Nekazaritzari buruz oro har kontuan hartu beharrekoak
Orrialde honetako edukia
Lanaren edukia
Euskal Herriko nekazaritza tradizionalari buruzko liburuki honetan, jarduera horrekin lotutako faktore gehienak jorratuko dira, lurraren laborantzatik harago joanez.
Hasteko, Euskal Herriko lurraldea eratzen duten nekazaritza-paisaien errepasoa egingo da, isurialde bakoitzeko berezko laborantzak kontuan hartuta, hau da, erabat nekazaria den mediterraneoa, eta atlantikoa.
Horrez gain, laborantzarako lur-motei eta ezaugarriei buruzko jakintzak ere azalduko dira, baita lur-zatien neurriak, kokapena eta haien arteko banaketa ere.
Laborantzari berari dagokionez, era guztietako gaiak izango dira hizpide: laborantzako epealdiak, ilargiak omen duen eragina, laborantzen banaketa era guztietako soroetan, laborantzen txandaketa, nekazaritzako egutegia eta hazien nahiz hazitegien hautaketa, kontserbazioa zein prestaketa. Era berean, beste gai batzuk ere izango dira aztergai: lurra lehen aldiz nola luberritzen den, landatutako lurrak nola prestatzen diren, ongarri organikoaren erabilera tradizionala nolakoa den, karezko medeagarriak nola erabiltzen diren eta ongarri kimikoak nola sartu diren.
Beste kapitulu batean, aztertutako lurraldean agertzen diren era guztietako laborantzak izango dira hizpide, baita funtsean zereal, lekale eta ortuarietan banatutako landare-espezieen ereintza edo landaketa ere. Gizakiei eta ganaduari jaten emateko erabilitako laborantzak bereiziko dira, gizarte tradizionalean ezer botatzen ez zutela kontuan hartuta, giza kontsumorako soberako janaria eta elikagaiak prestatzean sortutako hondakinak etxeko ganaduari jaten emateko ere erabiltzen zirelako. Horrez gain, laborantza industrialak ere nabarmenduko dira, eta kasu paradigmatikoena azukreerremolatxarena da. Halaber, egiaztatu ahal izango dugu hori guztia nola zaintzen zuten, behar bezala hazten zela bermatzeko. Geroagoko kapitulu batean, bilketa nola egiten zuten eta kontserbatzeko metodo tradizionalak zein ziren ere jorratuko dugu. Hemen, hain zuzen ere, zerealak segatzeko eta garaua jotzeko eta haizatzeko zereginak ere azpimarratuko dira.
Beste kapitulu batean, gai hauek izango dira aztergai: belarra, hau da, isurialde atlantikoan eta isurialde mediterraneoranzko iragaitza-gunean berezkoagoa den ekoizpena; larreen sorrera zein kontserbazioa; eta belarraren ustiapena, artzaintzaren, berdean segatzeko prozesuaren eta lehorketaren bitartez. Halaber, makinak apurka-apurka sartzean gertatutako aldaketen berri ere emango dugu.
Fruta-arbolei dagokienez, lehenengo kapituluan, lurraldeko klima desberdinen ondorioz haien laborantzan nolako aldeak dauden azalduko da, baita nola landatzen diren, barietate berriak nola txertatzen diren, arbolak nola zaindu eta inausten diren eta lortutako fruta nola bildu eta ustiatzen den ere. Olibondoa eta mahatsondoa aparteko kapitulu batean aztertuko dira, oso garrantzitsuak direlako Euskal Herriko hegoaldean. Fruta-arbolei buruzko kapituluen multzo hau ixteko, isurialde mediterraneoko olioaren nahiz ardoaren eta isurialde atlantikoko txakolinaren zein sagardoaren ekoizpenari buruzko beste kapitulu bat eskainiko dugu.
Laborantzari buruzko berariazko azken kapituluan, behinola ekoitzitako bi produktu aztertuko dira: lihoa eta kalamua. Izan ere, oso lotura estua zeukaten autohornikuntzarekin, hori baitzen euren ezaugarri bereizgarria.
Hurrengo kapitulu-multzoaren hasieran, nekazaritzako altzari tradizionalen errepaso zabala egingo dugu, jarduera hori garatzeko beharrezkoak ziren lanabes eta erreminta ugariak kontuan hartuta. Berriro ere, bizi-ezaugarri autarkikoak nabarmenduko dira, gehienetan tresna horiek etxean edo tokian-tokian egiten zituztela egiaztatzean. Era berean, antzinako neurri-sistemaren berri ere emango dugu, neurri batzuek gaur egun ere bere horretan dirautela kontuan hartuta.
Eskulana ere izango da hizpide, baita zeinen garrantzitsua zen familiako kide guztiek nekazari tzako lanetan parte hartzea, haien adina edo sexua edozein zela ere; garrantzitsua zen, halaber, auzokoei laguntzea eta, isurialde mediterraneoan, jornaleko langileak kontratatzea, batez ere, uztak biltzeko orduan, lur handiak zirelako eta azkar bildu beharra zegoelako. Era berean, animalien indarraren garrantzia ere izango dugu aztergai, garai hartan makinak gaur egun ezagutzen ditugun moduan agertu ez zirela kontuan hartuta.
