XVI. NEKAZARITZAREN MEKANIZAZIOA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 20:32 16 nov 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Sarrera

Gaur egun nekazaritzako jarduera guztiz mekanizatuta dago. Familia baratzeetan baino ez dira egiten lanak eskuz edo antzina erabili zirenen antzeko tresnekin.

Bi alderdi dauzka mekanizazioak. Aztertutako lurraldearen isurialde mediterraneoko nekazaritza ustiapen handietan ez ezik, familia baratze txikietan ere presente dago. Horrela, potentzia handiko traktoreak ikus ditzakegu pikoi ugariko goldeak arrastaka eramaten, eta, aldi berean, motokultore txikiak lursail ñimiñoak prestatzen etxeko kontsumorako labore bat ereiteko edo landatzeko. Beste alderdia da nekazaritzako edozein jardueratarako, txikia iruditu arren, aurki daitekeela giza lana ordezka edo erraztu dezakeen tresna mekanikoren bat.

Eraldaketa horien emaitza giza esfortzu fisikoaren leku-aldaketa da. Zenbat eta handiagoa izan nekazaritza ustiapena, orduan eta argiago ageri da hori. Iraganean herriko bizilagun guztien lana eskatzen zuten laborantza-azalerak lantzea ahalbidetu du mekanizazioak, aldi berean ekoizpena handituz. Hain zuzen ere, traktoreek eta haiek herrestan eramaten dituzten lanabesen potentzia handitzea latifundismoaren fenomenoari lotuta dago (hori, sarritan, beraien nekazaritza jardueran jarraitzerik izan ez zuten auzotarrei lursailak alokatuta lortzen bada ere). Lursaila gutxi gorabehera laua denean ere erabil daiteke aukera hori. Isurialde atlantikoan, batez ere mendi inguruetan, mekanizazioa traktore txikiagoei esker gauzatu ahal izan da, lurraren irregulartasunei hobeto egokitzen baitzaizkie.

Makina batzuk hainbat zereginetarako izan daitezke baliagarri. Traktorea funtsezko pieza da, hari hainbat motatako makinak eransten zaizkiolako, askotariko lanak egin ditzaketenak.

Nekazaritzako zikloan erabilitako lanabesak

Mekanizazio maila hain da altua, non gurdi-abereekin egindako lanak erabat desagertu diren eta aitzurrak edo aizkorak erabiliz eskuekin egindakoak baratzeetan edo makinak maneiatzerik ez dagoen lekuetan baino ez diren egiten. Leku horietako eskulana ere leundu egin da hainbat makinaren erabilerari esker, hala nola motoaitzurrak, motozerrak eta sasi-garbitzekoak.

Lurraren prestaketa

Lursailetako nekazaritza lanak traktorearen laguntzaz egiten dira, hari hainbat makina erantsita. Traktoreak potentzia eta neurri desberdinetakoak izan daitezke, eta egin beharreko lanaren araberakoa da erabilitako traktore mota. Goldatzeko lanerako, daukan potentzia handieneko traktorea erabiltzen du nekazariak (eskuarki bi edo hiru traktore izaten ditu); izan ere, belarri birakari bikoitzeko ildo anitzeko goldea herrestan eramateko ahalmena dauka. Normalena hiru edo lau ildoko goldea erabiltzea da, baina potentzia handieneko traktoreek bost ildokoak ere eramaten dituzte herrestan.

Ereintza

Laborearen arabera, tipologia desberdinetako ereiteko makinak erabiltzen dira. Zerealak traktoreari erantsitako makina batekin ereiten dira; makina horrek traktorearen alde batetik besterako tobera luze bat dauka, eta tutu txiki batzuk (10 eta 30 bitartean), lurrean sartu eta aleak bata bestetik oso gertu ilaretan ezartzen dituztenak traktoreak aurrera egiten duen bitartean. Eguzki-loreak, artoak, indabak eta erremolatxak sei tobera txikiko ereiteko makina bat behar dute, antzeko ildo kopuruarekin, haziak distantzia erregulatu batera ezartzeko. Patata bi edo lau ildoko ereiteko makina batekin ereiten da, horiek haziz hornitzeko tobera handi bat erabilita.

Ereintzaren ondoren, landareak ernamuindu arte itxaron behar da, hurrengo lanak makinekin egin ahal izateko. Hala ere, area pasatuz egindako lana ez baldin bada erabat gogobetegarria izan, zerealaren kasuan, hazia ernatu baino lehen alper edo zilindro bat pasa daiteke, lurra berdintzeko lana amaitzen duena.

Letxugak, eskarolak eta beste barazki batzuk kutxetan iristen diren eta traktoreek tiratutako makina bereziekin ereiten diren aldaxka txikietan aurkezten dira; makina berezi horien gainean, aldaxkak lurrean banatzen dituzten langile batzuk esertzen dira.

Laboreen mantentzea

Ongarria bolatxo solidoen forman banatzeko lana traktorearen atzealdeari erantsita ongarria askatzen duen ongarritzeko makina baten bidez egiten da; tobera handi batean darama ongarri hori, eta astiro jiratzen duen disko baten edo disko pare baten bidez askatzen du.

Bestalde, laboreei aplikatu beharreko produktua herbizida, fungizida edo intsektizida bat denean, galdara bat erabiltzen da, beso artikulatu eta luzagarriak dauzkana, laborearen ildoekikoko perpendikularrak, produktua banatu eta landareak bustitzen dituzten ahoko batzuekin. Galdara batzuek apar zuri piloak uzten dituzte, beren besoen muturretatik zabaldutakoak. Horrela, apar-markak uzten joaten dira, nekazaria gidatzen dutenak, jakinaraziz beso horiek noraino iristen diren, eta, horri esker, produktua ez zabaltzeko lehendik pasatu den guneetan. Galdara horiek traktoreari erantsi ohi zaizkio, baina azkenaldian herbiziden galdara autopropultsatuak agertu dira merkatuan. Kasu guztietan, aldez aurretik eta galdara husten den aldi bakoitzean, tutu malgu bat behar dute, ura ureztatze-ahotik hartzeko eta galdara barruan ura eta biltegi espezializatuetan erositako produktu kimikoa nahasteko.

Belar gaiztoak kentzeko, ildoetan ereindako laboreen kasuan, hala nola patataren eta erremolatxaren kasuan, herbiziden erabilera zabalduta dagoen arren, gaur egun oraindik ere traktoreek tiratutako kultibadoreak erabiltzen dira, hiru ardatzekoak eskuarki, belar gaiztoak kentzearekin batera lurra oxigenatu egiten dutenak.

Makinak bazkidetzan eta jabetza kolektiboan

Iraganean, nekazaritzaren mekanizazioa hasi zenean, gaur egun baino ohikoagoa izan zen hainbat lagunen edo kolektibitateren artean erostea, makineria ekipoen prezio altuei aurre egiteko. Gero, jendearen egoera ekonomikoa hobetu ahala, bai eta denek une berean zeukatelako makinen beharra ere, erosketa modu hori desagertu egin zen pixkanaka, eta bakoitzak behar zuena erosten zuen. Gaur egun ohikoagoa da behar diren zerbitzuak kontratatzea horiek diru kopuru bat ordaintzearen truke eskaintzen dituztenei.