I. NEKAZARITZA PAISAIA
Baskonia osatzen duten lurraldeetako nekazaritza paisaien deskribapenean, horiek ikertu dituztenek egindako deskribapenetako hala ikuspegia nola estiloa errespetatu da, eta horregatik daude horien gaineko askotariko begiradak. Lurraldea osorik harturik, beti aipatzen dugu paisaia-berezitasunik nabarmenena, hau da, isuri atlantikoari eta mediterraneoari erreferentzia egiten diona, eta hala paisaia nola laborantzak bereizten dituena. Arabak bi paisaietatik du, eta Nafarroan hiru aurki daitezke: Mendialdea, Erdialdea eta Erribera.
Araba eta Nafarroa nekazaritzak presentzia eta indar handia duten lurraldeak direnez, ondorengo deskribapenak horietatik hasita egin dira.
Contenido de esta página
Arabako nekazaritza paisaia
Eremu laua izan arren, azaleko higadurak muino edo mendixka txikiak utzi dizkigu, baina gainerakoa lautada alubial sedimentarioak dira, gaur egun, nekazaritzako lursail onenak ere badirenak.
Biztanleria-gune nagusiek eragin handia dute nekazaritzan, eta horien hedapen urbano eta industrialak murriztu egiten du nekazaritza jarduera, laborantzako lur onenak galtzen direlako.
Ekoizpen nagusia lehorreko zerealena da, bazka-landareekin txandakatuta, artoa, babak, indabak, patatak eta erremolatxa, azken horiek ureztatzearen sarrerak indartuak. Azken hamarkadetan, nekazari batzuk barazkien laborantza intentsiboa eta eskala handikoa lantzen hasi dira.
Nafarroako nekazaritza paisaia
Nafarroan askotarikoak dira ager, saltus, habitat eta bideak konbinatuz osatutako paisaiak, Alfredo Floristán geografoaren arabera, askotarikoak direlako haren erliebea, haren klima eta hartan garatu diren kulturak; horregatik daude lau esparru bioklimatiko:
- 1. Ipar-mendebaldeko Nafarroa hezeko haran kantauriarrak. Landa-paisaia honetako oinarrizko piezak dira oholesiz edo harlauzaz hesitutako landak eta habitat sakabanatua. Landutako espazioa ezer gutxi da landu gabekoaren aldean, eta lehenengoaren barruan segatutako belardiek laboreek baino garrantzi handiagoa izateak agerian uzten du abeltzaintzak, hala behi-aziendarenak nola ardi-aziendarenak, paper nagusia duela hemen. Laborantzak abeltzaintzarekin lotutako helburua du: artoa, zurtoinean kiribilkatutako babarruna eta arbi tartekatua.
- 2. Haran piriniotarrak. Honako hauek dira Nafarroako ipar-ekialdeko gunerik altuenetako landa-paisaiako alderdirik nabarmengarrienak: mailakatze bioklimatikoa, transhumantzia, almadiak eta mendiko nekazaritza.
- 3. Pirinio aurreko arroak. 20 ha-tik gorako nekazaritza-ustiategiak dituzten landa irekiak (openfield) eta herrixkak daude Irunberri-Agoitz eta Iruñeko arroetan, Pirinioetako haranen hegoaldeko partean eta Erdialdeko iparraldean, hau da, Nafarroa bioklimatikoki submediterraneoan. Garagarrak eta gariak hartzen dute urtero ia osorik landutako espazio guztia.
- 4. Paisaia mediterraneoak. Nafarroaren hegoaldean antzinako garaietatik erromatarrek eta arabiarrek sakon luberritutakoak dira, bere erregimen plubiometrikoak eragindako ezaugarriak dituztenak: urteroko kopuru urria, eurien hilabete arteko banaketa anarkikoa eta, batez ere, uda lehorra.
Bizkaiko nekazaritza paisaia
Paisaia naturala definitzeko, esan izan da lurralde batean batzen diren baldintza eta inguruabar fisiografiko eta geologikoen adierazpen sintetikoa dela. Baina gizakiaren eta animalien esku-hartzeak paisaia gizatiartu bihurtu dute.
Gure paisaia tradizionala basoko arbola-masa handiek osatzen zuten, eta masa horren zati bat nekazaritzako lanetarako eta, batez ere, belardietarako egokitu zen gero. Antzina, haritzek, arteek, gaztainondoek... osatutako basoko paisaia gaur egun pinu eta eukalipto sailek bereganatu dute, eta horiek batzuetan etxeko bebarruraino iristen dira.
Zerealen (garia eta artoa), arbiaren eta erremolatxaren ohiko nekazaritzak ere behera egin du, kasu batzuetan desagertu arte, hala nola, garia XX. mendearen erdialdean. Belardiek labore horien lekua bereganatu dute eta, ondorioz, hazkunde nabarmena izan du bazka-landareei eta belardiko landareei eskainitako lur azalerak. 1970eko hamarkadan, dagoeneko, adierazten zen Bizkaiko lurraldeko nekazaritza gero eta lerratuagoa zegoela abeltzaintzaren aldera. Gora egin duena baratzegintza da.
Gipuzkoako nekazaritza paisaia
Erliebea eta klima antzekoak dira Gipuzkoan eta Bizkaian, bi lurraldeok Baskoniako alderdi atlantikokoak direlako, eta antzekoak dira, ondorioz, paisaiak, kokalekua ezartzeko moduak eta bizimoldeak ere. Nabarmendu beharreko alde bat da Gipuzkoako geografia gorabeheratsuagoa dela, mendiak eta haranak bata bestearen ondoan baitaude, ordokiak sortzeko tarterik utzi gabe. Itsasertzeko leku jakin batzuetan eta mendilerroen behealdeetan baino ez daude sakonune handi samarrak. Gailur handienek Arabako lurraldearekiko hegoaldeko muga markatzen dute eta isuri atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko muga ere badira aldi berean.
Orografia aintzat hartuta, Gipuzkoa nekazaritza-baliabide urriko eta hedadura murritzeko lurraldea da. Nekazaritzak zailtasunak izan ditu ez dagoelako ia batere lur laurik, eta laborantzarako horiek handitu behar izan direlako basoari lursailak kenduta. Itsasertza, Hondarribitik Mutrikuraino, ondo egokitzen da nekazaritza jarduerara, laborantzarako lur egokiak daudelako, eta nabarmentzekoa da, horrekin batera, tradizio luzeko arrantza jarduera. Abeltzaintza jarduera garrantzitsua da lehen sektorean.
Lehen sektorean eskuratzen diren produktu nagusiak hauek dira: aziendarentzako bazka-landareak, patata, barazkiak eta artoa. Mahastiak oso kontzentratuta egon dira Getariako inguruan. Labore berrien artean, barazki eta loreetara bideratutako negutegiena dago.