adierazten duela anomalia bat dagoela, gaixotasun batzuen lehen sintomak agertu direla edo organismoan zerbait gaizki dabilela.

Izenak

Euskaraz, hitz bat baino gehiago dago sukarra eta sukar motak izendatzeko. Gure inkestetan, honako izen hauek agertu dira komuntzat jotzeko moduan: sukarra, Gipuzkoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian; eta kalentura, Bizkaian eta bizkaiera mintzatzen den Arabako eta Gipuzkoako eremuetan.

Sukarrak eragiten dien gaixotasunak

Sukarraren neurria, antzina, esku-ahurra edo masaila bekokian jarrita kalkulatzen zen. Gero, gorputzaren tenperatura neurtzeko termometroa erabiltzen hasi zen, galtzarbean kokatuta, baina, ez zegoenez termometrorik etxe guztietan, beste elementu batzuen antzera, maileguan eskatzen zitzaion termometroa bazeukan auzokideari. Gaur egun, etxe guztietan dago.

Gripe-sukarren edo sukar arrunten aurkako sendagaiak

Antzina, eta gaur egun ere bai kasu batzuetan, ohikoa zen transpirazioa aktibatzeko mekanismo guztiak martxan jartzea, hala nola inhalazioak, lurrunak eta enplastuen aplikazioak, gaixoaren sukarra jaisteko. Herri batzuetan igurzketak egin izan dira gorputzean, alkoholarekin, ozpinarekin, asunekin... Edo landare batzuen infusioak hartu izan dira. Ohikoa izan da ohean egotea ere, izerdia botatzen ahalegintzeko, gorputza burusiekin eta ur beroz betetako botilekin berotuta; ondo estalita egotea, esne beroa edatea eta gaixoa izerditzen hasitakoan aldizka arropa aldatzea, bustita ez egoteko.

Maltako sukarren eta sukar ustelen aurkako sendagaiak

Atal honetarako, Bedaroako (B) informazioa hartu dugu adibidetzat. Familiako norbaitek sukar ustela zuenean, oso ardura handia hartzen zuten gaixotasuna auzokideei ez kutsatzeko; gaixoaren arropa errioan garbitzea debekatzen zen, eta haren gorozkiak lurperatu eta karez estali behar izaten ziren. Gaixoa sendatzen baldin bazen, haren arropa, altzari, tresna eta abar guztiak herriaren (Ea) gune nagusian egoten zen estufara eramaten ziren. Lurrun sufredunez betetako gela bat izaten zen, desinfekzio gune bat, herritik 200 bat metrora ezarria. Aldameneko herriko (Ispaster) petrikiloa gauetan joaten zen sukar ustela zutenen etxeetara, haien familiakoen eskariz.

Transpirazioa

Ondoez asko dira transpirazioa eskatzen dutenak, edo hura aktibatuz gero hobekuntzak dituztenak. Gaiari buruzko ataletan, transpirazioa gaixoari aplikatutako sendagai bat gehiago gisa tratatua izango da; hemen, haren egokitasunari buruzko eta gure inkesten arabera gaixotasunetan duen aplikazio zabalari buruzko aipamena egiten da, baita informatzaileek iritzi hori izateko dituzten arrazoiei buruzkoa ere. Atal honetan aipatutako metodoei lurrunak, inhalazioak, lurrun-bainuak eta gaur egun izerditzeko aplikatzen diren sendagai farmazeutikoak gehitu behar zaizkie.

Gaixotasuna sendatzeko, transpirazioa aktibatzea

Atal honetarako, Erriberagoitiko (A) informazioa hartu dugu adibidetzat. Herri horretan esaten dutenez, antzina, hain fede handia zioten transpirazioari eta beroari, non sukarra zeukan gaixoak, ohean zetzala, ez baitzuen ur tanta bakar bat ere edaten sukarrak irauten zuen bitartean; gehienera jota, egarria jasanezina izanez gero, gaixoaren ezpainak bustitzen ziren ur pixka batez.

Transpirazioa aktibatzeko moduak

Inkesta egindako herri gehienetan, esaten dute askotan sendagaiak ez zirela bakarka aplikatzen, metatuta baizik. Horrela, adibidez, izerditzea aktibatzeko, igurzketak jaso edo bainuak har zitezkeen, eukalipto-lurrunak inhalatu, esne beroa eztiarekin edo likorearekin edan eta burusiz zamatuta etzan, beroa emateko tresna batez berotutako ohean.

Igurzketak

Igurzketak horren beharra duten gorputz atalean aplikatzen diren masajeak dira. Eragindako atala eskuekin igurzten da presio handiagoa edo txikiagoa eginez, kasuak eskatzen duenaren arabera. Praktikatutako mugimendua aurretik atzerakoa edo errotaziokoa izan daiteke. Eskuak kasuaren araberako likido edo ukenduekin lohituta direla egiten da. Batzuetan oihal batekin, eskuila batekin edo landareekin egiten da.

Gaixotasunak sendatzeko, igurzketak egitea

Herri gehienetan, herritarrek darabilten esamoldea “dar friegas” da; .Nabarnizen (B) euskarazko baliokide bat jaso da, bañoa emon; jasotzen duen pertsona, edo haren gorputzaren atal bat, berotzeko balio dute, eta horri esker izerditzea errazteko eta odolaren zirkulazioa aktibatzeko.

Ondoren, inkesten arabera ondoeza arintzeko batik bat igurzketak erabiltzen direneko kasuak edo gaixotasunak aipatzen dira: artikulazioetako oinazeak, bizkarrekoak, erreuma, lunbagoa, tortikolia, katarroak, hotzeriak, gripea, sukarra, hanturak, bihurrituak, tripako minak eta giharretako uzkurdurak.