II. LABORANTZAKO LURRAK

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 16:19 16 nov 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Lurren motak, kalitatea eta laboreak

Oro har kontuan hartzekoak

Inkesta egindako herrietan deskribatutako lur moten sailkapena egin aurretik, Karrantzan laborantzako lurrei buruz egindako landa-ikerketan jasotako ideia orokor batzuk azalduko ditugu.

Karrantzako informatzaileek hainbat geruza bereizten dituzte laborantzako lurretan, zoru baten profila osatzen duten horizonteen baliokideak izango liratekeenak.

Azalekoenari lore deritzo (lurraren lorea), ilunena da, halako moldez non haren kalitatea handiagoa den zenbat eta beltzera gehiago jo. Alderik baliotsu eta emankorrena da, eta hala haren kolorea nola haren ehundura materia organikoz egindako ongarritze errepikatuaren fruitu dira. Trinkotasun gutxieneko partea da, xehatzen errazena.

Lehen geruza horren azpian lur edo lur normala beste izenik ez duen beste bat dago. Kolore argiagokoa da, materia organiko gutxiago daukalako, eta errazago jotzen du trinkotzera.

Horren azpian ama deritzona dago. Buztintsua izan ohi da, gainean duen lurra baino argiagoa eskuarki, nahiz eta batzuetan tonalitate urdinkarak erakutsi. Oso trinkoa da eta ez da ekoizpenerako baliagarria.

Lur motak

Jasotako inkestetan, datu komuna da haranetan kokatutako lur lauak, hareatsuak, oro har, aberatsagoak direla, laborantzarako egokiagoak, eta ekoizpen handiagoa ematen dutela. Lur buztintsuak, aldiz, gogorragoak dira, baina horietan oso ondo egokitzen dira labore batzuk. Okerrenak harritsuak dira, horietan, harri asko kendu arren, berriro agertzen baita harri gehiago haiek luberritu eta haietan sakontzean, eta horrek oztopatu egiten baitu animalien zein pertsonen lana, laborantzako tresnei kalte egiteaz gain. Hala ere, lur horiek, Baskoniako hegoaldean, egokiak dira olibadietarako eta mahastietarako.

Lurraren kalitatea ezagutzeko lehen irizpidea kolorea da. Kontuan hartzen da lurrik onena dela beltz izateko joera duena, lantzeko erraza dena eta emankorra dena. Landarea ondo haz dadin, baldintza klimatikoek lagundu egin behar dute, udako lehorte bat iristen bada landarea buztinean aberatsak diren beste mota bateko lurretan baino arinago zimeltzen eta hiltzen baita. Lur baten kolore iluna materia organikoz egindako ongarritzeari lotuta dago, eta zenbat eta hamarkada gehiagotan landu orduan eta balio handiagoa ematen zaio ezaugarri horiek dituen lur bati.

Bigarren faktorea lursailaren osaketa da. Lursail beltz eta solteak ondo lantzen dira buztin gutxi dutelako, baina hala ere ona da lurrak buztin proportzio bat izatea. Zoru horietan landare gutxiago atera daiteke aurrera, baina hazten direnak indar handiagoz hazten dira. Lursail horiek hobeto jasaten dute lehortea eta horietan ondo egokitzen dira labore guztiak, batez ere artatxikia eta indabak. Orduan zituzten bitartekoekin, gehiegizko buztina zuen lurra ezin izaten zen landu.

Aintzat hartzeko beste alderdi bat sakontasuna da. Estimazio handiena duen lurra lur sakona da, hau da, golde-muturrarekin asko sakonduagatik ere, erosotasunez lantzen dena ama ateratzeko arriskurik gabe. Lursail batzuetan, aitzitik, azpilanean aritzean harriak ateratzen dira, hain da mehea duten lur geruza.

Lurren orientazioari dagokionez, hobetzat jotzen dira hegoaldera eta ekialdera begira daudenak, horietan laboreek eguzki kolpe handiagoak jasotzen dituztelako eta lursailaren aldapak ipar haizetik babesten dituelako. Goizeko nahiz arratsaldeko eguzkiak dira onak, baina informatzaileek lehenengoa hobetzat jotzen dute, “grazia handiagoa” duela diote.