Beste kapitulu batean, animalia bidezko garraioa ere jorratuko da, baina, batez ere, ezin garran tzitsuagoa izandako idi-gurdia, baita uztarria eta idi-parea uztartzeko beharrezkoak ziren osagarri guztiak ere. Multzo honetako azken kapituluan, nekazaritzaren mekanizazioa eta makina modernoek nekazaritzan sorrarazi dituzten aldaketak izango dira hizpide.
Beste kapitulu batean, berton ekoitzitakoaren ustiapena eta nekazaritzako merkataritza izango dira ikergai: hazi zein landareen erosketa, ongarri nahiz lanabesen erosketa, nekazaritzako merkatu eta azoken garapena...
Beste batean, lurraren jabetza-araubidea izango da hizpide nagusia: euren lurrak zuzenean edo maizterren bidez ustiatzen dituzten jabeak, errenten prezioak, ordaintzeko garaiak eta eskudirutan edo gauzaz ordaintzen ote ziren.
Liburukiaren amaieran, gai hauek jorratuko dira: antzina nekazaritzarekin lotutako sinesmenak eta errituak, ereindako lurren babesa, hazi zein soroen bedeinkapena, ekaitzen aurkako araoak, santuei egindako erreguak eta uztak babesten zituzten santuak.
Liburuki hau abeltzaintzari eta artzaintzari eskainitako aurreko baten osagarri izango da, XX. mendeko bigarren zatiko espezializazioa apurka-apurka gertatu baino lehen antzinako baserrietan jarduera horiek guztiek oso lotura estua zutela kontuan hartuta. Espezializazio horren ondorioz, hain zuzen ere, aztergai dugun lurraldearen zati batean, isurialde mediterraneoan, nekazaritzarekin erabateko zerikusia daukan jarduera nagusitu da; eta, bestean, atlantikoan, abeltzaintza.
Nekazaritzako jarduerak gure iraganeko behinolako epealdietara garamatzanez, artzaintzarako esan genuena datorkigu gogora.
Orain dela bi milurteko, Pliniok Vasconum saltus eta Vasconum ager eremuen arteko banaketa egin zuen. Lehenengoa heze bezain basotsua zen, eta, bigarrenean, zereal-soroak zein mahastiak ziren nagusi. Hain zuzen ere, Euskal Herriko eremu heze eta lehorrekin bat zetozen, hurrenez hurren. Abeltzaintzari eta artzaintzari buruzko liburukian, isurialde hezeagoan kokatutako lurraldea nabarmendu zen; eta, liburuki honetan, nekazaritzarekin lotuago dagoen isurialde lehorragoan kokatutakoa. Hala ere, oso kontuan hartu beharra dago gizarte tradizionalean eta, neurri handian, oraindik ere bere horretan dirauen lehen sektorean, abeltzaintza eta nekazaritza Euskal Herriko landa-azalera osoan hedatzen direla.
Nekazaritza tradizionala
Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren liburuki honetan azaltzen den nekazaritzak XX. mendean funtsean jazotakoa berrikusteko abagunea emango digu. Edonola ere, lan honetako kapituluetan egiaztatu ahal izango denez, 1960ko hamarkadatik aurrera ezarritako mekanizazio bizi-bizia baino lehenagoko jarduketei emango diegu lehentasuna. Dena dela, batez ere lurraldeko isurialde mediterraneoan garatzen den nekazaritza modernoari buruzko informazioa ere bildu dugu. Isurialde hori erabat nekazaria denez, jarduera honek bertan izandako eraldaketak zerikusi handiagoa dauka Espainiako estatuko eta Europar Batasuneko beste nekazaritza-eremu batzuetan garatutakoarekin.
Informazio-emaileen adina zein den eta informazioaren zati bat orain dela zenbait hamarkada bildu zela kontuan hartuta, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera doan nekazaritza islatuko dugu batik bat.
Nekazaritza hori familiarra zen, etxeko kide guztiak inplikatzen zituen, haien adina edo sexua edozein zela ere, eta autohornikuntza zeukan ezaugarri bereizgarri, edo, gutxienez, horixe zen bere joera, ahal zuen bitartean.
Horretarako, sakon ezagutu behar zen ingurune naturala: orografia, lurzoruaren ezaugarri edafologikoak, klima, urtaroak eta, azken batean, urtaroetako zikloak, uraren eskuragarritasuna eta laborantza bakoitzarekin lotutako guztia; esate baterako, lurraren egokitzapena, bildu arteko ereintza eta osteko biltegiraketa, behar bezalako kontserbazioa bermatzeko moduko baldintzetan.
Jakintza horren corpusa ez zen zurruna, iragazkorra baizik, lurra ereiten zuena beti zegoelako prest hazi eta teknika berriak erabiltzeko, baina ondo funtzionatzen zutela egiaztatzean sortutako enpirismotik. Gizarte modernoak erdeinatu egin duen arren, jakintza hori zientifikoa zen nolabait, saiakuntzaren eta errorearen teknikan zegoelako oinarrituta. Gainera, metagarria ere bazen, belaunaldi bakoitzak saiakuntzen bidez lortzen zituen jakintzak jasotako corpusean erantsi eta hurrengo belaunaldiari igortzen zitzaizkiolako. Metatutako jakintza horri esker, familiek bazekiten zein ziren laborantza-mota bakoitzerako lur onenak.
