Euskal Herriko Atlas Etnografikoa
Euskal Herriko Atlas Etnografikoa José Miguel de Barandiaranek garatutako ikerketa etnografikoko proiektu bat da; euskal herriaren kultura tradizionalaren eta haren bilakaeraren ikerketa du xede
1962an euskal atlas kultural bat egin beharra planteatu zen. Gerraosteak geldiarazi egin zituen hogeita hamarreko hamarkadan hasitako gizarte aldaketak, baina hirurogeiko hamarkadaren hasieran eraldaketa orokor bat nabari zen bizitzaren arlo guztietan.
1965ean Etnologiako Europako Nazioarteko Konferentziak, Stockholmen egina, Europa osoan gertatzen ari ziren aldaketak kontuan hartuta, atlas etnografikoak egin behar zirela aldarrikatu zuen, giza taldeen eta gizarte tradizionalen ezaugarri kulturalak jasoko zituzten landa-laneko inkesten bitartez.
1968an, Zaragozan egindako kongresu batean, Barandiaranek izenburutzat Bosquejo de un atlas etnográfico del pueblo vasco zeukan komunikazioa aurkeztu zuen (Euskal herriaren atlas etnografiko baten zirriborroa).
Hainbat hamarkadatan argitalpen etnografikoetan eta aurretik taldean egindako hiru ikerlanetan pilatutako eskarmentuarekin, Etniker Taldeek Gipuzkoako Ataun herrian 1987an egindako XII. Bilera Nagusian Atlas Etnografikoa egiten hastea proposatu zen. Horretarako, Eskualdearteko Zuzendaritza Batzorde bat sortu zen, lurralde-talde bakoitzeko arduradunek osatua, ikerketa eta idazketa antolatzeko. Lurralde-taldeak, halaber, entitate handiagoko egitura baten barruan konfederatu ziren, Etniker Euskalarria izenekoa.
Contenido de esta página
Ikerketa prozesua
Zuzendaritza Batzordeak zehazten du zein izango den hurrengo urteko edo urteetako ikerketa kanpaina, eta kide guztiei jarraitu beharreko inkesta ematen zaie. Lurralde-talde bakoitzeko arduradunek lurraldeko eskualde desberdinetan kokatutako herrietan egiteko ikerketak planifikatzen dituzte. Aldian behin bilerak egiten dira, ikerketan sortutako zailtasunak konpontzeko.
Atlasaren liburuki bakoitzak, batez beste, ikerketa 70 herritan egitea eskatzen du, eta galdetegia 450-500 informatzaileri aplikatzen zaie.
Kide bakoitzak bere herrian egiten du ikerketa, eta landa-memoria bat idazten du. Lurralde-talde bakoitzeko arduradunek lortutako emaitzak ebaluatzen dituzte.
Bildutako informazioak ez dio iraganean gertatutakoari soilik erreferentzia egiten; izan ere, egungo egoera eta gertatu diren aldaketak ere aintzat hartzen ditu.
Idazketa eta argitalpen prozesua
Atlasen liburukiak egiteko Idazkaritza Teknikoa behar da, lan hori egiteko langileekin eta bitartekoekin. Labayru Fundazioaren Etnografia Arloan kokatu zen hasieratik, Derion (Bizkaia). Bi lokal ditu idazketa lanerako; horretarako, euskal gaien liburutegi zabala dauka, bai eta etnografian espezializatutako beste bat ere. 1988az geroztik, idazketa taldeak egoitza honetan egiten du lan, lurralde-taldeen arduradunekin eta ikertzaileekin kontaktuan. Han jasotzen dira inkesta egindako herri guztietako memoria etnografikoak, baita hari laguntzen dion material grafikoa ere.
Datuak ikertzeko eta biltzeko prozesua dagokion liburuki bakoitzaren lanketa baino lehen egiten denez, bi prozesuak bata bestetik aparte daude denboran. Horrek ahalbidetu du Etniker galdetegiko atal handi ia guztiak osatu ahal izatea, halako moldez non material horiek lantzeko geratu diren. Azaldutako arrazoi horretaz gain, bada pisu handiagoko beste bat landa-laneko ikerketa aurreratzea justifikatzen duena; izan ere, edade handieneko informatzaileen ezagutzari garrantzi handia ematen zaionez, horretan atzeratzeak datu galera nabarmena eragingo luke.
Atlasaren liburuki baten lanketa hasten denean, material hauek sailkatu eta ordenatu egiten dira aurretik. Aldi berean, prestatzen ari den liburukiarekin lotutako bibliografia osoa biltzen da. Horretan, garrantzitsuak dira ikerketa kanpaina egin aurretik antzeko metodologia bati jarraituz egindako argitalpenak, kontuan hartu behar baita Barandiaranek sustatutako bilketa etnografikoa XX. mendearen hasieran jarri zela abian Anuario de Eusko Folklore-ren argitalpenarekin, 1921ean.
Idazketa prozesua nekeza da, liburuki bakoitzaren tamaina handiarengatik eta lantzen diren memorien ugaritasunarengatik. Liburukia argitaratzeko, material grafikoaren aukeraketa bat egiten da, hala inkestatzaileen ekarpena denarena nola jatorri bibliografikoa duenarena.
Zortzi liburuki argitaratu dira:
- Etxeko elikadura. 1990
- Haur jolasak. 1993
- Hileta errituak. 1995
- Jaiotzatik ezkontzara arteko errituak. 1998
- Abeltzaintza eta artzaintza. 2000
- Herri medikuntza. 2004
- Etxea eta familia. 2011
- Nekazaritza. 2017