127 728
ediciones
Cambios
sin resumen de edición
<languages></languages>
== Motzaldia. Ardi-moztea == Gaztelaniazko ''esquilar'' hitzaren baliokide ohikoa, euskaraz, ''ardiak moztu'' da. Horrez gain, forma hauek jaso dira: ''moztu ''(Mendata eta Sollube-B), ''lanea triskillau ''(Sollube), ''ilea moztu ''(Ernio-G), ''ilhe-moxtea ''(Etxebarre-Z), ''ilhe-bizkarratzea ''(Zuberoa) eta ''ardiak eskilau ''(Orozko-B). Aiuriako informatzaile batek (Muxika-B) motzaldiari erreferentzia egiteko ''ardiak mutildu'' esaldia ere erabiltzen du, Gorbean (B) eta Bernagoitian ere (B) gogoratua. Ardiak gordetzen ziren ukuiluan, kortan edo horien atarian egiten zen ardi-moztea, baita artaldea bazkatzen zen landan ere. === Motzaldia, ardi-mozteko sasoia === Inkesta egindako herri gehienetan jaso da ardi-moztea ekainaren amaiera aldean egiten zela. Aramaion, Badaia mendilerroan, Valderejon, Trebiñun (A); Legazpin eta Aizkorri mendilerroan (G) esaten da San Joan eguna, hil horretako 24an ospatzen dena, dela ardi-moztea egiteko data egokiena. Oiz mendigunearen hegietako herrietan ardi-moztea eguzkia berotzen hasia zen garaian egiten zen, San Joan egunaren inguruan. Ezkion (G), artilea udaberriaren amaieraren eta udaren hasieraren inguruan mozten zen, normalean San Joan egunaren inguruan. Ohitura bera jaso da Aralarren Gipuzkoako aldean, zeinean garai egokiena beti izan den San Joanetik gertuen dagoen ilbehera, eta ardi-moztea saroian egin izan den oso antzinatik. Ernion (G), antzina San Joan egunaren bezperetan egiten zuten ardi-moztea, eta, horretarako, artzainek mendian biltzen zituzten artaldeak. Informatzaileek diotenez, ilbeheran egin behar da, modu horretan artilea mozterakoan ardiei zauririk egiten baldin bazaie, odol gutxiago isurtzen da eta zauria arinago orbaintzen da; gainera, ile berria indartsuago hazten da. Aberearen elikadurak eta erditzea gertatzen den uenak ere eragina dute ilearen ugaritasunean. Hala, erditzen azkenak izan diren ardiek gutxiago aprobetxatu dute janaria beraientzat, eta ez dute lehenago erditutakoek adina artile. === Neurri prebentiboak === Artzainek ohartarazten dute manta mozteak aldaketa termiko handia dakarkiola ardiaren gorputzari, eta, horregatik, lehen asteetan adi egon behar da abereak ez hozteko. Aiaraldean (A) informatzaileek gogoan dute zein kaltegarri izaten zen ekaina iritsi aurretik egindako ardi-moztea, aziendaren elikadura kaxkarragoa zenez, eta gaur egun baino gutxiago zaintzen zenez, hotzeriak eta heriotzak eragiten baitzituen. Arrazoi berarengatik, lan hori egiteko tenperatura oneko eguna aukeratzen zen. Artzain batzuek, badaezpada ere, utzi egiten zieten azken artilea ardiei, babestuago egon zitezen; horrela, euria eginez gero, ura gainetik kentzeko aukera zuten eta artileak bero pittin bat ematen zien. Artilea horrela mozteari ''«dejarlas en camiseta»'' zeritzon, hau da, ardiak «elastiko hutsean uztea»; artile guztia kentzeari, berriz, ''«dejarlas en pelotas»'' edo ''«dejarlas en cueros»'' zeritzon, hau da, «biluzik uztea» edo «larrugorritan uztea». Gainera, ordena jakin bati jarraitzen zioten lan hori egitean, guraizeekin lehenik kumerik gabeko ardiei ekinez, azkenean ilea denei moztu arte. === Moztaileak, ardi-moztaileak === Batzuetan, ardi-moztailea artzaina bera izaten zen, batez