Lurrarekin ezarritako lotura sakonaren ondorioz sortzen zen jakitate hori. Izan ere, autohornikuntzan oinarritutako ekonomian, lurra errespetatu behar zen ezinbestean, biziraupena bera haren menpean zegoen-eta. Hain zuzen ere, gaur egun laborantza-lurrak higatu egiten direnez, bertan, hondakin kimikoak pilatzen direla kontuan hartuta, urteen joan-etorrian behinolako nekazaritza-lurrek apurka-apurka egiten zuten hobera lantzen ziren neurrian, eta belaunaldiz belaunaldi ereindakoa zen preziatuena.
Gure landa-ikertzaileek Euskal Herriko lurralde osoan sakabanatutako informazio-emaile ugarien bidez bildutakoaren ondorioz liburuki honetan eskaintzen ditugun testuei esker, badago irakurketa interesgarri samarra egiterik, baina sarritan haren sakontasuna nekazaritzari buruzko behar besteko jakintza dutenentzat baino ez dago agerian. Atlas hau nolakoa den kontuan hartuta, gure asmoa ez da hemen egiaztatutako zenbait jarduketaren eta jakitateren azterketa xehatua egitea.
Bestetik, jakin badakigu biltzen ari garen datuen oroitzapena, ondare tradizionalaren osagaia denean, desagertzen ari dela, datu horiek ezagutzen dituzten azken nekazariak hiltzen diren neurrian. Hori dela eta, batzuetan badirudi liburuki honetan azaltzen dugun informazioa zatikatuta dagoela. Arrazoi beragatik, hamarkada bat barru-edo ezinezkoa izango litzateke hemen egiaztatutako datuak biltzea.
Nekazaritza-jarduerako aldaketak
XX. mendeko azken hamarkadetan gertatutako espezializazio-prozesuaren ondorioz, isurialde atlantikoan abeltzaintzaren zeresana areagotu zen, baina esne-behiena, batez ere, nekazaritza tradizionalaren kaltetan. Isurialde mediterraneoan, ordea, aurkakoa gertatu zen. Ordura arte, bi jarduerak orekatuago egon ziren, gizarte tradizionalean abeltzaintza eta nekazaritza oso lotuta zeudelako. Nekazaritzako zereginak egiteko behar zituzten animaliak (gurdi-abereak), eta haien simaurra lurraren emankortasunari eusteko elikagarrien iturri nagusia zen. Bestetik, ekoitzitakoaren zati bat ere erabiltzen zen ganaduari jaten emateko.
Nekazaritza-jardueran jazotako aldaketen ondorioz, gure landa-inguruneak nabarmen eraldatu dira, berariazko ekoizpen-jardueratik harago.
Gizarte tradizionalean, etxeko kide guztiak zeuden inplikatuta lan horretan, betiere, adinaren edo gaixotasunaren arabera halakorik egiterik bazuten. Gaur egun, gero eta ohikoagoa da etxean lagun batek bakarrik edo oso gutxik jardutea lan horretan, gainerakoek beste lan batzuk garatzen dituzte-eta.
Antzina, eskulan asko behar zen nekazaritzako lanak egiteko, baina hori ez zen oztopo, familiak gaur egungoak baino ugariagoak zirelako. Lan batzuk egiteko orduan, etxean zeuden baino esku gehiago behar zirenez, geroago modu berean itzulitako auzolana garatzen zen. Horrela, auzokoen egiturari eusten zitzaion. Dena dela, apurka-apurka desagertu egin dela esan beharra dago, gero eta garrantzi handiagoa duelako etxe bakoitzeko indibidualismoak. Nola edo hala, langileen kopurua murriztu eta indibidualismo hori areagotu da makinen ezarpena gero eta ahaltsuagoa izan den neurrian.
Landa-auzoetako baserri askok bertan behera utzi dute nekazaritzako jarduera. Auzoak apurka-apurka “urbanizatu” dira, eta, etxeak zaharberritzeko orduan sarritan hiriko irizpideak kontuan hartu direnez, honako hauexen arteko uztarketa-prozesu bitxia gertatu da: hiriko etxebizitzetako “erosotasunak” zeuzkan etxea eduki nahi zuten landa-biztanleak eta eurena landetxe ideala lortu nahian eraikitzen zuten hiritar etorri berriak. Horren ondorioz, bi eratako etxeek antzekotasun susmagarria dute[1].
Behinola, ekoizpen-estrategia aniztasunean zegoen oinarrituta: era guztietako laborantzak, laborantza bakoitzaren barietateak, hazitako animaliak... Gaur egun, nabarmen hazi da espezializazioa, ereindako produktuei eta erabilitako teknikei zein makinei dagokienez. Hori dela eta, biodibertsitatea lehenesten duen naturatik bertatik urrundu gara apurka-apurka. Espezializatzean eta aniztasuna murriztean nolabaiteko “ideien monolaborantza” sortzen denez, oso zaila da beste ikuspegi batzuk eta ekoizteko beste modu batzuk preziatzea.
