IV. BURUKO GAITZAK
Kapitulu honetan, ikuspuntu mediko batetik begiratuta elkarrekin loturarik ez duten arren, herritarrek buruko gaitzak direla esanez multzo berean sartu izan dituzten gaixotasun batzuk deskribatzen dira. Horien artean daude, gure informatzaileen ikuspegiaren arabera, min soila, zein zorabioak eta bertigoak.
Nostalgia, depresioa, alienazioa eta eromena ere informatzaileek buruan gertatutako gaitzen ondoriozkotzat jotzen dituztenen artean daude.
Beste multzo bat ikarak eta konbultsioak eragiten dituzten gaitzek osatutakoa da, hala nola behiala San Vitoren dantza deitutakoa, umeen espasmo nerbiosoak eta epilepsia.
Contenido de esta página
Buruko minak
Izenak eta motak
Informatzaileek buruko minari izen horrekin deitu ohi diote (Erriberagoitia-A, Lezaun-N). Asko jota, jaqueca gaztelaniazko izenez deitutakoa bereizten dute, eta kasu batzuetan sinusitisak eragindako oinazeak, neuralgiak eta katarro-prozesuen ondoriozko kongestioak. Baina batzuetan elkarrekin nahastu egiten dira oinaze mota hori eragiten duten gaixotasun batzuk.
Buruko minen kausak
Atal honetarako erreferentzia gisa Hondarribia (G) hartu da; buruko minen jatorrian honako hauek daude: nahigabeak, arazoen ondorioz larrituta sentitzea, lorik ez egitea, tentsio altua izatea, gehiegi edatea edo infekzio bat izatea.
Informatzaileek argi bereizten duten buruko min bat sinusitisarena da, beharbada bere kokapenaren ondorioz. Gaixotasun honi aurre egiteko, berbena-belarrarekin (Verbena officinalis) eta arrautza zuringoarekin prestatutako kataplasma mota bereizgarri bat erabili izan da. Arnasketako gaixotasunei eskainitako atalean sendagai horien berri ematen da.
Buruko minen aurkako sendagaiak
Min hauek arintzeko, azkenaldian analgesiko gisa eragiten duten produktu farmazeutikoetara jotzen da, baina lehen oso bestelako metodoak erabiltzen ziren.
Bertigoa eta zorabioa
Bertigoa
Azkueren Hiztegiak honako izen hauek jasotzen ditu: zorabioa, Bizkaian eta Gipuzkoan; zoradura, Gipuzkoan; zoralda eta txoradura, Ainhoan (L); eta burtzoradura eta burtzoraldia, Duvoisinen arabera; txorabildua, Gipuzkoan.
Agertzeko arrazoiei dagokienez, gaur egun, medikuei esker, Astigarragan (G) jakinekoa da belarriko edo lepaornoko arazoengatik sor daitekeela. Muskizen (B), hain zuzen, belarriak garbitu eta etzatea gomendatzen da.
Gaitz hau tratatzeko baliagarri diren sendagai gutxi jaso dira, eta, informatzaileek sendagai horiek deskribatzeko modua kontuan hartuta, ondorioztatzen da batzuetan zorabioarekin edo konortea galtzearekin nahasten dutela.
Zorabioa
Ametzaga Zuian (A) diote zorabioak izan daitezkeela, besteak beste, ahuldadearen, anemiaren eta haurdunaldiaren ondorio. Moredan (A), zirkulazio-arazoen, tentsioa jaistearen, haurdunaldiaren, familia-arazoen, nahigabeen eta sustoen ondorioz. Durangon (B), tentsioa jaistearen eta hipogluzemiaren ondorioz. Murchanten (N), gaur egun, uste dute lepaornoko zein belarriko arazoen ondorioz gerta daitezkeela, baita diabetearengatik eta beste arrazoi batzuengatik ere.
Mozkorraldia
Mozkortutako pertsona bat bere onera itzultzeko metodoen artean, erabilienetako bat gonbitoa eragitea da. Eta helburu hori lortzeko erabilitako metodoen artean dago gatza erantsitako edariak edanaraztea ere, kafea gatzarekin edo ura gatzarekin, adibidez. Arrautza zuringoa janaraztea, atzamarrak ahutzetaraino sartuta gonbitoa eragitea eta amoniakoa usainaraztea dira beste metodo batzuk.
Nostalgia, bizi-tristura, herrimina
Hemen, bi nostalgia motaren berri jasotzen da, depresioarekin erlazionatutakoarena eta harengandik urrundutakoan norberaren jatorriko lekuarekiko sentitzen denarena.
Nostalgiaren jatorria
Apodakan (A), familiako norbaiten heriotzari edo beste edozein ezbeharri egotzi ohi zitzaion. Erasanari laguntzeko ahalegina egiten zen, bisita eginez eta landako lanetan laguntza emanez.
Nostalgiaren aurkako sendagaiak
Jaso diren sendagaiek bilatzen dute erasana distraitzea (Agurain, Mendiola, Moreda, Pipaón-A), erasanaren familiako kideek eta lagunek babesa ematea (Muskiz-B, Moreda-A), erasanari adore ematea (Gaubea-A), erasanak, bere kabuz, gustuko izango dituen hainbat jarduerari ekitea (Mendiola, Moreda), edo, besterik gabe, erasanak gogor lan egitea (Bidegoian, Elosua-G, Erroibar-N).
Alienazioa. Burutik egon
Eromenaren kausak
Informazio ugari jaso da herritarren ustez gaixotasun hau eragiten duten kausei buruz. Hala ere, aurre egiteko sendagairik ez da ia aurkitu, eta aurkitu diren sendagai urriek nerbio-egoerak lasaitzearekin zerikusia dute.
Nerbioetako gaixotasunen aurkako sendagaiak
Nerbioetako gaixotasunak kezka-iturri izan dira, erasaten duten pertsona hilduratu egiten baitute. Hala ere, onartzen da ez direla erasaten dutenari kalte handia eragiteko bezain larriak, eta kasu batzuetan txepelkeriak ere badirela. Baina esaten da, halaber, kontrolatu ezean eromenera eraman dezaketela.
Tila da nerbio-egoerak lasaitzeko infusiorik erabilienetako bat.
Epilepsia, erortzeko mina
Epilepsiaren sintomak
Kasu batzuetan nerbio-krisi konbultsibo hauek konortea galarazten diote erasanari, ahotik aparra edo elder zuria botarazten diote eta begiak zuri geratzen zaizkio. Krisia jasaten zuenak bortizki mugitzen zituen gorputz-adarrak, eta horiei eutsi beharra izaten zen, minik har ez zezan. Zapi bat, makila bat edo beste edozein objektu ezarri behar zitzaion, halaber, ahoan, mihiari kosk egitea galarazteko (Moreda-A).
Epilepsiaren aurkako sendagaiak
Gaixotasun honen ezaugarrien ondorioz, antzina uste izan zen, aurretik ere esan izan dugun moduan, gaixoak demonioak hartuta edo deabrututa zeudela, eta, ondorioz, ohikoa zen praktika erlijiosoetara jotzea.
Gaixotasun honen aurkako herri-sendagairik ez zenez, medikuarengana jotzen zen; baina ardura batzuk hartzen ziren pertsona batek epilepsia-krisi bat zuenean, lesio larriagorik eragin ez ziezaion bere buruari.