III. HAURREN TRATUAK, ARAUAK ETA FORMULAK

Esta página es una versión traducida de la página TRATOS NORMAS Y FORMULAS INFANTILES. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Sei edo zazpi urte inguru dituela, haurra amaren eta familiaren babes ordura arte etengabea alde batera uzten hasten da. Haren barne munduan aldaketa bat eragiten dute pentsamendu logikoaren lehen hasikinek; garai batean «zentzua» («uso de razón») esaten zitzaiona, era askotako agerpen moldeekin. Fantasiaren munduak hautemate errealistago bati uzten dio lekua eta haurra ideien arteko loturak ezartzeko eta kategoriak formulatzeko gauza da. Paraleloki, gero eta kontzienteagoa da berak bakarrik ezin dituela ase planteatzen zaizkion premiak, eta senak adin bereko mutil eta neska koxkorrekin batzera bultzatzen du.

Haurrak parte hartzen du haurren gizartearen sorkuntzan. Sozializazio horren adierazpen gorena pubertaroaren hasierara arte irauten duen lagun taldea da.

Talde edo kuadrillaren inguruan benetako mikro-gizarte bat eratuko da, irudika daitekeen konplexutasun eta xehetasun-oparotasun guztiarekin.

Hasteko eta behin, haurren talde bakoitzak partikularki eta denek oro har elkarbizitzarako arau zorrotz eta are irmoak dituzte. Gizabanako batzuek, batez ere beren balentria fisikoen edo beren trebetasunen bidez, denek onartzen duten lidergoa eskuratzen dute. Taldean sartzeko zenbait baldintza bete behar dira, eta behin taldeko kide izandakoan ezin kontatuzko sekretuak partekatzen dira. Fideltasuna garrantzi handiko elementua da eta fideltasuna hausteak taldetik egotzia izatea edo taldea haustea dakar.

Biltzeko lekuak ezartzen dira eta kuadrilla baten helburu gorena txabola eraikitzea edo egokitzea izango da, topaketen egoitza iraunkor, isilmandatuen gordeleku eta eguraldi txarreko egunetarako babes gisa.

Haurren gizarte tradizionala sexuen arabera bereizitako taldetan artikulatzen da ezinbestean. Taldeen arteko bereizketa horretan bada ñabardurarik. Landa guneetako herri gehienetan, bereizketa irmoa da. Mutil koxkor bat neskekin jolasten baldin bada, gutxietsi eta emagizontzat joko dute, marichica dela esango dute; eta, alderantziz, mutil koxkorren jolasen aldeko hautua egiten duen neska koxkorra marimutila dela esango dute gune euskaldunetan, marichico edo marimacho gaztelania mintzatzen den lurraldearen zatirik handienean.

Herri eta gune urbanoetan leku gehiago dute mutil eta neska koxkorren jolas misto jakin batzuek. Baina gune horietan ere badira beste sexuari onartzen ez zaizkion jarduera batzuk. Edozein kasutan, mutil koxkorrek indarraren agerpena lehenesten duten jolasen aldeko hautua egiten dute, jauzien, lasterketen, jazarpenen, jaurtiketen eta borroken bidez, eta neska koxkorrek jolas sedentarioagoak garatzen dituzte, objektuak hala eskuekin (tortolosak) nola zangoekin (Truquemé) manipulatzeko trebetasuna saritzen dutenak, mugimendu erritmikoetan edo irudikapenetan oinarritutako jolasez gain, bai eta hizkuntzan oinarritutakoak ere.

Haurren gizartea, nagusiena bezala, gorputz antolatua da, beraz. Haren jardueren artean leku garrantzitsua dute formula erritualek, ondoren jasotako hauek adibidez.

Contenido de esta página

Trukeak. Trukez truke

Haur batek objektu bat jasotzen baldin badu beste batek emana, eta gero eman dionak eskatzen baldin badio, formula bat errezitatuz erantzuten dio; horren bertsiorik laburrena Pipaónen (A), Barakaldon, Durangon, Getxon, Trapagaranen (B) eta Zangozan (N) jaso da, eta honela dio:

Santa Rita, Rita,
lo que se da no se quita.
(“Santa Rita, Rita, emandakoa ez da kentzen.”)

