VI. UZTEN BILKETA ETA KONTSERBAZIOA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Giza kontsumorako uzten bilketa

Zerealak dietaren parte funtsezkoa izan dira. Horri gehitzen baldin badiogu aztertutako lurraldearen zati zabal bat isurialde mediterraneokoa dela, eta zerealek isurialde horretan azalera handiak hartu dituela, ez da harritzekoa zerealen bilketari buruzko informazio ugari jaso ahal izana, bai eta horietatik alea lortzeko erabilitako prozesatzeari buruzkoa ere. Lehen zatian, zereal motei buruzko datu orokorrak bildu dira, batez ere gariari buruzkoak. Beste atal bat artoari eskaini zaio; artoa hezetasunera hobeto egokitzen da eta hori lasaigarria izan da isurialde atlantikoan, hor gariak arazoak sortzen baitzituen, hain zuzen ere gehiegizko hezetasunaren ondorioz.

Segatzeko eta eultzitzeko lanek eguzkiak bete-betean jotzen zuela egiten ziren eta esku-lan ugari eskatzen zuten makineria modernoa sartu aurreko garaian. Lan horietan parte hartutako guztiek gogoan dute zein gogorrak ziren. Makineriak zereala biltzeko prozesuari lotutako lan neketsuak baztertu zituen pixkanaka, harik eta uzta-makina modernoek guztiak zokoratu zituzten arte.

Zerealen segatzearen eta eultzitzearen bilakaera

Gaingiroki, modu tradizionalaren ordez, eskuz igitaiarekin eta gero segarekin, makinekin egiten hasi zen, animalien indarrez mugitutakoekin hastapenean. Lehen sega-makinek azaoak sortzen zituzten baina ez zituzten lotzen; gero azaoak lotzen zituzten makinak agertu ziren eta, geroago, uzta-makinak agertu ziren, guztiz mekanikoak dagoeneko, hasieran zakuekin eta gero toberekin; toberak dituzten makinetan, alea biltegira daramaten traktoreen gurdietara pasatzen da.

Uzta-makina modernoen erabilerak errotik aldatu ditu segatze lanak, eta eultzitzea desagerrarazi du; gainera, orain alea zuzenean doa laborantzako lurretik biltegira, etxetik pasatu gabe.

Makineria askoz lehenago sartu zen isurialde mediterraneoan, logikoa denez, garbiro labore-ekoizlea delako, eta, arestian adierazi den bezala, uzta-makina modernoetara iritsi arte izan du bilakaera; isurialde atlantikoan, eultzitzearekin lotutako makinak baino ez ziren ezagutu, hala nola, haize-makina eta eultzi-makina. Laborea desagertu egin zen azkenean, ekoizpena oso murriztuta zegoelako isurialde horretan, eta, horrenbestez, ez zuen jarraipenik izan makina berrien agerpenak.

Kontserbazioa

Barazkien, eta begetalen oro har, aprobetxamenduari buruz aritzean, alderdi funtsezko bat horien kontserbazioa da. Ikuspegi horretatik begiratuta, aldaketa teknologiko garrantzitsuak gertatu dira azken hamarkadetan, batez ere etxetresna elektrikoen hedapenaren bidez.

Ondoren, tradizionalki erabili izan diren eta gaur egun erabiltzen jarraitzen diren teknika tradizionalak aipatuko ditugu laburki:

