X. EZKONTZA HITZARMENAK
Orrialde honetako edukia
Ezkontzeko mandatua egitea
Ekintza sinboliko honetan senargaiaren gurasoak emaztegaiaren etxera doaz semeak neska gaztearekin ezkontzeko asmo irmoa duela adierazteko eta uztarketa hori gauzatzeko baimena eskatzeko.
Ohikoa izan zen iraganean bisita horretan bi familiek senar-emazteen ezkontza kontratuari zegozkion alderdi ekonomikoei buruz hitz egitea. Eztei egunetik gertu zegoen data batean egiten zen, eta bi familien arteko hitzarmena adostu eta gero ezkondeiak hasten ziren parrokian[1]. Leku batzuetan esaten zen senargaia eta emaztegaia une horretatik aurrera "prometidos'' zeudela. Herri batzuetan jaso da ezkontzeko mandatua elkarri egindako opariekin zigilatzen zutela ezkongaiek.
Familiek ondasunik ez baldin bazuten, "con la alforja puesta al hombro'' ezkontzen ziren, indar fisikoa eta lanerako gogoa besterik ez zutela.
Ezkontza hitzarmenak
Zentzu zabalean, ezkontza hitzarmenak ezkongaien ezkontzaren baldintzak finkatzeko eta doitzeko ezartzen diren kontzertuak dira. Hedapenez, izen bera ematen zaio akordio horiek jasotzen dituen idazki publikoari ere.
Itun horiek ezkongaien gurasoen artean ezartzen ziren, ezkontzea hitzartuta zuten ezkongaiek berek ere parte hartuta; ezkondu eta gero familiaren etxean, hura senar-emazte nagusiagoekin partekatuta, geratzekoa zen semearen edo alabaren alde egiten ziren.
Ezkontza hitzarmenak mendearen hasieran
Madrilgo Ateneoak egindako inkestan[2] jaso zen mendearen hasieran, Baskonia penintsularreko lurralde osoan oro har, gurasoek edo haien ordezkoek parte hartzen zutela ezkontza hitzarmenetan dotearen zenbatekoa eta gizonak ezkontzako elkarteari egindako ekarpena zehazteko, onespena emateko eta beren sinadurarekin erantzuteko aldez aurretik ezarritako baldintzei.
Hitzarmenak idazketa publikoan formalizatzen ziren notario aurrean, eta hara joaten ziren emaztegaia beraren gurasoekin eta senargaia berarenekin. Egin zituzten kalkuluen arabera, prozedura horri jarraituz egiten ziren ezkontzen %80. Kontratu pribatuaren bidea %15ek erabiltzen zuen eta udal epaitegiena, berriz, %5ek.
Dotea
Dotea emakumeak edo gizonak ezkontzako elkartera egindako ondasunen ekarpena da edo, bestela, berak erlijio estatua hartu behar dueneko erlijio ordenari edo komentuari ematen diona[3].
Atal honetan, ezkontzarekin lotutako bi dote mota deskribatzen dira: lehentasunez, kanpotik etorri eta etxe bateko oinordekoarekin ezkontzen zenaren, etorkinaren, ekarpena, ezkontza hitzarmenak ezartzean zehaztua, horien parte baitzen, arestian adierazi den bezala; eta gainerako seme-alabek ezkontzerakoan oinordekoaren gurasoek emanda jasotzen zutena.
“Dote” hitzak adiera bat baino gehiago zituen eta ditu herri hizkeran. Herri batzuetan dote kontzeptuak eskudirutan emandako dirua eta arreoa hartzen ditu bere baitan, eta beste batzuetan dirua emateari edo espezietan ordaintzeari baino ez deritzo “dote”. Mendeko lehen hamarkadetan, zabalduta egon zen dotea dukatetan, duketak, eta ontzetan osatzeko ohitura. Orain dela gutxi arte, gure landa inkestetan jaso denez, ez zen harrigarria abelburuak espezietan ordaindutako dotearen parte izatea[4].
Baskonian, inkestari erantzundakoek maiz adierazitakoaren arabera, zabalduta dago gaztelaniazko "arreo" hitzaren eta haren euskarazko baliokide "arreoa" hitzaren erabilera, kasu batzuetan emaztegaiaren ezkon-hornia izendatzeko[5] baina beste batzuetan zerbait zabalagoa, laborantzako lanabesak, etxeko tresnak eta beste elementu batzuk barne hartuta.
- ↑ Alimentación Doméstica en Vasconia. Atlas Etnográfico. Bilbo, 1990, 472. or.
- ↑ EAM, 1901 (Arch. CSIC. Bartzelona) IIB.
- ↑ DJFAren 1831ko Hiztegi Judizialak dio dotea dela emakumeak ezkontzean edo erlijioan sartzean eramaten duen ondasuna. Dotea osatzea da emaztegaiak zer daraman adieraztea, senarrari epeka edo eskura emateko betebeharra bere gain hartuz. Dotea eramatea da emakumea ekartzea diru estatua edo ondasun propioa bereganatzean.
- ↑ Badirudi iraganean ohikoa izan zela Baztanen (N) azienda ematea, eta bereziki behi-azienda, auritxe deitutakoa, dotearen osagarri gisa. Baliteke hitz horren jatorria aratxe izatea, goi-nafarrerak txahalari deitzeko darabilena. Eulogio ZUDAIRE. "Quitamiento de dote en razón de matrimonio (Valle de Baztán)" in CEEN. XI (1979) 249-269. or.
- ↑ Arreo eskuarki alabei ezkondu behar dutenean osatzen zaien ekipamendua da. Emiliano de ARRIAGA. Lexicón etimológico, naturalista y popular del bilbaino neto. Bilbao: 1896. Arabako leku batzuetan eta Gasteiz hiriburuan ere jaso zen arreo hitza emaztegaiaren ezkontza garaiko ekipamenduari deitzeko. Gerardo LÓPEZ DE GUEREÑU. Voces Alavesas. Bilbao: 1958.