XX. mendean laborantzetan jazotako aldaketen ondorioz, paisaia bera maila guztietan eraldatu da, eta isurialde atlantikoko kolorea ere galdu egin dela esan daiteke. Bertan, hain zuzen ere, berde tradizionala nahasten zen zereal helduen urre-kolorearekin, loratutako lihoaren kolore urdinarekin, neguaren amaierako arbien kolore horiarekin edo tokiko zuhaitzen udazkeneko kolore ugariekin. Gaur egun, ostera, insignis pinu-sailen berdintasun monotonoa eta kolore berde iluna edo Bizkaiko zein Gipuzkoako azalera zabaletako paisaian nabarmentzen diren eukalipto-sailen kolore berde margulduagoa da nagusi, nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueraren porrotaren erakusgarri.
Lurraldeko eremu zehatz batean lurra ereiten duten etxeen kopurua gutxitu egin denez, lehen ez bezalako arazoak sortu dira. Oso zaila da haziak trukatzea, eta, are txarrago, etxeren batek barietate batekoak galtzen dituenean, nekez berreskuratu ahal izango ditu (alde horretatik, auzunea osatzen zuten etxeen multzoak haziak babesten zituen). Fruta-arbolak dituztenean, txorien eraso handiagoa jasaten dute. Gainera, nekazaritzarako zein bazkarako lurrak bertan behera utzi eta, sarritan, haien ordez baso-sailak sustatu diren neurrian, fauna basatia ugaritu da, eta kalte handiak sortzen ditu laborantzetan nahiz fruta-arboletan; esate baterako, basurdeak eta orkatzak.
Hobe da aldaketa batzuk nolabaiteko ironiaz jorratzea. Antzina, ezbeharrak edo zorigaitzak gertatzen zirenean, baina, batez ere, lehorteak luzeak zirenean edo ekaitzek uzta mehatxupean jartzen zutenean, auzokideek bat egin eta tokiko izenpeko santuari erregutzen zioten. Urteak joan, urteak etorri, egoera aldatu egin da, eta, orain, oso bitxia izango litzateke halakorik egitea. Dena dela, egoera hori gogora datorkigu bete-betean, nekazarien erakundeek administrazioei laguntzak eskatzen dizkietenean eguraldi txarraren ondorioz uztan jazotako galeren zati bat konpentsatzeko asmoz.
Hazi-barietate berriak eta laborantza berriak ezarri dira, baina, aldi berean, ageri-agerikoa ere bada egoera batzuk ez direla aldatu. Hori dela eta, zenbait jarduketak eta ohiturak gaur egunera arte iraun dute. Adibidez, pisuen eta neurrien sistema tradizionala mende bat eta erdi geroago ere erabiltzen da, haren ordez sistema metriko dezimala ezarri bazen ere. Laborantzako zenbait jarduerak ere bere horretan diraute, bakunak bezain eraginkorrak direlako, beharbada. Ortuko laborantza ereiteko edo landatzeko asmoz aitzurra hartzen duenak orain dela mende asko bezala lan egiten jarraitzen du funtsean. Neurri handi batean, jarduera horrek iraun egingo du, nekazaritzaren espezializazioaren ondorioz makinen tamaina eta konplexutasuna apurka-apurka handitu direlako. Hori dela eta, esparru fisikoari begira ez dago traktorerik erabiltzerik gutxieneko azalera duen lekuan lan egitean, beste era bateko faktoreak kontuan hartu gabe; esate baterako, lurrarekin zuzenean lan egitean sortutako gogobetetasun intimoa.
Bestetik, buruaskiak izateko premiarekin lotuta, nekez aldatutako ohituren artean, etxean edo tokian-tokian osorik egurrez egindako tresnek eta lanabesek XX. mende betera arte iraun zutela nabarmendu beharra dago. Harrigarria da, benetan, Arabako bi udalerritan geroago azalduko dugun goldea, bere osagai guztiak egurrezkoak baitira; edo oso-osorik egurrezkoak diren idi-gurdiak.
Hasiera batean, teknologia modernoa geldiro sartu zen landa-ingurunean, eta, XX. mendearen erdialdea baino lehentxeago, eskala handiagoko “modernizazioa” hasi zen aztergai dugun eremuan. Mundu-mailan, II. Mundu Gerratik aurrera, mekanizazio integrala ezarri zen herrialde garatuetako nekazaritzako ekoizpenean.
Hala ere, nekazaritzako zereginen mekanizazioan, lurren zatikako metaketan, herbiziden zein ongarri kimikoen erabileran... oinarritutako iraultza horren ondorioz, hirien hedapenaren eta eskalako ekonomien eraginpeko eredua sustatu zen (baliabideen, inbertsioen, eskulanaren eta ekoizpen-bideen pilaketa...). Ordura arte euren burua hornitzen zuten landa-inguruneak eskulana eta oinarrizko elikagaiak oso prezio merkeetan zuzkitzen zituzten gune nagusi bihurtu ziren. Hori dela eta, landa-inguruneko biztanleak lekualdatu egin ziren, eta nekazaritzako ustegiategiak eraldatu egin ziren.
