XV. HILETA EGUNAK
Hiletak ez dira hileta elizkizunaren eguneko kontua soilik. Familiako taldeak, ahaideek eta auzokoek hainbat erlijio ospakizunetan parte hartzen dute dolu garaian. Hileta ekitaldi horien artean, hileta elizkizunaren ondoko mezen bederatziurrena nabarmentzen zen antzina: haren barruan, herri batzuetan ondra mezak zeritzenak egiten ziren. Doluaren amaieran, zeinak gutxienez urtebete irauten zuen, urteburuko meza egiten zen, hiletakoaren errepikapena.
Contenido de esta página
Bederatziurrena
Mezen bederatziurrena, novenario zeritzona, elizan hileta elizkizunaren biharamunean hasitakoa, hileten parte izan da duela urte gutxira arte eta Euskal Herriko lurralde guztietan egiaztatu da. Antzina, familiako kideen eta auzokorik gertukoenen presentzia zuten meza horiek hileta elizkizunaren antzeko solemnitatea izaten zuten. Etxeko taldea osatzen zutenak doluari zegokion moduan jantzita eta seigizio erritual bat osatuz joaten ziren bederatzi egunetan elizara.
Bederatziurren horren berezko erritu bat zen apaizak fuesa zeritzonaren, familiako hilobiaren aurrean, egunero, meza bukatzean, errezatzen edo kantatzen zuen errespontsua.
Bederatziurrenaren antzinako ohiturak hirurogeiko hamarkadara arte iraun zuen oro har, baina aurreko hamarkadetan hasia zen jadanik solemnitatea galtzen, eta, kasu batzuetan, hiru egunekoa izan arte murriztu zen. Gaur egun, hiletaren ondorengo igandean egiten den meza bat baino ez da, eskuarki misa de salida edo irteerako meza deritzona.
Ondrak
Inkesta egindako esparruan, ondrak deritze, honras gaztelaniaz, hilaren omenez haren ahaideen zirkulu murriztu batean egiten diren hileta elizkizunei. Hala ondoriozta daiteke ahaideek hileta ospakizun horietara joateko zuten betebeharretik. Beste hileta ospakizun batzuetan bezala, horietan ere auzokoen arteko lehena edo auzokorik gertukoenak ahaideen parekotzat jotzen ziren.
Bestalde, ondren ospakizunak solemnitate halako bat eskatzen zuen; ondra-meza kantatua izaten zen, eta, normalean, haren aurretik Hilen Ofizioaren zati bat errezatzen zen.
Urteburuko meza
Heriotzaren lehen urtea betetzean egiten zen mezak hiletaren solemnitate eta ezaugarri berberak izaten zituen iraganean. Lanegunez egiten zen, Requiem meza batekin, eskuarki diakonizatua eta aurretik Nokturnoa kantatuta; Katafalkoa elizaren erdian ezartzen zen; familiako hilobia aktibatzen zen argiak piztuta, eta errespontsuetarako limosnak ematen ziren. Ehorzketaren egunean bezala, abagune horretan ere hilaren etxeak otordua edo mokadua ematen zien ahaideei. Urteburuaren ospakizunarekin amaitzen zen normalean hilobiko eskaintzen aldia, eta egun horretatik aurrera arindu egiten zen ahaiderik zuzenenen lutoa.
Hildakoen parrokia-liburuetan, bai eta testamentuetan ere, urteurren hori misa de cabo de año gisa agertzen da (urteburuko meza).
Urteburuko ospakizuna hilaren familiako kideekin, ahaideekin eta adiskideekin egiten jarraitzen da gaur egun ere oro har. Inkesta egindako herri gehienetan igandean egiten da, parrokiako mezetako batean, eta apaizak aurreko igandean iragartzen du; parrokia batzuetan eskela bat jartzen dute horretarako eliz atarian.
Elizkizunean hilaren izena aipatzen da, eta haren familiako kideek lehentasunezko lekuak hartzen dituzte elizan; ez da hiletako inongo otoitzik edo erriturik egiten.
Batzuetan, meza bakarrean bi hilen edo gehiagoren urteburuak batzen dira.
Meza-sariak
Hilaren familiarekiko elkartasun adierazpen bat haren arimaren aldeko mezak ordaintzeko diru kopuru bat ematea da. Herritarrek horri sacar misas deritzote (mezak ateratzea).
Mezetarako diru-emateak elkarrekikotasunez egiten dira, auzo bateko edo herri bateko familiak elkarrekikotasun horretan sartzen dituzten sareak sortuz.
Mezetarako dirua hilaren etxean bertan ematen zen sarritan, beilara joandakoan; beste kasu batzuetan, hilaren familiako emakume bati edo hilaren etxearekin lotura zeukan auzoko emakume bati ematen zitzaion. Zenbait herritan, hiletak dirauen artean eliz atarian dirua jasotzeko mahai bat jartzeko praktika aipatzen da; zerrenda batean, emaileen izenak eta bakoitzak emandako diru kopurua apuntatzen ziren. Zerrenda hori edo familiak egiten zuena hurrengo igandean irakurtzen zen parrokiako mezan, edo elizako ateetan jartzen zen.