Berbaurrea

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:


Bizkaiko Foru Aldundiak aspaldidanik babestu du Etniker ikerketa proiektua, Labayru Fundazioko Etnografia Arloaren bitartez.

Ikerketa, ezagutza sortzea eta hori gizarteratzea faktore garrantzitsuak dira gaur egun, eta XXI. mendeko gizartearentzat ere eragile nagusia dira. Egungo gizartean gertatzen ari diren aldaketa azkarrak gertakari nabarmenak dira. Historialari ospetsu batek esaten zuen bezala, aldaketa horien motorra irudimena da. Baina irudimena bi giza gaitasun uztartzetik sortzen da: memoria, dagoeneko gure artean ez dagoen hori gaur egunera ekartzeko gaitasuna, eta aurrea hartzea, etorkizunari begiratzeko gaitasuna.

Irudimenaren garrantzia albo batera utzi gabe, zalantza barik egiazta dezakegu memoriak eta, kasu honetan, memoria kolektiboak egungo gizartean lehen mailako balioa dutela.

Gaur Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren zortzigarren liburukia aurkezten dugu, nekazaritzari buruzkoa. Honako gaiak jorratu dituen liburuki-seriea osatzen du oraingo aleak: artzaintza eta abeltzaintza, etxea eta familia, bizitzako errituak, umeen jolasak, etxeko elikadura eta herri medikuntza.

Liburuki honetan, gaur egungo errealitateko gaiak eta arazoak jorratzen dira: iraunkortasuna, globalizazioa, produktuen trukea, bizi-kalitatea eta naturarekiko jarrera. Beraz, memoriako tresna bat dugu begien aurrean, eta proiekzio eta aurre-hartzeko ariketa egitea ahalbidetzen digu. Oraina ulertzen laguntzen digu, oroimenean oraindik ere bizirik dirauen iraganaren eskutik, eta, modu horretan, etorkizuna oinarridun irizpideekin aurreikusten laguntzen digu.

Anthony Guidensek baieztatu zuen etnografiak, arrakastatsua denean, gizartearen bizimoduari buruzko informazio askoz aberatsagoa ematen duela, bestelako ikerketa moduen bitartez lortutako informazioak baino. Esku artean dugun kasuan, ziur nago helburua lortu dela.

Izaera eta garrantzi honetako aurkezpen batean, ezin dut aipatu gabe utzi Jose Migel Barandiaranen izaera. Etniker proiektuaren bitartez eta gure herrialdeko lurralde guztietan ikerketa-taldeak sortuta, aurrea hartu zion gertakizun tradizionalak zuzenean erregistratzeko beharrari, “makinismoaren kultura” delakoak gertakizun horiek baztertu baino lehen.

Lankidetza publiko-pribatuak zentzu osoa hartzen du, besteak beste, gaur aurkeztutako emaitzarekin: Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren zortzigarren liburukia.

Lorea Bilbao
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako diputatua