XIX. SENAR-EMAZTEEN BIZIKIDETZA ETA FUNTZIOAK

Esta página es una versión traducida de la página VIDA Y FUNCIONES DE LOS ESPOSOS. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Senar-emazteen bizikidetza

Bizikidetza lanean

Gizarte tradizionalean, funtzioak banatuta zeuden familian eta senar-emazteen artean. Funtzio batzuk berariaz senarrarenak ziren eta beste batzuk emaztearenak. Modu eskematikoan, esan daiteke landa-eremuan gizonaren lekua etxetik kanpoko eta ukuiluko lanetan zegoela, eta emakumea etxearekin eta baratzearekin lotutako guztiaz arduratzen zela, baratza, ortua, zeina haren ardurapean zegoen.

Zeregin orokor horien ondoan, inkestetan jaso denez, lan batzuk bien artean partekatzen ziren, baina ahalegin fisiko handiena eskatzen zuten lanak senarrari esleituta zeuden. Oro har jaso da emakumeak gehiago laguntzen ziola senarrari nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan, senarrak emazteari etxeko lanetan baino.

Aginpidea ezkontza-elkartean

Senarra emakumearen mende

Oro har adierazten denez, gure gizarteak normaltzat hartu du tradizionalki emaztea senarraren mende izatea, eta, halaber, ohikoa da emazteak senarra mendean izatea gaitzesten zelako datua, batez ere adierazpen hori publikoa eta nabaria baldin bazen.

Informatzaile batzuek adierazi dute senarra etxeko kontuetan sartzea ere gaitzesten zela, etxea emakumeari zegokion esparrutzat jotzen zelako.

Senar-emazteen bizitza soziala

Bizitza soziala elkarrekin

Landa-eremuan, ez zegoen denbora libre askorik gizarte-harremanetarako, auzotasunezkoez kanpo. Emakumea, gainera, etxeari lotuta zegoen seme-alaben eta azienda xehearen zaintzarekin. Ez zen, horrenbestez, denbora libre askorik geratzen.

Baina biztanleria handiagoa edo biztanleria kontzentratuko guneak zituzten herrietan, gizarte-bizitza pixka bat animatuagoa zen.

Ohikoa da gizonak emakumeak baino gizarte-bizitza handiagoa duelako datua, tabernara doala, kartetan jokatzen duela eta abar, eta, ondorioz, harreman handiagoa daukala jendearekin. Emakumearen adiskidetasunen zirkulua, batez ere ezkondu ondoren, gero eta estuagoa izaten zen sarritan. Herri txikietan, emakumeek zituzten harreman bakarrak ziren mezetatik irtetean auzoko beste emakume batzuekin izandako solasaldiak eta etxeren batean egindako karta jokoak. Bikotekideak elkarrekin joaten ziren inoiz edo behin beren herriko edo inguruko beste herri bateko jaietara edo dantzaldira, baina hori ere sarriago gertatzen zen ezkondu aurretik ezkondu ondoren baino. Ezteietan, bataioetan, hiletetan eta herriko edo auzoko zaindariaren jaietan sartzen ziren ezkontideak beste pertsona batzuekin harremanetan, elkarrekin joanda.

Oro har, egiaztatu da ezkontideek zuten gizarte-bizitza, txikia edo handia, nork bere aldetik gozatzen zutela senarrak eta emazteak. Hala ere, batzuetan elkarrekin joaten ziren.

Umeen heziketa

Emakumearen nagusitasuna

Inkestetan modu orokorrean jasotako datua da umeen heziketari dagokion ardura nagusia amarena izan dela. Seme-alaben eskolaratzearen berri emazteak emandako informaziotik jasotzen zuen, batez ere, aitak. Sarritan, desobedientzia edo portaera gaiztoko kasuetan baino ez zuen esku hartzen; autoritatearen figuraren ordezkari gisa, horrenbestez. Hala ere, funtsezko kontuetan biak batera aritzen saiatzen ziren, eta seme-alaben aurrean bat etortzen. Leku batzuetan jaso da aita gehiago arduratzen zela mutilen orientabideaz eta ama neskenaz.

Emakumearen rola balioen eta sinesmenen transmisioan

Oro har, esan daiteke inkestetan jasotzen dela bi ezkontideen artean emakumea dela umeen hezitzaile nagusia, eta, aldi berean, baita aurrekoengandik jasotako tradizioa transferitzearen arduraduna ere.

Neurri handi batean, emakumeak berari dagozkion zeregintzat dauzka gaur egun ere erlijioari eta gurtzari buruzko zeregin horiek. Hala ere, funtzio tradizional batzuek, hildakoen gurtzari lotutakoak adibidez, gainbehera handia izan dute familia hilobiaren euskarria galtzearen ondorioz. Gizonak bigarren mailako papera izan du oro har etxeko erlijioari dagokionez. Hala ere, jarduera erlijioso batzuen ardura zeukan, hala nola: aziendaren osasuna eta ugalkortasuna lortzeko eskaintzak egin edo mezak enkargatu, lursailen babeserako gurutze bedeinkatuak ezarri, euria eskatzeko errogatibetara joan, San Antonen irudia ezarri ukuiluan azienda gaitzetatik babesteko eta abar. Erlijioaren inguruko erantzukizunen banaketa hori gizonari eta emakumeari etxean dagozkien funtzioen banaketaren isla da. Eta hori xehetasun txikienetan ere islatzen da; oheburuetan edo sutondoan ezartzen den ereinotza, adibidez, emaztearen ardura da; San Joan egunez etxeko atean haritz edo lizar adarra ezartzea, aldiz, gizonaren zeregina izan da beti.

Adopzioa. Urikoak, bortak

Maiztasuna eta izenak

Inkesta egindako herri askotan jaso da antzina, XX. mendearen lehen erdira arte gutxienez, ugariak izan zirela adopzioak. Beste leku batzuetan jaso da urriak izan zirela, biztanleria urria zelako eta familiak ugariak.

Inkesta egindako herrietan bereizketa egin da seme-alaben asimilazioarekin egindako legezko adopzioen eta aldi baterako edo denbora jakin baterako egindako bestelako adopzioen artean, ondorio juridikorik gabekoak, nahiz eta herritarren hizkeran horiek izendatzeko ere adopzio hitza erabili.

Ikusiko dugun moduan, senitartekoen adopzioak eta bestelako kasuak ere baziren arren, aztertuko ditugun lehen kasuak dira ume abandonatuak, umezurtzak, familia oso ugarietako umeak, familia txiroetakoak eta ama ezkongabeenak laguntzeko zereginetara bideratutako erakunde publikoetatik zetozen adoptatuenak.