ere artalde txikia baldin bazeukan, bakarrik edo etxekoen edo gertuko artzainen laguntzaz arituta, trukean egindako lanean; eta beste batzuetan, ohitura zen kanpoko ardi-moztaileen zerbitzuak kontratatzea, gertuko zein urrutiko herrietakoenak<ref>Euskal artzainek Ipar Amerikan zaintzen zituzten artaldeetan, ardi-moztea moztaile taldeek egiten zuten, mexikarrek edo Amerikako indioek osatutako taldeek normalean; zirkuitu batean ibiltzen ziren ardiak zeuden inguruetan eta destajuan lan egiteko kontratatzen zituzten. Lan horretarako, artzainak eskorta iraunkorretara edo aldi baterakoetara eramaten zituen abereak. Eragiketa erditzearen ondoren egiten zen, denbora asko iragaten utzi gabe; erditzea apiril amaieran edo maiatzean izaten zen. Pinturaz markatu ere egiten ziren. William A. DOUGLASS; Richard H. LANE. ''Basque Sheep Herders of the American West. ''Reno: 1985, 175-176. or.</ref>. Egiaztatu da, modu ia erabat zabalduan, lan hori artzain talde batek egiten zuenean, lanak izaera ludikoa hartzen zuela eta ospakizun edo afari batekin amaitzen zela ia beti. == Artilea == Artileak estimu handia izan zuen iraganean, eta, horren ondorioz, batzuetan haren erosketa ardi-moztearen garaia baino lehen konprometitzen zen. Koltxoiak egiteko erabiltzen zen, norberaren etxerako edo auzokideentzat, ezteietako arreoak zirela-eta enkargatuta kasu askotan. Zati txiki bat, tradizionalki, artzainek beraientzat eta beren familientzat gordetzen zuten, etxerako jantziak ehuntzeko. Kalitate maila bat baino gehiagoko artileak zeuden lehen, eta halaxe izaten jarraitzen dute gaur egun. Ekoizpenaren zatirik handiena bitartekariei edo zuzenean ehungintzan erabiltzen duten profesionalei saldu izan zaie, eta saltzen zaie gaur egun ere. == Ardi-simaurra == Euskal Herriko antzinako artzain-bizitzan garrantzi handia izan zuen ardiek sortutako simaurrak, ongarri moduan eta bazkalekuak ordaintzeko erabilia. Neguan artaldearentzat janari bila transhumantzia egiten zen garaian, bazkalekuen alokairua ordaintzeko erabilitako sistema ohikoena zen eskudirua ematea, baina batzuetan jenerotan ere ordaintzen zen, artzainek beren ardien simaurra ongarri moduan utzita eta gazura txerrien janari moduan<ref>José Miguel de BARANDIARAN. «Vida pastoril vasca: Albergues veraniegos. Trashumancia intrapirenaica» in OO.CC. V. liburukia. Bilbo: 1974, 397. or.</ref>. Leoncio de Urabayenek indar handiko datua ematen du. XX. mendearen bigarren hamarkadan –dio–, Iruñeko arroan artzaintza ez zen negozio ona eta «simaurra eskuratzeari esker iraun zuen». Gure inkestetan bide horretatik jotzen duten lekukotasunak daude. Erronkarin (N) artzain batek adierazi du, antzina, udaberriaren amaieran Bardeatik alde egin eta eskortetara joaten zirenean, batzuetan diru gehiago jasotzen zutela simaurra edo ''sirrio'' zeritzona eta gazta salduz, arkumeak salduz baino. Bernedon (A) jaso da San Mikel inguruan, irailaren 29an, saroiko eta herriko kaleetako zaborra enkantera ateratzen zela. Baiaurin, Obekurin eta Urturin (A) ardiaren gorotza onena zela esaten zuten. Nabarnizko (B) artzain batek gogoan du antzina produktu hori ongarri moduan saltzen zela. {{DISPLAYTITLE: XXI. MOTZALDIA. ARDI-MOZTEA}} {{#bookTitle:Abeltzaintza eta Artzaintza Euskal Herrian | Ganaderia_y_pastoreo_en_vasconia/eu}}