1. Dagoen-dagoenean kontserbatzea. Sagarrei eta patatei aplikatzen zaie, adibidez. Kasu honetan, usteltzeak eragindako kalteak minimizatzeko, aldez aurreko ardura batzuk hartu behar ziren fruituak aukeratzean, halako moldez non kaltetutakoak, jotakoak (sagarren kasuan), minduak edo galduak (pataten kasuan) ez ziren biltegiratzen.
2. Lehortzea. Horren bidez, produktuen hezetasun gradua murriztu nahi da, alferrik galduko lituzketen onddo-garapenen arriskua txikiagoa izateko. Lehortzea etxeetako balkoietan edo espazio irekietan egin izan da tradizionalki, udazkeneko eguzkia baliatuta.
3. Potoetan sartzea. Beroaren bidezko pasteurizazioa gehi anoxia (antzina lakrez). Ohiko prozesua izan da etxeetan horretarako ontzi egokiak izaten hasi zirenez geroztik. Horrela kontserbatu izan dira baratzeko produktu ugari. Isurialde mediterraneoan, batez ere ontziratze-planten ondoko herrietan, prozedura hau industriala da, ez etxekoa.
4. Ozpinez ontzea. Prozesu honekin kontserbatutako produktuaren pHa murrizten da, horrek haren iraupena bermatzen duelako, mikroorganismoak haztea zailduta. Ohikoa izan da piperminak horrela gordetzea, eta, berrikiago, pepino txikiak.
5. Hutsean ontziratzea. Kasu honetan, anoxia gradu ahalik eta handienean lortzea bilatzen da. Erabiliagoa izan da haragiekin, hestebeteekin eta gaztekin, produktu begetalekin baino; horiekin ere erabiltzen da hala ere batzuetan, ondoren izoztearekin konbinatuta.
6. Azukre-kontzentrazio altuak. Baliabide honen bidez lortu da frutaren zati bat kontserbatzea, gozokiak eta marmeladak eginda.
7. Hartzitzea. Metodo honi esker lortu da fruta batzuk aprobetxatzea, mahatsa adibidez, alkoholetan hartzituz ardo edo txakolin bihurtuta, edo sagarra sagardo bihurtuta.
8. Hotza. Hotzaren erabilera beti izan da aintzat hartzekoa, iraganean etxe askotan baitzuten tranpadura; baina, ikuspegi horretatik begiratuta, aurrerapenik handiena hotz-ganbera, ganbera edo hozkailua izan zen, haren bidez askoz ere tenperatura baxuagoa lortzen baitzen.

Irin-errotak

Sarrera

1950eko hamarkadara arte, irin-errota ezinbesteko elementua izan da gure herrietako nekazaritza- eta abeltzaintza-ekonomian. Horrek azaltzen du Baskoniako eskualde guztietan errota asko izatea, egiaztatu den bezala.

Errota motak

Errotari, euskaraz, errota ez ezik igara, eihera, bolu ere esaten zaio. Gaztelaniaz, molino, aceña, tahona (mandoek tiratutakoa).

Industria hauek denboran zehar irauteak erroten lehengo lokalizazioak gogora dakartzan toponimia ugaria eragin du gure lurraldean, hala euskaraz (Bolueta, Bolibar, Bolunburu, Igarabidea, Igarabide, Errotaldea, eta abar) nola gaztelaniaz (Molinar, Molinedo, Las Aceñas, Molinejo eta abar).

Ibai gutxi-asko emaritsuen ondoan ezarritako presa-errotez gain, haize-errotak ere izan dira, leku haizetsuetan kokatuak.

Duela gutxi arte erabili izan dira, itsasertzeko herrietan, marea-errotak ere. Ibaiko erroten antzeko egitura batez, ur-biltegia itsasgoraren jarioarekin betetzen zuten, eta turbinek edo azelinek itsasbeheran gertatzen zen marearen atzeranzko isurian sortzen zen garaiera-aldea baliatuz funtzionatzen zuten.

Erroten gainbehera

Industria hidraulikoek egokitzapenak izan dituzte denboran zehar. Horietako batzuk burdinolak izan ziren lehenago, ferrerías; haietan burdin mea urtzen zen XIX. mendearen erdialdera arte. Beste batzuk ondoko herriguneei argindarra ematen zieten zentral bihurtu ziren. Egokitzapen hori XX. mendearen lehen hamarkadetan gertatu zen. Beste batzuk zerrategi bihurtu ziren.