Contenido de esta página
Hilotza hiletetan
Erromatar Erritualaren arabera, hileten ekitaldi nagusia hilotza Elizan dagoela emandako meza zen, eta hala izaten jarraitzen du.
XIX. mendean zehar, xedapen zibil batzuek, higiene arrazoiengatik, debekatu egin zuten hilotzak elizetan sartzea, hiletak gorpua bertan zela egiteko[1].
Herri askotan, hilkutxa atarian uzten zen, elizako atearen aurrean, eta hileta segizioa tenplu barruan sartzen zen, non hilen ofizioa eta hileta meza egiten ziren. Horiek amaituta, apaiza atarira irteten zen, segizioa atzetik zuela, hilari absoluzioa ematera. Ondoren, segizioak hilerrira jarraitzen zuen, eta, han, ehorzketa egiten zen.
Herri batzuetan, gorpua bertan zela egindako hileten debekuaren ondorioz, bestelako praktika bat ezarri zen. Hilotza parrokiako elizako atarira eramaten zuten. Han apaizak errespontsu bat errezatu, eta absoluzio solemnea ematen zion hilari; gero, segizioak, edo segizioaren parte batek, hilerriraino jarraitzen zuen ehorzketa egiteko, eta berehala elizara itzultzen zen elizkizunaren ospakizunera. Herri gutxi batzuetan, egiaztatu da hilotza zuzenean etxetik hilerrira eramaten zela, eta, gero, egiten zela hileta meza.
Familiaren doluaren antolamendua elizan
Hileta segizioa tenpluan sartzen da segizioan izan duen ordena aldatu gabe. Mende honen barruan bi garai bereizi behar dira doluaren elizako antolamenduari dagokionez, beste trantsizio egoera batzuekin batera gaur egungora iritsi arte.
Antzinako garaia tenpluaren estaiak funtzio erlijiosoetarako zuen banaketak berak baldintzatzen zuen. Eserlekuak edo tribunak gizonentzat ziren, eta familiako hilobietako aulkiak emakumeek hartzen zituzten. Garai hori bat dator hilotza hiletak iraun bitartean atarian egoten zen edo aurretik hilerrian ehorztera eramaten zuten garaiarekin. Gizonezkoen dolua horretarako erreserbatutako eserlekuan edo eserlekuetan kokatzen zen, «bancos de luto» («doluzko eserlekuak») zeritzenetan; antzina, eserleku horiena azken ilara zen presbiteriotik hasita; gero, doluzko eserlekuak aldaretik gertuen zeudenak izan ziren. Euskal Herri kontinentalean, gizonen doluak elizako tribunetan hartzen zuen berari zegokion lekua; gero, behean kokatu zen, aurreko eserlekuetan.
Nabearen estaian, atzealdean eskuarki, Euskal Herri penintsularrean emakumeak belaunaulkietan kokatzen ziren, bakoitza bere etxeari zegokion hilobian; horrenbestez, doluko emakumeek eurena hartzen zuten. Euskal Herri kontinentalean, emakumeen dolua aurrealdean kokatzen zen, hilkutxaren ondoan.
Hiletara joandako gainerakoak hainbat lekutan egokitzen dira elizan, eta duela gutxira arte gizonek eta emakumeek bata bestetik bereizitako lekuak hartzen zituztela ikusi da, pertsona bakoitza bere taldearen barruan eta bere postua eta kategoria hartuz haren barruan.
.Euskal Herri kontinentalerako, Barandiaranek elizako segizioaren deskribapen komun bat egin zuen. Segizioa parrokiako tenplura iritsitakoan, gizonek elizako galeriak hartzen zituzten hiletak iraun bitartean, eta emakumeak beheko solairuan kokatzen ziren, hilkutxaren albo batean. Hilkutxa mahai baten gainean ezartzen zen elizaren erdian, jaunartzeko lekutik gertu, eta han geratzen zen hileta elizkizunek iraun artean[2].
Hilobiak kendu eta nabeetan aulkien ordez eserlekuak ezarri ahala[3], familiako dolua, hala gizonena nola emakumeena, aldaretik gertuen zeuden eserlekuetan kokatzen hasi zen. Normalean, emakumeak albo batean eta gizonak bestean, herri bakoitzeko tradizioaren arabera. Gero, bi taldeak nahasten hasi ziren, eta gaur egun normalean gizonak eta emakumeak elkartzen dituen familiako dolua bi alboetan kokatzen da, aurreko eserlekuetan.
Lehen eta bigarren garaiaren artean trantsizioa izan zen herri batzuetan, banakako hilobiak kendu eta gero, eta, tarte horretan, hilobi kolektibo bat eduki zen.