Bizpahiru hamarkadatan, landa-ingurunea nabarmen aldatu zen. Gure gurasoek, XX. mendeko lehenengo zatian jaiotako belaunaldiak, ezagutu eta bizi izan zuten gizartea desagertu edo aldatu egin zen. Nekazari horiek hazi, ezkondu eta familia eratu zuten, eta familia hori ezinbestekoa zen tradizioan oinarritutako inguruneari eusteko. Edonola ere, belaunaldi horren seme-alabak lekuko zuzenak izan dira ganadua desagertu denean, traktore zein makina sofistikatuak iritsi direnean eta mendeetan metatutako jakitatetik jarauntsitako jarduera tradizionalak bertan behera utzi direnean. Hori guztiori gutxi ez, eta eraldaketa hori gainditu duten nekazariek eta adinagatik euren ustiategia laga behar izan duten nekazariek ikusi behar izan dute euren seme-alabek ez dutela horretan lan egiten jarraitu nahi, euren lana eta bizimodua hiriaren menpe daudelako, hirian bertan behin betiko finkatu ez badira. Gainera, ez daude hain latza eta zalantzagarria den lanjarduera garatzeko prest.
Gaur egungo egoera
Azken aspaldion, iraganean ezezaguna zen egoera berria sortu da, hau da, nekazarien errentan gehitutako laguntzak eta diru-laguntzak. Gaur egun, nekazarien diru-sarrerak ez datoz bakarrik uzten salmentaren preziotik, administrazio publikoen diru-laguntzak ere hartu behar direlako kontuan. Izan ere, nekazaritzako ustiategi asko defizitarioak izango lirateke haiek barik.
XX. mendeko azken hamarkadetan eta, batez ere, Espainiako estatua orduko Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zenetik, nekazariak foru aldundietako, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko laguntza zein diru-laguntza handiak jasotzen hasi ziren. Haietako asko, gainera, Espainiako eta Frantziako nekazaritzako ministerioetatik zetozen; baina, batez ere, Europar Batasuneko funts erkideetatik. Horretarako, aldundiek nekazaritzako ustiategi guztien fitxa bana dute, eta, bertan, honako datuok azaltzen dira: titularrak, finkak, ganaduburuak eta baliabideak, baina, batik bat, nekazaritzako makinak. Erregistro horren bidez, ustiategiak kontrolatu eta laguntza ekonomikoen eskabideak bideratzen dira. Oro har eskatu eta ematen dena NPEtik dator (Nekazaritza Politika Erkidea), eta belarkien laborant zak (zerealak, lekadunak) eta bazka-azalerak ditu xede. Laguntza hori eskatzen duenean, nekazariak nekazaritzarako lur-zatien aitorpena egin behar du, eta kanpaina horretan zer laborantza eta zenbateko azalera ereingo duen adierazi behar du.
Ustiategi asko, baina, batez ere, lurrak alokatzeagatik errenta gehiago ordaindu behar dutenak, defizitarioak izango lirateke NPEko laguntzarik jasoko ez balute. Beraz, lehen ezezaguna zen mendetasuna sortu da. Hala ere, badago ordainik, nekazariek kontrol zorrotza jasaten dutelako administrazioko arauei men egitean, zigorra jasotzeko mehatxupean. Alde handia dago nekazariek aurreko hamarkadetan zeukaten nolabaiteko askatasunaren eta gaur egun laborantzen inguruan dagoen kontrolaren artean, ia euren jarduera osoa dagoelako araupean.
Adibidez, gaur egun, nekazari guztiek azalera landagarriaren zati bat lugorri utzi behar dute derrigorrean, edo lurrari nitrogenoa ematen dioten laborantza proteikoak sartu behar dituzte; lekadunak, esaterako. Horretarako, nekazaritza eta ingurumen arloko laguntza ekonomiko zehatza jasotzen dute, laborantza guztietarako orokorraz gain. 15 hektareatik gorako ustiategi guztiek gu txienez euren azalera osoaren % 5 erabili behar dute interes ekologikoko azaleretarako: lugorria, nitrogenoa finkatzeko laborantzak, oihaneztatutako azalerak edota nekazaritzako basogintza. Horrez gain, laborantzak dibertsifikatzeko asmoz, NPEn xedatutakoaren arabera, 30 hektareatik beherako ustiategiek bi laborantza desberdin egin behar dituzte gutxienez, eta laborantza nagusiaren tamaina azalera osoaren % 75 baino txikiagoa izan behar da. 30 hektareatik gorako ustiategiek, ordea, hiru laborantza desberdin erein behar dituzte, eta bi nagusien tamaina azalera osoaren % 95 baino txikiagoa izan behar da; eta handienarena, % 75 baino txikiagoa.
Laborantza guztietan, nekazarientzat derrigorrezkoa izango da “ustiategiko koadernoa” egunean edukitzea. Bertan, hain zuzen ere, laborantzarako soroetan egiten dituzten zeregin guztiak azaldu beharko dituzte: lurraren prestaketa, ereintza, tratamenduak, uzta, produktuen erosketa, bildutako garauen salmenta... Gainera, agintari eskudunek edozein unetan ikuskatu ahal izango dute koaderno hori.
