Aitzin solasa
Aurreko gizaldiaren azken urteetatik eta hona asko dira Euskal Herriaren ohituren berri emanez egin izan diren ikerlanak. Dena den, lan honeek ez dute eman geure herriaren kultura-aberatsaren berri, eta hauxe da edozein gizatalde ongi ezagutzeko era bakarra.
Gure herriak, aintzina-aintzinako ezaugarriak baditu ere, ez du ordea bere buruaren berri eman dezaken Atlas kulturala. Atlas honen bitartez Euskal Herriak bere buruaren berri eman eta honekin batera bisitariek edo ezagutu nahi dutenek gure bizimodua eta edestia ikasi eta inguruko beste herriengandik bereiztu eta hobeki ikertuko dute.
1963. urtean Nafarroako Unibertsitatean euskal kultura alorreko katedra-arduradun izendatu ninduten, eta bertan egin nuen hamasei bat urte. Irakaskuntza-lan haren osagarri legez ikerlari talde bat hezi nuen Nafarroan bertan, eta ETNIKER izena eman, hau da: Etniaren ikerketan jardungo zuen taldea. Nafarroako ETNIKER hura bertako Unibertsitateak babestu zuen ordutik aitzina. Urteak joan urteak etorri, eta hainbat erakunderen babesean, Euskal Herriko beste hainbeste ikerlari-talde eratu zen: ETNIKER Gipuzkoa, Aranzadi Zientzia-Elkartearen itzalpean, ETNIKER Bizkaia Labayru Ikastegiaren kerizpean eta ETNIKER Araba, gaur egun Arabako Etnografia-mintegia abaro duela. Azken urteotan ETNIKERko beste talde bat antolatu dugu Iparraldean, Baionako Lauburu Elkartearen babesean.
ETNIKER talde guzti hauen antolakuntza federala da, eta Euskal Herriaren ohizko kultura dute ikasgai. Euren eginkizun nagusia biziera-gaiak, ohiturak eta herri-siniskerak, gure herrietan ageri diren modu berberean, eta baita egun bizi duten aldaeraren berri ematea da.
1921 urtearen aldera, eginkizun hauetan hasiberri ginelarik, gure lehenengoetariko asmo bat zera izan zen: inguruko beste herri batzuetako elkarte etnografikoek erabili izan zituzten galdekizunak hartu eta berton tokian tokiko itaunketak egitea, gure lanetarako lehen-gaia finkatuz. Halako lanetan jarduteko eta ikerketen jarraipena ziurtatzeko adituen trebakuntza izan nuen helburu, eta horretarako Eusko Folklore erakundea sortu. Orduko gure ikerketak, oraingoak bezela, pentsakera, sentikera eta egikerari buruz ziren, batipat ohizko bizierak kontuan hartuz.
Aintzinako euskal bizierak jasotea derrigorrezkoa dugu, egungo bizimoduak hauek guztiz itxuraldatu eta desagerrerazi baino lehen. Horregaitik ezinbestekoa deritzaiot euskal lurraldeetako eskualde ezberdinetan egindako monografiak argitaratzeari. Hori zela-ta, 1969.ean, eta lau urte lehenago Europan Nazioarteko Konferentziak ezarritakoari jarraituz, Guía para una encuesta etnográfica egin nuen: Berau dugu ETNIKER taldeek Euskal Herriko lau alderdietan erabili izan duten inkesta.
Argitalkuntza honek giza-biziarentzat hain garrantzitsu den azkurriaren edo elikaduraren arloa dakarkigu hona. Lehen urrats honen ondoren, eta gure galdekizuna guztiz osatu arte, agertuko dira beste lan batzuk hurrenez-hurren. Lan honeen osatzean, tokian tokiko ikerketa egin eta, EUSKAL HERRIKO ETNIKER talde guztiek hari berberari darraiotela jokatu izan dute.
Gai guztien bilketak euskaldunen egikeren ezagutza hobea ekarriko du, bai aintzinako ohiturazkoena, bai beraiek egun bizi duten aldaerarena ere. Honekin batera, kultura ezberdinen ikerketan euskaldunen etnografia partaide izan dadin urrats ederra izango dela uste dut.
Hainbat urte igaro da 1921.ean eginkizun honi ekin genionetik, nahiz eta, gorago aipatu dudanez, beste izenburu bat eman eta ikerketabidea zertxobait aldatu dugun. Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker Atlasaren lehen liburu honek argia ikusi du oraingo honetan.
Zorionez tokian tokiko ikerlanek egunean egunean izen hobea hartuz doaz, aurrekoetan baino hobe suzpertu eta landu izan ohi dira, eta horregaitik arlo honen etorkizuna itxaropenez ikusten dut. Euskal Herriko Atlas Etnografiko honek ekarri dituen ikerketa-lanei eredugarri deritzaiet. Geure aintzinako egitasmoa gorpuztuz doala uste dut. Eta hau guzti hau ETNIKER taldeek egin izan duten jardu era trinkoari esker.
Gure ekinbidearen xedea ekintzen bilatzean metodologia bati jarraitzea izan beharko luke, lekuan lekuko ikerlanean, eta norbera bere ingurukoa ezagun duelarik. Hauxe izan dugu geure ekintzabide etnografikoaren iturburu, eta hauxe izan behar baita honen ondoren etorriko diren lantegien neurria. Hala izan dadila bada.
Barandian'go Joxemiel
Ataun, 1990eko Maiatza