XVI. ASKOTARIKO JOLASAK. HAURREN BILDUMAZALETASUNA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Haurren jarduera ludikoarekin zerikusia duten datuak jasotzeak eta ondoren ordenatzeak planteatzen duen zailtasunik handiena da, hain zuzen ere, horien sailkapen koherente bat egitea. Liburuki honetan aurkeztutakoa saiatzen da ahal den neurrian José Miguel de Barandiaranek formulatutako inkestara egokitzen, material etnografiko hauen bilketa irizpide horri jarraituz egin baita.

Arazoa da haur jolas bakoitza entitate konplexu bat dela, aldi berean proposatutako kapituluetako bati baino gehiagori egokitutako elementu ugariz osatua. Hala ere, datuak ordenatzeko ahalegina egin da, egokitasun handiagoz edo txikiagoz, hala eskatzen duelako sintesi lanak eta horri esker jolas bakoitza obraren barruan aurkitzeko lana erraztu egiten delako.

Baina jolas, entretenimendu eta dibertimendu batzuk, entitate propioa izan arren, beren artean heterogeneoak dira, eta arbitrarioa litzateke horiek aurretik azaldutako kapituluetako batean sailkatzea, hain dira kapitulu horietako jolasekiko desberdinak. Jolas horiek dira ondoren jasotakoak.

Artzain-jokoa

Karratu baten forma duen figura baten gainean jolasten da; figura hori zatitzen dute: batetik, gurutze forma duten bi lerrok, lerroetako bakoitzak alde baten erdiko gunea dagokion bestaldekoarekin lotzen duela; bestetik, ikoroski forma duten beste bi lerrok, figuraren diagonalak zeharkatzen dituztela. Lerroen elkargune puntuetako bakoitzean zirkulu txiki bat marraztu ohi izan da batzuetan.

Bi jokalari aritzen dira, haietako bakoitzak hiru objektu txiki dauzkala, haziak edo antzeko zerbait, eskuarki harri koxkor txikiak. Narbaxan (A) eta Eugin (N) gogoan dute hiruna makilatxorekin jolastu izana, harriekin jolastu ordez. Desberdinak izan behar dute jokalari baten eta bestearen piezek, jolasean haien arteko nahasketarik ez sortzeko. Ohiko prozeduretako baten bidez zehazten da zein jokalarik hasiko duen partida. Jokalari horrek bere lehen harri koxkorra ezartzen du karratuaren erdialdean, lerro guztiak elkartzen diren lekuan. Hori da jada gehiago mugitu ezin izango den pieza bakarra. Beste jokalariak gainerako zortzi posizioetako batean ezartzen du bere harri koxkorretako bat, eta horrela txandakatzen dira bi jokalariak sei piezak ezarri arte. Jokoaren funtsa da piezak txandaka mugitzea, lerrokatzen saiatuz eta aurkariak lehenago lerrokatzea eragotziz. Irabazleak hasiko du hurrengo partida.

Mahai jokoak

Kartetan

Kartetan aritzen direnean, haurrek nagusien joko berberak praktikatzen dituzte: batzuetan, zabalkunde handikoak, hala nola briska, tutea, seiko urrea, zazpi eta erdia eta abar; beste batzuetan, aldiz, tokikoak baino ez diren bertsioak. Haurrentzat baino ez direla kontsideratutako jokoekin ere entretenitzen dira, baina, batzuetan, nagusi batzuek lagunduta. Tradizionalki, kartetan aritzeko urteko sasoi egokiena negua izan da, eta, bereziki, Eguberriak.

Gatazkak

Atal honetan sartu ditugun jolasek jokalarien indarra jartzen proban dute, eskuarki bikoteka eta zenbait eratan «pultsuan jokatuz». Baita norgehiagoketan ere, arautuak ahal den neurrian, eta borroketan, horiek araurik batere gabekoak eta maiz benetako guda bilakatzen direnak, gorputza gorputzaren aurka eta objektuak ere jaurtiz armak balira bezala. Hain zuzen ere, herri bateko edo herri bat baino gehiagoko kuadrillen artean borrokatzeko modurik ohikoena elkarren aurka harrika ekitea izan da.