Aldi berean, administrazioak erdiesten ari diren konplexutasun-mailaren erakusgarri ere badira aldarrikatzen dituzten lege zorrotzak eta nekazariek ulertu beharreko hizkera korapilotsua. Hurrengo paragrafoa, esaterako, horren adibide aparta da. Bertan, hain zuzen ere, NPEko azken eraldaketan “baterakuntza” izen teknikopeko prozesua nola garatuko den azaltzen da, eta hamarkada honetako bigarren zatian eragina edukiko duela hartu beharra dago kontuan:
“Horrez gainera, kontuan izan behar duzu konbergentziari erreparatu zaiola jakinarazten zaizkizun eskubideen behin-behineko balioa zehazteko, hau da, hasierako unitate-balioak kalkulatzeko, eskualdeko batez besteko balioetara gerturatu dira haiek, modu progesiboan eta 5 etapa berdin-berdinean, 2015etik 2019ra. Zure eskubideen balioa zure eskualdeko batez besteko balioaren % 90etik beherakoa baldin bada, eskubide horien balioak igoera progresibo bat izango du, harik eta, 2019. urtean, zure batez bestekoaren eta eskualdeko batez bestekoaren % 90aren arteko diferentziaren hereneko igoera iritsi arte. Aitzitik, zure eskubideen balioa eskualdeko batez bestekoa baino handiagoa baldin bada, honako hau egingo da konbergentzia finantzatzeko: murriztu egingo da 2019an batez bestekotik gorako balioa duten ordainketarako eskubideak, baina murrizte hori haien balio nominalaren % 30ekoa izango da gehienez ere. Baldin eta, konbergentzia gorantz kalkulatu ondoren, ordainketarako dituzun eskubideak zure eskualdearen batez bestekoaren % 60tik beherako balioa baldin badute 2019an, batez bestekoaren % 60a iritsiko dute 2019an, salbu eta hori egiteak % 30etik gorako galerak badakarzkie ordaintzaileei. Azken egoera hori ematen baldin bada, % 60ra gerturatuko da balioa, baina balio horretara iritsi gabe. Azkenik, zure eskubideen balioa % 90aren eta eskualdeko batez bestekoaren artekoa baldin bada, ez dira konbergentziaren eraginpean izango[2].
Nekazaritzako jarduerak gero eta pisu ekonomiko txikiagoa dauka gizarte osoan. Horren ondorioz, aldi berean, hiriko mundua gero eta urrunago dago elikagaiak ekoizteko jardueratik eta horrekin zerikusia duten faktore guztietatik. Jende askorentzat arrunta da janari-dendetan zenbait fruta eta ortuari aurkitzea neguan, laborantzen urtarotasuna ere kontuan hartzen ez dutelako.
Edonola ere, badago kontraesanik, zenbat eta txikiagoa izan nekazaritzako jardueraren pisua, orduan eta interes sozial handiagoa dagoelako tokiko produktuak eskaintzen dituzten nekazaritza-azoketan parte hartzeko. Izan ere, haietako batzuk benetako ekitaldi jendetsuak dira gaur egun; esate baterako, Bilboko eta Donostiako Santo Tomas eguneko azokak edo Gernikako urriko azken astelehenekoa. Azoka horietan eta hain ospetsuak ez diren beste batzuetan, are agerikoagoak dira folklorizazioaren fenomenoa eta aurrezki-kutxen babespeko saltokiek zehaztutako nolabaiteko estandarra.
Era berean, sustapena areagotzeko asmoz, hainbat azoka “monografiko” ere egiten dira. Bertan, udalerrian edo eskualdean ezaguna den tokiko produktu zehatz bat da nagusi, eta produktu horren zabalkundetik harago doa helburua, turismoa erakartzeko beste faktore bat direlako eta zerbitzuen sektoreko establezimenduetako kontsumoa suspertzen dutelako.
Administrazioek zenbait laborantza laguntzen bidez sustatzeko kanpainak garatzen dituzte, eta, bertan, aholkularitza teknikoa eta diru-laguntzen bidezko babes ekonomikoa ematen dituzte, besteak beste. Diru-laguntza horiei heltzen dieten ekoizleen kopurua aldagarria da. Laguntza horiek eteten direnean, laborantza batzuek bere horretan diraute, eta beste batzuk zeharo desagertu edo bazterreko ekoizpen bihurtzen dira. Isurialde atlantikoan, esaterako, bere horretan dirauen kiwiaren laborantza edo bertan behera utzitako konferentzia-barietateko madariaren laborantza dugu.
Halaber, nabarmendu behar da nekazaritzan dihardutenen kopuruak behera egin duen neurrian, era guztietako nekazaritza-elkarteak sortu direla eta administrazioek jarduera horrekin lotuta dituzten organigramak gero eta konplexuagoak direla.
Landa-ingurunean, elikaduraren arloko buruaskitasuna gero eta txikiagoa denez, nekazaritzako ekoizleen etxeetan ere nekazaritzako elikagaigintzak ekoitzitako eta merkatuan erositako gero eta elikagai gehiago daude. Tokiko ekoizpenak hiriguneetako elikaduran daukan zeresana testigan tzazkoa da ia. Horrez gain, gero eta urrunago gaude jaten ditugun elikagaien sorlekutik. Egoera horri aurre egiteko asmoz, kontsumitzaileak kontzientziatzeko eta tokiko produktuen garrantzia nabarmentzeko kanpainak egiten dira, eta nekazarien zenbait erakundek “elikaduraren burujabetza” eta antzeko kontzeptuak ere defendatzen dituzte.
Egia esan, gizarteak gero eta kezka handiagoa dauka elikagaiekin lotutako gaien inguruan; zer baldintzatan ekoizten diren, esaterako. Gainera, oraindik interesdunak gutxi badira ere, badago industriak estandarizatutakoetatik urrun eta liburuki honetan azaltzen ditugun tradizionaletatik hurbilago dauden ekoizpenmoduetarako lekurik.
