XXI. HAURREN GAITZAK

Esta página es una versión traducida de la página ENFERMEDADES INFANTILES. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Kapitulu honetan deskribatutako gaitz gehienek pertsona nagusiei ere eragin diezaiekete –eta batzuetan hala egiten dute–, baina eskuarki haurrek nozitzen dituzte. Beste gaitz batzuk nagusiek dituztenen antzekoak dira, baina tratamenduak, erremedioen dosifikazioak eta beste alderdi batzuek eragiten dute gaitz horiek haurrengan agertzen direnean aparteko kontsiderazio espezifikoa jasotzea. Obran jarraitutako irizpide orokorraren arabera sailkatuta agertzen dira gaitzak; horrela, infekziosoak, larruazalekoak, digestiokoak eta arnasketakoak bereizten dira.

Contenido de esta página

Gaitz infekziosoak

Pertsona nagusiek ere nozitu ditzakete gaitz infekzioso eta kutsakorrak, baina haurrengan indar txikiagoz agertzen dira. Batzuetan, informatzaileek nahastu egiten dituzte batzuk eta besteak. Horrela, erupzio-gaitzei buruz hitz egitean, Orozkon (B), pertsona edadetuek ez dute bereizten elgorriaren, astanafarreriaren, errubeolaren eta eskarlatinaren artean; Bermeon ere (B) ez dute astanafarreria edo errubeola elgorritik bereizten, eta Bedaroan (B), eskarlatina definitzerakoan, adibidez, astanafarreriaren sintomak azaltzen dituzte. Bermeon, halaber, eskarlatinaz hitz egiterakoan, informatzaile batek difteriaren sintomak aipatzen ditu, arnasa hartzerakoan oilarrarena gogora ekartzen duen soinu bat eragiten baitu, eta muturreko kasuetan gaixoaren heriotza eragin baitezake asfixiagatik.

Gaur egun, kanpaina medikoen eraginarengatik eta txertoen onurari esker, gaitz horiek eta gaitz horien ondorioak nozitzeko arriskua askoz ere urriagoa da.

Digestioko gaitzak

Tripako minak

Busturian, Karrantzan eta Durangon (B) haurrei anis-belarrak (Foeniculum vulgare) ematen zitzaizkien tripako minarentzat eta gasak egozteko. Hazia jasotzen zen, eta haurrari ematen zitzaion irakin eta gero. Bedaroan (B) anisen ura ematen zitzaien. Ametzaga Zuian, Mendiolan, Moredan (A) eta Bidegoianen (G) gauza bera egiten zuten, baina anis bolak erosten zituzten farmazian eta egosi egiten zituzten haurrak biberoiarekin hartzeko.

Karrantzan, San Joan egunez eguzkia irten aurretik bildu eta gero lehorrean gordetako malbak, “kamamila bezala prestatuta”, haur txikiei tripako mina arintzeko erabiltzen ziren. Kontatzen dute haur txikiek negar asko egiten zutenean, negarra sabeleko min baten ondorio izan zitekeelakoan, kamamila buruxkak frijitzen zituztela oliba oliotan eta gero tripatxoa igurzten ziotela haurrari harekin. Bedaroan kamamila infusioa ematen zitzaien, urarekin moteldua, eta urdaileko min handia zutenean eta bihurritzen zirenean tripan masajeak ematen zizkieten, batzuetan eskuekin soilik eta beste batzuetan Erramu egunean bedeinkatutako ereinotzetik lortutako errautsekin. Durangon kamamila infusioa ematen zitzaien anis-belarrekin.

Zerainen (G), haurrek tripako mina zutenean, arto-opil lodi bat egosi, eta, bero-bero zegoenean, sabelaren gainean ezartzen zitzaien. Bidegoianen (G) artaburu-bixarrak berotzen zituzten, eta urdailaren gainean aplikatzen zizkieten bero zeudela.

Ameskoan (N), haurrek ez zutenean digestioa ondo egiten, iraganean, urdailaren gainean txokolate pastilla bat jartzen zieten, beroak bigundua, benda batekin lotuta.

Betekada daukan haurrari errizino-olioa ere eman izan zaio libratzeko (Erriberagoitia-A).

Idorreria

Ametzaga Zuian, Bernedon, Mendiolan, Gasteizen (A); Muskizen (B); Astigarragan (G); Agoitzen, Obanosen eta Tuterako merindadean (N) pospolo baten burua (Orozkon-B, txortena) oliotan edo xaboitan busti eta uzkitik sartzen zen, eta han utzi libratu arte (Bernedo). Mendiolan adierazten dute, batzuetan, pospoloaren ordez kandela txiki eta meheak erabiltzen zirela, otsailaren 2an, Kandelario egunean, bedeinkatuak. Idorreria duten haurrentzako erremedio hau glizerinazko supositorioen aplikazioak ordezkatu du.

Karrantzan (B) eta Allon[1] (N), calas zeritzotenak jartzen zitzaizkien haurrei, hau da, pospoloak edo xaboi puska txikiak luzetara moztuak, ondesteko bidetik sartzeko. Tebasen (N), supositorio gisako batzuk egiten ziren etxean fabrikatutako xaboiarekin, eta geroago Chimbo xaboiarekin, eta Orozkon xaboia eskuekin berotu eta metxa baten forma ematen zitzaion.

Arnasketako gaitzak

Haurren arnasketako gaitzei aplikatutako erremedio batzuk nagusiei aplikatutakoen antzekoak dira, baina haurren adinaren eta baldintzen ondorioz behar den ardurarekin eta dosifikazioarekin.

Arraiozen (N), haurren katarroa sendatzeko modu bat zen haien gorputz osoa biluzik ur hotzetan bainatzea. Zangozan (N) malben fruituarekin egindako jarabe bat ematen zitzaien, pan de pájaro zeritzona (txori-ogia); Moredan (A) linazizko enplastuak erabiltzen zituzten, eta Ametzaga Zuian (A) piperbeltzezko eta eztizko enplastuak, haurren bronkitisaren aurka.

Elosuan (G), bularreko katarroaren aurka, koñakarekin igurzten zituzten haurraren bularra eta oinak, ondoren zatar-paper bat ezartzen zitzaion bularrean, gainean txokolatez eta seboz egindako ore bat zeukana zabalduta eta guataz estalita; gainetik elastiko bero bat jantzi, eta ohean sartzen zuten.

Karrantzan (B), eztularen aurka, haurrek alkohol gehiegi ez hartzeko, koñaka ontzi batean isuri eta sua ematen zitzaion, denbora batez sutan utzita “alkoholaren indartsuena erretzeko”, eta geratzen zenari esnea eztiarekin gehitzen zitzaion. Ataunen (G), haurren eztularen aurka, esaten dute ona dela oregano infusioa.

Ohitura zabaldua da haur txikiak oinetatik zintzilik jarri, eta bizkarrean jotzea arnasarik gabe geratzen baldin badira edo korrok egin dezaten.


  1. Ricardo ROS GALBETE. "Apuntes etnográficos y folklóricos de Allo (II)" in Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra. VIII. liburukia. Iruñea: 1976, 458. or.