127 728
ediciones
Cambios
sin resumen de edición
Ezkontza zibila Udaletxean edota Epaitegian egiaztatzen da, eta apurka-apurka duintasun handiagoa hartuz joan da. Hala ere, inkestari erantzuna eman dioten lekukoen esanetan, eleizan ospatzen diren ezkontzek baino handitasun gutxiago dute. Hego Euskal Herrian ezkontza zibil gutxi izan da, baina azken bolada honetan gero eta gehiago egiten dira.
Duela hamarkada batzuk, behin zeremonia amaituta zegoenean, emaztegaiak lore-sorta oparitzen zion Amabirjinari eleizan bertan edo beraren omenezko kaperan. Zenbait herritan, ostera, lore-sorta familiaren hilobian uzten zen. Lore-sorta lagun bati ematea edota airean goraka botatzea ohitura nahiko berria da, eta azken ohitura honi lotuta badago uste bat, lore-sorta hartzen duena izango dela lehena lehena ezkontzen, hain zuzen.
Ezkontzako argazkiak gizabanakoen bizitzako une garrantzitsu hori betikotzen du, eta ohitura moduan duela hamarkada asko hedatu zen. Ezkonberriak argazkilari baten estudioara joaten ziren argazki ofiziala egitera. Gero, argazkiari markoa jartzen zitzaion eta etxeko gela garrantzitsuenean esekitzen zen. Etxetik urrun bizi ziren senideei kopia bana bialtzen zitzaien. Ipar Euskal Herrian, ezkontzara joandako guztien argazkia egitea ezkontzako zeremoniaren atal berezia zen.