IX. JAURTIKETA JOLASAK

Esta página es una versión traducida de la página JUEGOS DE LANZAMIENTO. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Kapitulu honetan, objektu baten jaurtiketa funtsezko osagai duten jolasak sartzen dira. Objektuaren izaeraren arabera edo objektua egiteko erabilitako materialaren arabera ordenatuta aurkezten dira jolas hauek. Horrela, lehenik harrien jaurtiketarekin lotutako entretenimendu batzuk aipatzen dira; bai eta «Tapulero» ezaguna ere, buztinaz moldeatutako katilu batekin jolasten dena; eta aldaera asko dituen jolas oso zabaldu bat, izen asko dituena, hala nola «Al calderón», «Al pilocho» eta «Txirikilan»; horretan, parte-hartzaileek punta zorrotzak dituen makila bat jaurtitzen dute makila luzeago baten laguntzaz.

Hurrengo multzoa objektu txiki bat jaurtitzen den jolasek osatzen dute: haritzaren kuku-sagarrak, haziak, puxtarriak, txanponak, pospolo kaxen estalkiak, kromoak edo txapak. Jolas hauek ere erabilitako materialaren arabera sailkatzen dira; dena den, edozein motatakoa delarik ere objektua, modalitateak komunak dira objektu horientzat guztientzat. Kuku-sagarrekin, haziekin eta puxtarriekin egindako jolasen artean dagoen alde bakarra da jolaserako erabilitako elementuena, horiek aldatu egin baitira mendean zehar horiekin egindako jolasek funtsezko aldaketarik izan gabe. Puxtarriek berek ere bilakaera bat izan dute materialei dagokienez, gaur egungo kristalezko modernoetara iritsi arte. Ondoren, botilen txapekin egindako jolasak jasotzen dira, aurrekoen aldean nabarmen desberdinak. Ondoren, baloien jaurtiketekin lotutakoak, eta azkenik iraganean oso ezaguna izandako bat, oinarritzat kontserba poto huts bat airera jaurtitzea duena, karburo hezetuak isuritako gasaren propietate sukoiak aprobetxatuta.

Kapitulu honetan, bi jolas multzoren gabezia igarriko da: bola-jokoarena eta frontoian praktikatutakoena. Gabezia horren arrazoia da jolas horien arauak nagusiek praktikatutako modalitateen antzekoak direla eta, horrenbestez, horien jolasei eskainitako liburukian landuko direla. Haurrek praktikatutako bola-jokoek berezitasun batzuk izaten dituzte kasu batzuetan, hala nola tamaina txikiagoko eta kalitate gutxiagoko bolak eta boloak erabiltzea, eta batzuetan inprobisatuak. Frontoiko jolasen artean zabalduena eskuarki «A primis» edo «Primika» deritzona da. Jolas horren funtsa da pilota eramatean huts bakar bat egin ez duelako aurkari guztiak eliminatu eta amaierara bakarrik iristea lortzen duen haurrak primi edo bizitza bat eskuratzen duela, eta horrek hurrengo partidan hutsegite bat izateko aukera ematen dio, horregatik jolasa utzi behar izan gabe.

Daukan interesa kontuan hartuta, «Botülüzea»[1] deritzon jolasa aipatu dugu, Altzain (Z) egiaztatua eta, antza denez, oso antzinakoa eta frontoiko beste jolas batzuen aurrekaria. Jolas horren praktika labur deskribatuta, jaso den moduan, honako hau da: jokalekua herriko plaza zein zelai lau bat izan zitekeen, soro ordokian. Bi biren aurka lehiatzen ziren eskuarki, biga eta biga, talde bakoitzak gehienez ere bost kide zituela. Jokaleku bakoitzean, harri lau bat zegoen, pilotari botea eginarazteko sakean. Batzuetan, trapu batekin biltzen zen, oihalez. Jokoaren garapena tenisaren antzekoa zen, baina pilota eskuarekin jota. Sakea egiten zuenak bi aukera zituen horretarako, hau da, lehendabizikoan huts eginez gero ez zen falta, lehena gaixtoari. 25 edo 30 puntura jokatzen zen. Frontoiko jokoetako esaldi klasikoak erabiltzen ziren, hala nola «jo!» (eman), «hire», «eni» (niri) eta «paso». Irabazten zuen taldeak partida egiten zuen, eta aurkariek arrabanja (errebantxa) lortzeko aukera zuten, eta berdinketa izanez gero partida erabakigarria jokatzen zen, lilia.

Ez dira sartu pilotak edo baloiak erabiltzen diren jolasak ere, baina, horiek kirol jarduerak direnez, horien garapena unibertsalki onartutako arauen mende dago; hala ere, horietako batzuk, hala nola futbola, erruz praktikatu dituzte haurrek ezarri zirenez geroztik.


  1. Jolas honen deskribapen luzeago baterako kontsulta daiteke, beste argitalpen batzuen artean: E. BLAZY. La Pelote Basque. Baiona: 1921, 186-190. or.