XIX. BABESERAKO PRAKTIKAK ETA ERRITUAK NEKAZARITZAN
Kapitulu honetan, gure herrietako nekazariek oso antzinatik eutsitako eta praktikatutako errituak, ohiturak eta sinesmenak jasotzen dira. Praktika horietako batzuk antzinako moldekoak dira, eta ekintza magikoen eitea daukate. Beste batzuk kristauen egutegiaren eta liturgiaren bermea izan dute, eta mende askoan zehar nahitaez kultura ondaretzat jo behar dugun kultura bateko parte izan dira. Sinesmen eta praktika horietako asko galtzen ari dira, baina egiazta dezakegu erregistratu egin zirela, duela hamarkada gutxi, artean ere indar betean zeudenean[1].
Orrialde honetako edukia
Errituak eta praktika sinbolikoak: solstizioetako suak
Oso antzinatik praktikatzen dira San Joan Batailatzailearen eguneko ospakizunaren inguruan, udako solstizioarekin bat etorriz, antzinako moldeko hainbat erritu. Erritu horien artean, suak garrantzi nabarmena dauka. Bezperan, ekainaren 23an, arratsean, suak pizten dira haren izenpeko ermiten ondoko landetan, bai eta soroetan ere. Gaur egun, praktika hau hiriguneetako kaleetara eta plazetara zabaldu da.
San Joan Batailatzailearen jaiotzaren ospakizunak bat egiten du eguzkia bere punturik gorenera iritsi den unearekin. Antzinako bizitzan, ekoizpen jardueren antolakuntzaren ardatza zen eguzkia. Neguko solstizioak eguzkiaren berragerpena adierazten zuen, eta udako solstizioan haren betetasunak laboreak umotasunera iristen ari zirela adierazten zuen.
Landen eta hazien bedeinkapena
Gurutze Santuaren Asmakizunaren jaieguna, maiatzaren 3a, zen datarik seinalatuena udaberriko ereintzen bedeinkapenen egutegian, eta landetan gurutze bedeinkatuak ezartzen ziren[2].
Ekaitzen aurkako kanpai-joaldiak eta araoak. Santuen irudien leku-aldaketak
1950-1960 urteen inguruan, gure ermita eta parrokia askotan, harriabarraren eta tximistaren edo ekaitzak eragiten zituzten espiritu gaiztoen aurkako araoak egiten ziren.
Landa-eremuko eskualde batzuetan arao horiek egunero egiten ziren Maiatzeko Gurutze Santutik Iraileko Gurutze Santura arte, eta egunsentiko angelusari araoari zegokion kanpai-joaldi bat gehitzen zioten.
Beste eskualde batzuetan, udaberriko igande guztietan eta udako batzuetan, ekaitzak harriabarraren bidez kalte egin zezakeen aldietan, araoari zegokion kanpaia jotzen zuten ermitetan eta elizetan. Erabilitako otoitz eta madarikazio formulak erromatar erritualetik hartzen ziren. Apaizik ez zegoenean eta mehatxua gertu zegoenean, sakristauak edo ermitauak konjuratzen zuen ekaitza.
Errogatibak, letaniak
Landak eguraldi txarretik babesteko ez zegoen neurri zehatzik. Nekazaria beti zeruari begira bizi zen, eta ez zeukan elurte handiak, izozteak, harri edo kazkabar ekaitzak eta lehorteak saihesteko erremediorik. Landak babesteko antzina hartzen ziren neurri bakarrak erlijiosoak ziren.
Euria eskatzeko errogatibekin ermitetara eta santutegietara egindako prozesioak oso praktika zabaldua izan dira Euskal Herriko landa-eremuetan duela gutxira arte. Herriaren erlijiozaletasunak ereindako soroen babesera, ereintzen kontserbaziora eta landareen loratzera ere zabaldu ditu erregu kolektibo horiek; landareak samur eta ahul egoten dira udaberrian, eta fruitu ugari eman dezaten erregutzen da.
Errogatibek oso antzeko ezaugarriak izan dituzte landa eremuko herrietan. Herri askotan, etxe eta familia bakoitzeko pertsona batek joan behar zuen, gutxienez, haietara; eta garai are urrunago baina oraindik ere gogoratuetan, ordezkaritza bidaltzeko erantzukizunari muzin egiten zion herritarrari isuna jartzen zitzaion. Iraganeko udalbatzek edo udalek akordioak egiten zituzten elizako kabildoekin errogatibak egin zitzaten, eta herritarrak joatera behartzen zituzten, joaten ez zirenei zigorrak ezarrita (Bernedo-A). Errogatiba publikoak hainbat abagunetan egiten ziren:
- Egutegi liturgikoak ezarritako errogatibak: San Markoren errogatibak (apirilak 25) eta Igokunde aurreko hiru egunetako errogatibak.
- Aldizkako errogatibak lehorte edo izurri garaian.
- Urteroko errogatibak santutegietarako erromesaldietan.
- ↑ Gurutzi ARREGI. Ermitas de Bizkaia. Bilbo: 1987, 3 liburuki eta Origen y significación de las ermitas de Bizkaia. Bilbo: 1999.
- ↑ ETNIKER EUSKALERRIA. Casa y Familia en Vasconia. Atlas Etnográfico de Vasconia = Euskalerriko Atlas Etnografikoa = Atlas Ethnographique du Pays Basque. I eta II. liburukiak. Bilbo: Etniker Euskalerria; [Gasteiz]: Eusko Jaurlaritza; [Iruñea]: Nafarroako Gobernua-Bilbo: Labayru Ikastegia, 2011, 735-754. or.