Aurkikuntzak. Gauzak aurkitu

Haur batek objektu bat aurkitzen duenean eta bere lagunetako batena delako susmoa duenean, goraki ematen du aurkikuntzaren berri, zehaztu gabe zein den objektua. Aldarri horretarako erabilitako formula, aldaketa txikiekin jasoa Apilaizen, Agurainen (A), Durangon, Getxon, Trapagaranen (B), Allon, Artaxoan eta Tuteran (N), honako hau da:

Una cosa me he encontrado cuatro veces lo diré
si no aparece el dueño para mí me la quedaré.
(“Gauza bat aurkitu dut, lau bider esango dut / jabea agertzen ez bada neuretzat izango da.”)

Aldarri horiek entzutean, taldeko kide bakoitzak bere patrikak miatzen ditu objektua berarena den egiaztatzeko. Inor ez baldin bada objektua falta dela ohartu, hura aurkitu zuenak berarentzat hartuko du, eta lau edo bost aldarriren ondoren ezin da jada erreklamatu.

Adiskidetasuna haustea eta berreskuratzea. Haserreak eta konpontzeak

Haurren arteko adiskidetasunaren hausturak ere bere erritualizazioa dauka.

Bermeoko (B) haur bat beste batekin haserretzen denean, harremanak hausteko esaten dio: «Urrun da fitx» («urrun eta kito»). Gaztelaniazko «Cruz y raya» esapidearen parekotzat jo daiteke. Hitz horien ondoren, lurrera tu egin eta listua igurtziko du oin zolarekin. Batzuetan, beste haurrak «Betiko ta betiko» erantzungo dio.

Ondoren, biek buelta emango dute eta bakoitza bere bidetik joango da.

Arauak onartzea. Arauak

Haurtzaroan, haurrak batez ere arau batzuei jarraituz jokatzen ikasten du. Jolasak zozketa baten bidez hasten dira; paperak banatzen dira eta parte hartzeko ordena ezartzen da. Aintzat hartu behar duten lehen lezioa da egokitzen zaien zortearen onarpena.

Horrez gain, jolasak araututa daude. Horien arauek konplexutasun handia hartzen dute eta egoera posible guztiak hartzen dituzte kontuan.

Denek onartzen dituzte arau horiek. Taldean adostutako aldaera batzuk sartu ohi dira, jolasaren funtsari eragin gabe. Aldaera horietako batzuk modu iraunkorrean gera daitezke taldean edo lekuan, eta hurrengo belaunaldira transmititu. Horregatik jolas berean desberdintasunak ikusten dira auzo batetik bestera, herri batetik bestera, eskualde batetik bestera.

Arauak dituzten jolasak dira haurren munduko benetako «jolas» nagusiak. Nortasunaren baliabide guztiak jartzen dituzte abian eta askotariko objektuak baliatzen dituzte horretarako. Tresnarik oinarrizkoena erabil dezakete, hala nola laranja azal bat, bai eta landuagoak ere, hala nola iturri bat. Beste batzuetan ez dute tresnarik behar. Espazio zabaletarako zein espazio murritzetarako jolasak daude. Batzuk trebetasunezkoak dira, beste batzuk indarrezkoak. Beste batzuek bi tasunak batzen dituzte. Badira zorizkoak, hizkuntzazkoak, erritualak eta magikoak, igartzekoak, ezkutaketakoak eta intelektualak.

Haurren jolasek beren arau zehaztuak dituzte, haurraren oroimenean kontserbatzen direnak eta ahoz transmititzen direnak.

Eskuarki, parte-hartzaileetako batek arau horietako bat urratu dela uste duenean honako hau oihukatuz adierazten du desadostasuna: «arrenuncio».

Haur formulak. Haurren esaldiak

Eskuarki haurrak lehen urteetatik erakusten du soziabilitaterako joera, eta ikaskide eta lagunekin era askotako harremanak sortzen dira. Horietako batzuek jolasei dagozkie, baina gehienak elkarbizitzaren arlo guztietan aplikatzen dira.

Tratamenduek oso panoplia zabala eskaintzen dute. Oinarrizko egitura dute batzuek, egitura soila beste batzuek eta bada egitura konplexukorik ere; txantxetakoak eta solemneak, baina ia beti formula erritual batean zehaztutako itxura ia liturgikoa hartzen dute.