XV. ANIMALIA BIDEZKO GARRAIOA. GURDIA

Esta página es una versión traducida de la página TRANSPORTE ANIMAL. EL CARRO GURDIA. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Gurdia

Gurdia izan da, antzinatik, landa-eremuan garraiorako ibilgailu erabiliena Euskal Herria eta are Espainia ere gainditzen duen esparru oso zabalean.

Idien eta, sarriago, behien uztarriek tiratutako gurdiak ziren lasto, simaur, kare, egur, harri eta beste material batzuetako zama handiak garraiatzeko modu tradizionala, landa traktoreen bidez mekanizatu aurretik. Euskal Herriko hegoaldeko eskualdeetan gurdiak zaldiek edo mandoek tiratu izan dituzte eskuarki; kasu horretan, gurdien egitura aldatu egiten zen, bi haga izaten baitzituzten, eta animalia haien artean kokatzen zen.

Lera

Leraren edo narriaren aurretik, herri batzuetan jasotakoaren arabera, garraio modu primitiboagoa ezagutu zen, lekuz aldatu beharreko objektua zuzenean arrastaka eramatea edo arbola baten adarraren edo adar batzuen gainean ohe moduko bat eratuta haien gainean arrastaka eramateko.

Horrela, Ataunen (G) oso antzinako metodoa izan zen enborra lur biluziaren gainean irristaraztea. Horrela garraiatutako enborrari lorra zeritzon. Garraio modu horretarako bideei edo lerratokiei lorbidea zeritzen.

Saran (L), treina arbola adartsu bat zen, lurrean etzana, XIX. mendean mendian aldapa beherako garraiorako erabiltzen zena. Horretarako, haien adarren gainean zamatzen ziren garoak, oteak edo garraitu beharreko beste objektu batzuk. Gizon batek tiratzen zuen hartatik, haren zatirik lodienari edo urkilari lotutako soka baten bidez. Batzuetan, harriz zamatuta eta behiek tiratuta erabiltzen zen laborantza sailetan goldeak iraulitako lurra berdintzeko. Kasu horretan arralda zeritzon.

Bernedon (A), idiek tiratutako arbola baten haga kakoduna erabiltzen zen lera moduan. Zornotzan (B), baserri batzuetan arbola baten adar handia erabiltzen zen, parrila moduko bat osatzen zuten adar txikiagoekin. Haren gainean ezartzen zen ebakitako belar pila eta aldapa behera garraiatzen zuten; narra zeritzoten eta arrastaka jaisten zuten.

Karrantzan (B), belar lehorra arrastaka eramateko narra baino modu primitiboagoak erabili izan dira, garraiatu beharreko belarra adar batzuen gainean metatuta. Informatzaile batek gogoan du arte adarrak erabili izana horretarako. Arbola horiek hazten ez ziren lekuetan beste batzuk erabiltzen ziren, hala nola Iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna; gaztelaniaz, espina blanca), oso egokia adarkadura ugari daukalako. Hutsuneak gelditzen ziren lekuetan adar txikiagoak elkartzen ziren. Adarraren abantaila zen ez zela narra bezain erraz irristatzen belardiaren azaleraren gainean; gehiago heltzen zion. Narrak azaroak sortzen zituen aldapa oso handia zenean eta pareak aldapan behera arrastatzen zuenean, batzuetan idien atzeko hanketara irristatzen zelako.

Gure inkestek jaso dute iraganean gurpilik gabeko garraio-gailuak erabiltzen zirela orografiaren ondorioz, zamak aldapa handietan gurdi gurpildunetan garraiatzeak iraultzeko arriskua sortzen zuelako, edo garraiorako tresna horretatik tiratzen zuten animaliak zanpatzekoa.

Uztarria

Uztarria uztargile profesional batek edo herriko eskulangile batek egiten zuen idi pare jakin batentzat. Horregatik, animaliak leku berean kokatu behar ziren beti, bakoitzak bere orkoia zeukalako, besteekiko desberdina, eta uztarriaren indarra animalien adarretan bermatzen zelako. Idiak aldatzean, uztarria egokitu behar zen (Elgoibar-G), lesiorik ez izateko (Agurain-A), eta horrek ez baldin bazuen arazoa konpontzen, berria eginarazten zen (Agurain-A; Beasain, Elgoibar-G). Elgoibarren diote uztarriak zerrendatik hausten zirela askotan, animalietako batek besteak baino gehiago tiratu zuelako une jakin batean. Ohiko uztarria hausten zenerako ordezko bat edukitzen zen beti.

Landan lan egiteko uztarri arruntak zeuden, eta beste batzuk historiatuagoak, azienda azokara, ferietara eta erakustaldietara eramateko. Beste horrenbeste gertatzen zen azienda apaintzeko erabiltzen ziren gainerako elementuekin ere, hala nola kopetakoak, ardi-larrua, kaskabiloak eta abar.

Lehenik idientzako uztarriaren eta haren apaingarrien deskribapen xehatua eskaintzen dugu, Barandiaranek Saran (L) 1940ko hamarkadako urteetan jaso zuen moduan:

Uztarria da gaztelaniaz yugo deritzonaren euskarazko izena; Lapurdiko herri horretakoa adar-uztarria zen, hau da, garondoan bermatuta adarrei lotzen zitzaienetakoa. Bikoitza zen (bi abelbururentzakoa), arku beheratuko ganbelekin, burulekuak; adar-zuloak, adarroatzeak, adarrentzat; muinoiak, kantxuak edo lorturak uztar-hedearentzat; kanalak, folak, uztar-hedea pasatzeko; kantoi-habea edo kanpoko muturra, uztarrimuturra; eta erdiko zuloa, urtedeziloa, trapezio formakoa. Pieza bakarrekoa zen, intxaurrondo zurez –material onena– edo haltz zurez edo lizar zurez landua. Idientzako uztarriak 1,3 m luze ziren, eta behienak 1,1 m luze.

Barruko bi loturen ondoan bi zulo egoten ziren, eta haietako bakoitzean uztar-hedearen mutur bana zegoen finkatuta, herea edo hedea zeritzona. Erdiko zuloak uztarriari urterea edo urtedea zeritzon zirrindola lodi bat, larruzko zerrendekin txirikordatua, lotzeko balio zuen. Uztarriaren aurrealdea ebakidura ugarirekin apainduta egoten zen: gurutzeak, loreak eta, batzuetan, idi-buru estilizatuak.