XIII. IMITAZIOKO, ANTZEZPENEKO ETA MIMIKAKO JOLASAK
Imitazioko jolasak izenpean sartu diren jolasetan, haurrek, beren sormenak eta berezko espontaneotasunak bultzatuta, pertsona nagusiei esleitutako funtzioak, egoerak, lanak edo zereginak irudikatzen dituzte. Antzezpeneko eta mimikako jolasek, berriz, haurrek imintzioak eta keinuak baliatuz egiten dituzten parodiei egiten diete erreferentzia batez ere, batzuetan kantu batek adierazten dizkieten jarraibideei kasu eginez, baina beti hari gidariaren lana egiten duen gidoi edo istorio gutxi-asko definitu baten bidez.
Orrialde honetako edukia
Imitazioko jolasak
Uzandraka
Oso jolas zabaldua da neska koxkorren artean, batzuetan mutil koxkorrek ere parte hartu arren. Amen jarduerak imitatzea da kontua, panpinak zainduz eta beren etxeetan ikusten dituzten lanak eginez. Horretarako, batzuetan jantzi zaharrekin mozorrotzen dira, nagusiago izateko itxura izateko.
Dendaketan
Oso entretenimendu ohikoa da eta izan da neska koxkorren artean «Dendaketan» jolastea. Jostailurik ez zutenez, landareak, betun-kutxen estalkiak, paperak eta oholak erabiltzen ziren dendaren eta han saltzen ziren produktuen itxurak egiteko. Aire zabalean jolasten ziren, eta batzuek saltzaile izateko itxurak egiten zituzten bitartean, besteak erosketak egitera joaten ziren.
Sukaldetan
Neska koxkorren artean oso ohiko jolasa da; «ontzitxoak» erabiliz, jokalariek otorduak prestatzen dituzte etxekoandreen zereginak imitatuz. Askotan aurrekoaren osagarria da, eta bi jolasak batera praktikatzen dira.
Medikutara
Jolasaren muina da medikuen lanbidea imitatzea, haurrek medikuarena eta gaixoarena eginez, mediku baten kontsultara joango balira bezala osasunaz arduratzera. Zabalkunde geografiko handia dauka, eta betidanik praktikatu izan dute haurrek.
Antzezpeneko eta mimikako jolasak
Antón Pirulero
Oso jolas zabaldua da. Hau da garapena: ama batek, eserita, neska eta mutil koxkorren talde baten buru egiten du, horiek ere eserita, korro batean. Korroko kide bakoitzak egokitu zaion lanbidearen keinuak imitatu behar ditu, amak atzamar lodiarekin kokotsean hazka egiten eta kantatzen duen bitartean. Kantuaren amaierako zatiak hainbat aldaera dauzka herrien arabera.
Kantuaren edozein unetan, amak atzamar lodiarekin kokotsean, Elgoibarren eta Hondarribian (G) atzamar erakuslearekin sudurrean, hazka egiteari uzten dio, eta lanbideetako baten keinuak egiten ditu, eta orduan lanbide hori esleituta duen haurrak egin behar du ama egiten ari zena. Distraituta egoteagatik edo huts egiten duelako ez baldin badu hori egiten, prenda bat ordaindu beharko du. Hirugarren prendara iristean, eliminatuta geratuko da. Amaieran, prendak ordaintzen dira; zigor txikiak dira, hala nola etxe bateko atea jotzea, norbaiti musu ematea, harri bat ekartzea eta abar.
José Iñigo Irigoyenek[1] jolas honen bestelako aldaera bat jaso zuen Arabako lurraldean. Jolasaren amo bat dago, eta hark esleitzen dio lanbide bat jokalari bakoitzari: sastrea, zapataria... Zapi handi baten muturrei eusten diete denek esku batez, hartatik tira eginez, halako moldez non tenkatuta geratzen den. Beste eskua libre geratzen da, une egokian esleitutako lanbidea praktikatzeko keinuak egiteko. Amoak kantuz imitatzen ditu nahieran ezarritako lanbideak.
Gerraka
Herri askotan ohikoa izan da auzoen arteko borrokak antolatzea, «Gerraka» jolastuz. Horretarako, arkuak, geziak, tiragomak, harriak eta are ukabilak ere erabiltzen ziren, eta, ondorioz, askotan borroka «mutur-joka» amaitzen zen. Gaur egun, haurrek plastikozko pistolak erabiltzen dituzte arma gisa, ahotsarekin tiroen hotsa imitatuz.
Erromantzeen irudikapena
Askotan, ez da erraza jolasen arteko bereizketa marra ezartzea, jolas batzuek zenbait jolasen elementuak batzen baitituzte. Hori gertatzen da erromantzeekin, haurrek errezitatzeko edo antzezteko erabili izan baitituzte, baina baita soka saltoan aritzeko, korroan jolasteko eta are pertsona nagusiek ere kantatu izan dizkiete haurrei sehaska kantu moduan.
Ohikoa izan da haurrek erromantzeak irudikatzea, eta horien artean erabilienetako bat Don Juan Tenorioren figura izan da.
- ↑ José IÑIGO IRIGOYEN. Folclore Alavés. Gasteiz, 1949, 103. or.