«Pultsuan jokatzeko» modurik ohikoenaren hasiera da bi haur mahai baten edo azalera gutxi-asko lau baten aurrean esertzea, ukondoak gainean bermatuta, bi haurretako bakoitzak bere eskuarekin bestearenari heltzen diola, biek modu berean. Hasteko agindua eman ondoren, haur bakoitzak aurkariaren besoari bultzatzen dio haren eskugaina mahaiaren gainazala ukitzera behartzeko ahaleginean. Ez du balio beste eskuarekin mahaiari eusteak, ezta zutitzeak ere.

Jolasak harearekin, urarekin eta itsasoan

Haurren entretenimendurik maiteenetako bat lurrarekin jolastea da, eta, are gehiago, harearekin. Obretarako erabiltzen diren material horren pilak baliatuz, haurrek tunelak eta zuloak induskatzen dituzte, etxeak, gazteluak, harresiak eta abar egiten dituzte. Hondartzako harea baldin bada, aukerak ugariagoak dira, eta, gainera, ez dira hainbeste zikintzen.

Haurren beste dibertimendu bat da lurrarekin, harriekin, makilatxoekin eta beste material batzuekin presak egitea, euria egiten duenean sortutako errekastoetako urari eusteko.

Itsasertzetako herrietan bizi diren haurrek beste bitarteko bat ere badaukate jolaserako: itsasoa. Lehorrekoek ibaietan eta urtegietan praktikatu ditzakete era honetako entretenimenduak, eta garai modernoagoetan, igerilekuetan, baina giro horiek ez dute hondartzak edo portuak adina aukera eskaintzen.

Haurren bildumazaletasuna

Bildumak egiteko zaletasuna modu oinarrizkoan eta bereizketarik egin gabe hasten da haurren kasuan, eta sendotu egiten da denborak aurrera egin ahala, ardatz gisa mota zehatz batzuetako objektuak hartuta. Nerabezarora iristean, adierazpen sistematikoagoak agertzen dira, hala nola zigiluen, txanponen edo postalen bildumak.

Inkesten emaitzetatik ondorioztatzen da haurrek bildumak osatzeko duten zaletasuna gero eta konplikatuagoa egin dela mendeak aurrera egin ahala, eta bildumazaletasunetako asko mendearen erdialdean sortu zirela.

Gai honetan, jostailuen arloan izandakoaren antzeko bilakaera izan da, hasieran elementu soilez osatuta baitzeuden, batzuetan izaditik beretik hartuak, eta manufakturatutako objekturik izatekotan konplexutasunik gabekoak.

Mota berekoak izanik nola edo halako aldaerak zeuzkaten ia edonolako objektuen bildumak egiten zituzten haurrek.

Baina bereizketa egin behar da besterik gabe pilatu egiten diren objektuen eta bildumatu egiten direnen artean. Pilatzen direnak berdinak izaten dira, edo bata bestearen oso antzekoak, eta galtzailea sarritan haiek gabe gelditzen den jolasetan erabiltzen dira, eta horregatik behar dira pilatu. Hori da iturri edo botilen txapen kasua, puxtarriena, kuku-sagarrena eta abarrena. Bildumatzen direnak, aldiz, haiek edukitzea beste helbururik gabe biltzen dira.

Pilatzen diren objektuak trukerako neurri moduan erabiltzen dira, eta, horregatik, beharrezkoa da haien kopuru jakin bat edukitzea. Jolasean galtzerakoan, kideei ordaintzeko erabiltzen ziren. Jokoan jarraitzeko haiek eduki beharra zegoenez, haurrek asteko ordainsariaren zati bat objektu horiek erosteko erabiltzen zuten.

Sexuen arteko bereizketa halako bat nabari da haurren bildumazaletasunean. Neska koxkorrek eta mutil koxkorrek ez dituzte beti mota bereko objektuak biltzen. Kasu batzuetan, batez ere pilatutako elementuak jolas jakin batzuetarako baliagarri direnean, desberdintasun batzuk igartzen dira. Adibidez, mutil koxkorrek nahiago dituzte puxtarriak edo iturriak, eta neska koxkorrek panpinen ebakigarriak edo jolasteko kromoak gordetzen dituzte.

Are kromoen bildumetan ere nabari da eragin hori neurri batean. Mutil koxkorrek futbolarienak, txirrindularienak edo antzekoenak aukeratzen dituzte, eta haien lagun diren neska koxkorrek animalienak, jantzienak, lore-motiboenak eta abarrenak.