Luberritzea

Goldatzea lurra golde tradizionala erabiliz iraultzea da; golde horrek mutur triangeluarra du ildoak ireki eta lurra bi aldeetara isurtzeko. Itzulerako ibilbidean, lurra aurretik mugitutako lurrarekin batera metatzen da eta ildo eta ildo artean tontortxo luzetxoa eratzen da. Goldearekin egindako lur-lantzea azpilana baino azalekoagoa da.

Hitz hori, azpilana egin, seguru asko laborantzako lanabes gisa golde belarridunak erabiltzen hasi zirenean zabaldu zen; herri askotan, besterik gabe, makina deitzen zieten, eta hitz hori erabiltzen jarraitu da idien eta golde belarridunen ordez golde modernoagoak dituzten traktoreak erabili direnean ere.

Azpilanean, golde-muturrak lurrean sakontzen du eta, goldeak belarri zabala duenez, alde batera iraultzen du lurra. Itzulerako bidean, mekanismo bati esker golde-muturra zabukatzen da halako moldez non beste ildo bat irekitzean lurra norabide berean iraultzen duen aurreko pasaldian mugitutako lurraren gainean jarrita. Horregatik, haren funtzioak laia tradizionalek zutena ekartzen du gogora.

Ureztatzea

Oro har, esan ohi da herri guztietan izan duela hazkundea lursail ureztatuen laborantzak lehorrekoarekin alderatuta. Lehorreko labore batzuk alde batera utzi direlako gertatu da hori, ureztatze sistemak ezarrita ura hurreratu baitzaie laborantzako lurrei. Ureztatzeak tradizio handiagoa izan du Estellerrian eta Nafarroako Erriberan; bi eskualde horietan ureztatze sistemen ondorioz lurrak oso emankor bihurtu ziren.

Lursailen kokapena eta bereizketa

Lursailen itxiturei dagokienez, bi era jaso dira. Herri batzuetan ohitura izan da lursailak hasieran harresien edo landaredien bidez ixtea, eta gero horien ordez txarrantxaz lotutako hesolak erabiltzen hastea, eta beste kasu batzuetan landak zabalik egoten ziren. Garai batzuetan bi ohiturak izan dira aldi berean. Eragina izan du biztanleriaren gehiengoa abeltzaintzara edo nekazaritzara emana izateak, azienda handia baldin bazegoen baratzeak babestu egin behar izaten baitziren animalien sarreratik. Erabili izan dira muga gutxi-asko naturalak ere lursailak bereizteko, mugarriez gain edo horietatik aparte. Gaur egun aziendaren bazkaleku diren belardiak ixteko joera da nagusi, eta batzuetan baratzeak ere bai, animaliak sartzea eragozteko, bai eta gizabiderik gabeko jendeak egindako lapurretak ere.

Mugarritzea. Mugarriak

Ikusi dugu jabetza mugatzeko modu bat harresiak, itxiturak edo oholesiak kokatzea dela, bereizketa molde horien arrazoi nagusia laboreak aziendaren sarreratik babestea baldin bada ere. Jabetzak bereizteko metodo komun eta zabalduena lursaila edo mendia mugarritzea da, baina badira aldameneko lursailak beste jabe bat duela adierazteko beste sistema batzuk ere.

Dagoeneko 1920ko hamarkadan, Barandiaranek egiaztatu zuenez, ohikoa zen Baskonian lurrean sartutako harriak erabiltzea jabetza pribatuko zein komunaleko lursail baten mugak markatzeko[1]. Kontzeptua bera bada ere, bereizketa egiten dugu jabetza partikularrak mugatzeko seinaleen eta eskumen-mugarri deritzenen artean; azken horiek bata bestearen ondoan dauden udalerrien mugak markatzeko balio dute.

  1. José Miguel de BARANDIARAN. El mundo en la mente popular vasca. Zarautz:1960, 154. or.