XIII. NEURRI-UNITATEAK

Esta página es una versión traducida de la página UNIDADES DE MEDIDA. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Sarrera

Frantziako Asanblea Nazionala unitate sistema egonkor, uniforme eta soil baten alde agertu zen 1790ean, eta metroa aukeratu zuen luzerako oinarrizko unitate gisa, hau da, Lurraren meridianoaren koadrantearen hamar milioirena. Metrotik abiatuta definitu ziren: bolumen unitatea, litroa; pisu unitatea, grabea, zeina gero gramoa deituko zen; eta azalerakoa, area.

Sistema Metriko Hamartarra 1795eko lege batek sortu zuen, eta haren bosgarren urteurrenean, 1800. urtean, derrigorrezkoa egin zen Frantzian, beste edozein sistema erabiltzea debekatuta. Sistema unibertsal gisa ezarri zuen Metroaren Tratatuak (Paris, 1875), eta Pisuen eta Neurriei buruzko Konferentzia Orokorrak baieztatu zuen (Paris, 1989). Haren helburua zen neurketa unitateak bateratzea eta arrazionalizatzea, honako ezaugarri hauek izan zitzaten: neutraltasuna, unibertsaltasuna, praktikoak izatea eta aise erreproduzitzeko modukoak izatea. Hiru dira oinarrizko magnitudeak: metroa, luzera unitate gisa; kilogramoa, pisu unitate gisa; eta segundoa, denboraren neurri gisa; horietatik abiatuta, horien multiploak eta azpimultiploak.

Espainiako Estatuari dagokionez, nahiz eta 1849an, Elisabet II.aren garaian, Pisuen eta Neurrien Legea onartu, Sistema Metriko Hamartarra zabaltzeko denbora asko behar izan zen, antzinako neurriak oso sustraituta zeudelako. Sistema Metriko Hamartarra pixkanaka ezartzearekin batera, neurri tradizionalek eta horiek zehazteko bitartekoek eta tresnek lekua utzi diete berriei. Espainian ezartzeko lehen ahaleginak XIX. mendearen erdialdean egin ziren[1]; hala, adibidez, Nafarroako Viana herriko udaletxera Sistema Metriko Hamartarraren unitateen bilduma bat iritsi zen 1868an; ordura arte, antzinako neurriak erabiltzen ziren. Horietako askok gaur egun arte iraun dute, edo gutxienez duela hamarkada gutxi arte, sistema ofizialarekin elkarbizitzan bada ere, eta, batzuetan, ikusiko dugun bezala, baliokidetasunak zehaztasunez ezagutu gabe.

Areago, testu honen irakurketatik ondorioztatu ahal izango den moduan, printzipioz berberak ziren neurriek aldaketak izaten zituzten leku batzuetatik besteetara, baina horrek ez zeukan garrantzirik, antzina produktuen merkataritza eta trukea lurralde murritzean egiten zelako eta, hartan, jendeak baliokidetasunak ezagutzen zituelako, eta horrek interesa kentzen zion beste herri batzuetakoekin zehazki bat ez etortzeari.

Neurriekiko atxikimendu bat egiaztatu da, haiek kendu eta mende eta erdi geroago ere irauten duena.

Zeanurin (B) jaso da neurri asko Sistema Hamartarrarekin batera bizi izan direla, zeina derrigortasunez ezarri zen XX. mendearen bigarren hamarkadan. Ordura arte, adibidez errotetan, harrizko pisuak erabili ziren, ordutik aurrera debekatuak. Era horretako pisuak, osagarri moduan heldulekuari atxikitako eraztunak edo burdinak dauzkatenak, kontserbatu egiten dira gaur egun ere herriko errota batzuetan.

XX. mendeko azken hamarkadetan, herri batzuetan indarrean jarraitzen zuen artean ere hainbat neurri-unitatek, besteak beste: obrero edo gizalana, azalera unitate gisa; cántara edo pegarra, ardoarentzat; eta azumbre edo pitxerra, libra eta cuartillo edo pinta erdi ardoarentzat, esnearentzat eta olioarentzat. Alearentzat, irinarentzat eta patatarentzat, fanega edo anega eta celemines edo lakariak. Neurri horietako askoren erabilera galdu egin da, bai eta haien oroitzapena ere informatzaile edadetuenen oroimenean, hau da, haiek erabili dituztenen oroimenean.