Ikuspegi etnografikotik kontuan hartu beharrekoak
Gure landa-gizarteak behea jo du oso hamarkada gutxian, Europa bateratu eta industrialaren zati handienean jazo den bezala. Gure kasuan, baina, batez ere, isurialde atlantikoan eta isurialde mediterraneoko udalerri handien inguruan, industriaren, hirigintzaren eta komunikazio-bideen arloko hazkuntza ezin handiagoa izan zenez, nekazaritzarako lur onenak okupatu ziren (eta oraindik ere okupatu egiten dira), baina, batik bat, alubioi-ibar urrietakoak.
Lurraren inguruko lehia handia denez, nekazaritzan jardun nahi duten gazteentzat edo nekazaritzarako darabilten lur-azalera handitu behar duten gazteentzat oso zaila da lur berriak eskuratzea, urbanizatzeko asmoz erosi nahi dituztenek askoz prezio handiagoa ordaindu dezaketelako haien truke.
Hiriko mundua da bizimoduaren zein jokabidearen estandarra zehazten duena, eta bertako mentalitatea zein ikuspegia berriak dira erabat. Antzina ingurune industrialetara lekualdatu ziren landa-inguruneko biztanleek euren landa-mentalitatea eraman zuten bertara. Gaur egun, ostera, erabateko pendulu-mugimendupean, hirietatik landa-ingurunera itzultzen direnak edo bertara bizitzera lehen aldiz doazenak dira bizitzaren ikuspegi hiritarra landa-mundura daramatenak. Hori guztiori gutxi ez, eta gure administrazioek ezaugarri horiek lehenesten dituen irizpide berdintzailea hartzen dute kontuan, legeak egiteko orduan. Beharbada, azken hori da nekezen uler tzen dena gurea bezain industrializatuta eta urbanizatuta dagoen gizartean, hau da, aldaketa-prozesua hedatu egin da, eta lurraldearen zati handi bat hartu du mendean, baina, aldi berean, sakon aldatu ditu landa-munduan bizi direnen mentalitateak. Prozesu horri “modernizazioa” esaten diote. Izena edozein dela ere, argi dago aldaketak sakonak izan direla. Hala ere, ezin da ukatu aldaketa asko onuragarriak ere izan direla, baina, batez ere, oinarrizko zerbitzuen arloan; esate baterako, edateko ura, argi elektrikoa, errepideak, komunikazioak... Aldi berean, ordea, esan beharra dago landa-ingurunearen ezaugarri bereizgarriak ziren balio asko galdu egin direla.
Hiriko munduak landa-ingurunearen aldean daukan lehentasunaren isla sinbolikoa ere bada lehenengoarentzat “lurzorua” dena “lurra” izatea bigarrenarentzat.
Oso kontuan hartu behar dugu ondo ulertutako nekazaritza munduan lurrarekin zein biziarekin sakon lotuta egoteko modua ere badela, eta ez dela halabeharrezkoa aditz berbera erabiltzea lurra lantzeko eta nork bere burua lantzeko.
Nekazaritzako jarduera modernizatzeko prozesua nolabaiteko ameskeria izan da. Hasteko, lan-modu tradizionalak zaharkituta zeudela eta “lehiakorragoak” ziren beste batzuk lortu behar zirela adierazi zen. Antza denez, inor ez zen konturatu landa-gizartearen biziraupenerako estrategia auzokoen arteko elkartasunean zegoela oinarrituta eta beretzat arrotz samarra zela lehiakortasuna. Horren ondorioz, kasu onenean, herrietan, auzokideek bertan behera utzi dute nekazaritzako jarduera, eta haietako batek guztien lurrak alokatu edo erosi egin ditu. Makinaz eta, batzuetan, zorrez beteta, lehen guztien artean lortzen zuten beste edo gehiago ekoizten du, apurka-apurka intentsiboagoa eta industrializatuagoa den ereduaren bitartez. Gainera, pentsaerari begira, gero eta urrunago ere badago bere auzokideengandik, eta, etorkizunari begira, ekoizle moduan daukan biziraupena ziurgabea izango da beti.
Gaur egun, nekazaritzan ezartzen den jakintza teknikoa da. Dena dela, ezin dugu ahaztu ba tzuetan jakintza hori zuhurrak edo hain zuhurrak ez diren interes komertzialengatik sustatzen dela eta haien helburua negozio-modu berriak irekitzea dela. Eredu intentsibo bezain industrializatuen aurka dauden nekazariek tokiko jakitate tradizionaletatik edaten dute. Edonola ere, nekazaritza-industriako puntako teknikak igortzen dituen munduko informaziosare berberak ere nekazaritza familiarrarekin lotutako era guztietako jakintzak eta nekazaritza-esperientziak eskuratzeko aukera ematen die.
Landa-inguruneko ekoizleek oso goiz jasan zituzten globalizazio ekonomikoaren eta tokiko merkatuen hausturaren ondorioak. Hori dela eta, ez da harritzekoa horren aurkako erantzuna globala izana. Dena dela, merkatu ekonomikoetako eta nekazaritza-industriako joera berdintzailearen aldean, era guztietako laborantzak eta kulturak errespetatzea da haien asmoa.
Nekazaritzako ustiategien tamaina apurkaapurka hazi den neurrian, nekazaritzako jarduera bertan behera utzi dutenen kopuruak gora egin du, gero eta konplexuagoa delako, errentagarritasuna urria delako eta erretiratzeko adina iristen zaienean jaraunslea izan nahi duen ondorengorik ez dutelako. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi lurrarekin egindako lana behin betiko baztertzen dutenik. Oro har, etxerako elikagaiak ekoizten jarraitzen dute bertatik hurbilago dagoen lursail edo baratzeren batean. Isurialde atlantikoan, gauza berbera gertatu da abeltzaintzarekin, baina, oraindik ere, asko dira baratzea landatzen jarraitzen dutenak.
Ontasun ekonomikoko garaian, baratzeko jarduera horrek atzera egiten du, lan horretan egindako ahalegina handiegia delako era guztietako elikagaiak erosteko aukera edukita. Krisialdi ekonomikoetan, ordea, etxeko janari-ekoizpena suspertzen da, familiaren diru-sarreren beherakadari aurre egin nahian.
Krisietan ere, nekazaritzara itzultzen dira errentagarritasun handiagoa eskaintzen zuten sektoreengatik jarduerok bertan behera utzi zituztenak, sektore horiek atzeraldi ekonomikoei aurre egiteko zailtasunak dituztenean. Alde horretatik, lurra bizirauteko bermea izan da betidanik.
Azken aspaldion ere, landa-ingurunearekin familia-lotura urruna duten edo inolako loturarik ez duten gazteak hurbildu dira nekazaritzako jarduerara. Ezin dute nekazaritzako jarduera profesionala gaur ulertzen den moduan garatu, lurra eskuratzea oso zaila delako eta euren eskura ez dauden inbertsio ekonomiko handiak egin behar dituztelako. Autohornikuntzarako jarduerak garatzen dituzte baratzean, eta soberakoa tokiko merkatuetan jartzen dute salgai. Oro har, nekazaritza ekologikoko teknikak darabiltzate ekoizpen-jarduera hori garatzeko.
Bestetik, lurra duen jendea ere bere elikagaiak landatzen hasi da “zer jaten duen jakitearren”, hau da, ahal duen neurrian jaten dituen elikagaien ekoizpena kontrolatzearren, nekazaritza-industriak erabilitako metodoak gero eta zalantzagarriagoak direlako.
Alde horretatik, pendulu-mugimendurik ere badago, eta, bertan, antzinako jarduerak berreskuratzen ari dira, baina, ulertzeko modukoa denez, garai modernoetara egokituta. 1980ko hamarkadaren amaieran etxeko elikadurari buruzko atlaseko lehenengo liburukia amaitu genuenean, ogia ez zen etxeko erara egiten. Harrezkero, elikagai horren ekoizpena apurkaapurka “industrializatu” egin da, merkatu egin da, eta kalitatea ere galdu du nabarmen. Hori dela eta, azken urteotan, ogia artisauen erara egiten hasi gara berriro, eta, horretarako, antzinakoen antzekoak diren irinak darabiltzagu, baita behinolako “ore ama” bera ere.
Hiriguneko zenbait udalerritako aldirietan, baratzeak atondu dira, landatuak izateko beharrezko eskakizun guztiak betetzen dituzte eta interesdunen artean banatzen dira. Hirien eta biztanle-gune handien inguruan betidanik egon den joeraren kontrolpeko bertsio antolatua dira. Bertan, hain zuzen ere, inork erabiltzen ez zituen lur-zatiak atontzen ziren laborantza-leku moduan, eta, oro har, landa-ingurunetik emigratutako jendeak landatzen zituen. Antzina, udalerrietan bertan, handienetan ere, norberaren kontsumorako produktuak landatzeko baratzeak zeuzkaten, eta bertako toponimia zein kale batzuen izenak dira horren adierazgarri.
Azken batean, gaur egun, aldaketa sakonak dira nagusi. Hemen azaldutako eta, neurri batean, adin handiagoko informazio-emaileen oroimenean bakarrik gordetako nekazaritza tradizionalak ez du luzaroan iraungo. Nekazaritza profesionalizatuak dirau bizirik, gero eta intentsiboagoa eta industrializatuagoa da, eta laborantza-soroetatik urrun gertatutako gorabehera politiko zein ekonomikoen eraginpean dago. Hala ere, dena galduta ez dagoela uste duten mugimenduen arabera, ez dirudi gure historiarekin eta lurraldearekin hain lotuta dagoen jarduera hau, bizimodu hau, behin betiko desagertuko denik. Liburuki honen bidez, ageriagerian utzi nahi dugu gure landa-inguruneko bizilagunek eta haien arbasoek ezagutu eta garatutako nekazaritzaren eskala gizatiarragoa izan zela eta ikuspegi holistikoagoa eduki zuela. Bertan, hain zuzen ere, etekina ez ezik, azken batean jaten ematen digun bizia lantzeko prozesuan oinarritutako jardueran inplikatuta dauden izaki bizidunen eta faktore fisikoen sare konplexua ere hartzen zen kontuan.
- ↑ Euskal Herriko etxeari eta familiari eskainitako eta Atlas hau baino lehenago argitaratutako liburuki batean, aldaketa horiek aztertzen dira.
- ↑ 2015ean Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizleei bidalitako jakinarazpenetik atera den paragrafoa.