Inkesta egindako herrietako landa-lanetan jasotako eta deskribatutako neurriek neurketa egin ahal izateko tresneria behar izaten dute sarritan. Etxeek neurketa tresna batzuk edukitzen zituzten, ez guztiak, jakina.

Giza gorputza, neurri-patroi

Giza gorputza unitate batzuen jatorria da, hala nola hazbetea, arra edo zehea, braza eta oina, gure lanaren esparru den lurraldean ezezagunak diren beste batzuez gain[2]. Horrez gain, ohikoa da neurketak egiten jarraitzea atzamarrak erabiliz, eskua atzamarrak luzaturik, hau da, arra edo zehea, oina edo pausoa, sistema metrikoarekiko baliokideak diren neurri-unitateetan pentsatu gabe, horren ordez patroi gisa gorputzaren atal horiek hartuta.

Karrantzan (B), giza gorputza neurri-unitate gisa hartzearekin lotutako hitz batzuk jaso dira. Horrela, diote hazbetea (gaztelaniaz, pulgada) erpuruaren muturraren eta lehen artikulazioaren arteko distantzia dela, tolestuta dagoenean, eta arra edo zehea (gaztelaniaz, cuarta edo palmo) eskua luze jarrita erpuruaren eta hatz nagiaren muturraren arteko distantzia.

Lekuan bertan distantzia bat neurtu behar denean, pauso luzeak emanez kalkulatzen da, horietako bakoitza metro baten baliokidetzat jotzen baita. Bedaroan (B) ere pausue neurria jaso da, metroaren baliokidea gutxi gorabehera eta zabalera gutxiko lursailetako distantziak eta luzerak neurtzeko erabilia.

Informatzaile karrantzarrek adierazten dute, metro bat kalkulatzeko inongo trepeta mekanikorik gabe eta erreferentzia gisa gorputza bera erabilita, beso bat luzatzen dela horizontalki alde batera eta metro bat dela urrundutako eskuaren atzamarren muturren eta beste besoaren hasieraren arteko tartea. Antzeko moduan, kana (gaztelaniaz, vara) atzamarren muturren eta norberaren beso luzatuaren hasieraren arteko tartea da.

  1. 1849ko Pisuen eta Neurrien Legeak derrigorrezkotzat jo zuen sistema metriko hamartarraren erabilera merkataritzako salerosketa guztietan, eta 1852ko abenduaren 9ko Errege Aginduak Espainiako probintzia guztietako antzinako neurrien legezko metrikekiko korrespondentzia ofiziala ezarri zuen. Baliokidetasunetarako, honako dokumentu hau kontsultatu daiteke Espainiako Meteorologia Zentroan (CEM), helbide elektroniko honetan ere ikusgai: www.cem.es/ sites/default/files/00000458recurso.pdf.
  2. Izan ere, luzerako neurri tradizionalei eta beren arteko proportzioei erreparatzen badiegu, Leonardo da Vinciren marrazki ezaguna ekartzen diguten gogora: Vitruvioko Gizona. Brazaren baliokidea da beso zabalduen zabalera osoa, eta estadioa bat dator altuerarekin, eta biak berdinak dira, eta horregatik karratu bat zehazten dute. Brazak bi kana ditu, halako moldez non haren luzera bularrezurra eskuaren muturretik banatzen duen distantzia den; besoa tolestuz gero muturrarekin bularraren erdia ukitu arte, beso bat lortzen da, kana erdia; lau arrak edo lau zehek kana bat osatzen dute, hiru oinek edo hiru tertziak bezala. Gizonaren beso zabalduek eta haren altuerak osatzen duten karratuaren aldeen barruan dagoen azalera braza karratua da, eta karratuaren aldea ez baldin bada sei oinekoa, zazpikoa baizik, obra honetan aipatzen den bibliografian egiaztatu ahal izango den bezala, karratu hori bider ehun gizalan baten baliokidea izango da.