V. LEHEN HAURTZAROA
Orrialde honetako edukia
Sehaska
Sehaska adierazteko hitz hauek erabiltzen dira euskaraz: ohakoa (Iholdi, Uharte-Hiri-NB), sehaska (Berastegi, Elosua, Hondarribia-G; Sara-L), kuma (Gorozika, Lemoiz, Markina, Nabarniz, Urduliz, Zeanuri-B) eta kuina (Liginaga-Z)[1].
Inkestek erakusten dutenez, bi motatakoak izan dira: laukizuzen formako zurezkoak eta obalatu zumezkoak, biak ere kulunkatuak izateko aukerarekin. Herri batzuetan erabili izan dira sehaska-oheak ere. Araban, ohikoa izan zen iraganean sehaskaren ordez aleak neurtzeko erabiltzen zen ontzia erabiltzea, fanega deritzona.
Zurezko sehaskak
Sehaska horiek lau aldeetatik itxiak izaten ziren eskuarki, tiradera forma zuten eta, kasu batzuetan, barroteak. Gehienek kulunka batzuk izaten zituzten oinarrian, mugimendua eragin ahal izateko. Familiaren baliabide ekonomikoen arabera, bakunak izan zitezkeen edo landuak eta apainduak. Itxialdiko aro honetan, emakumeak etxetik irten beharra izanez gero, arropa zabaltzeko, egurra biltzeko edo baratzera edo eskortara joateko, burua bere teilatutik hartutako teila batez estalia zuela egin behar zuen, eta teilari hantxe eutsi behar zion gero, berriro etxean sartu arte.
Zumezko sehaskak. Moisesa
Zumezko sehaska, zimentzezko edo ziazko kumak, eskuarki moises deitutakoa[2], dotoretasunaren adierazle izan zen iraganean, eta horregatik herri batzuetan aberatsenek baino ez zuten halakorik.
Ordezko sehaskak. Fanega erdia
Arabako zati handi batean, antzina, ohikoa izan zen fanega erdia umeentzako sehaska gisa erabiltzea. Alea neurtzeko zurezko tiradera bat zen, eta sukaldean jartzen zen, amak etxeko lanak umeaz arduratu gabe egin ahal izateko. Ohikoa zen fanega erdiaz gain beste sehaska bat ere izatea, gurasoen gelan.
Koltxoia eta oheko arropa
Koltxoiari dagokionez, ohikoa izan zen artoaren hostoak erabiltzea lastaira eta koltxoia betetzeko, eta baita artilea eta lumak ere. Herri batzuetan, ardi larru bat jartzen zen koltxoiaren gainean, isolatzaile lana egin zezan, koltxoia hezetzea eragozteko.
Umearen zainketa
Paseoa iraganean
Inkesta egindako herri ia guztietan, informatzailek diote lehen umeak oso gutxitan ateratzen zirela paseatzera, edo inoiz ere ez; lehen hilabeteetan sehaskan egoten ziren ia beti, eta etxetik ez ziren ia inoiz ere ateratzen.
Lehen irteerak etxetik
Umeak paseatzera ez ateratzeak ez du esan nahi beti etxean egoten zirenik. Lehen hilabeteak pasatu eta gero, amak bera joaten zen leku guztietara eramaten zuen umea, inoiz ez baitzuten etxean bakarrik uzten. Landa-eremuetako gizarte tradizionalean emakumeak nekazaritzako lan batzuen ardura zuenez, umea zainduko zuen inor ez zuenean, umea berarekin eraman behar izaten zuen lan egin behar zuen lekura, eta han eman behar zion behar zuen zaintza eta arreta guztia, lan egiten zuen bitartean.
Umea eramateko prozedura tradizionalak
Aurreko atalean ikusi den bezala, amak landako lanera joaten zirenean, umeak bizkarrari lotuta eramaten zituzten, edo, bestela, iraganean baserrietan hain ohikoak ziren aleak neurtzeko ontzietako baten otarrearen barruan sartuta.
Umea zaintzen duten pertsonak
Eskuarki, umeak zaindu eta paseatzera ateratzeko ardura izan duten pertsonak etxeko andreak izan dira. Herri batzuetan, ama zen eskuarki umea kalera ateratzen zuena: beste batzuetan, ordea, ez zen ohikoa amak umea paseatzera ateratzea, ez zuelako horretarako astirik, bere betebehar ugarien ondorioz. Kontuan hartu behar da, gainera, familia bakoitzak ume ugari izaten zuenez, beste ardura batzuk lehenesten zirela, eta paseoarena etxeko beste edozein emakumeren eskuetan uzten zela, amonarenean, izebarenean, arreba edo ahizparenean.
Umearen hastapenak
Atal honetan, umearen ikasketa prozesuaren bi alderdi funtsezko biltzen dira, ibiltzen hastearena eta hitz egiten hastearena. Hirugarrena, fisiologikoa, esnezko hortzen agerpena da, umearen senetik eta borondatetik apartekoa, baina aldaketa bat dakarkiona elikadura ohituretan.
Lehen pausoak
Umea urtebete inguru duenean hasten da ibiltzen nagusiek lagunduta. Artean sehaskan dela, estimulatu egiten da, zangoen mugimendu batzuk eraginez, kantutxo batzuekin lagunduta.
Umearen zizakadura
Umea zaindu eta artatzeaz arduratzen den emakumea da lehen hitzak irakasten dizkiona eta haren lehen zizakadurak interpretatzen dituena ere. Antzina, kasu askotan, ama izan beharrean, amona ere izan zitekeen, izeba bat edo arreba edo ahizpa zaharrena.
Lehen hortzaldia
Oso antzina, zenbait prozedura erabili ziren umeen hortzen hazkundea estimulatzeko, hala nola kutun batzuk jartzea lepotik zintzilik; kutun horiek zaku txiki batzuk izaten ziren, barruan trikuen, basakatuen edo zaldien hortzak zituztenak (Laudio-A; Larrabetzu eta Bedia-B); nahiko ohikoa izan zen helburu horretarako basurdeen letaginez edo hausnarkarien haginez egindako zintzilikarioak erabiltzea ere[3]. Egiaztatuta dago, halaber, Legazpin (G) satorren hortzak erabili zirela[4].
Jaiotzaren urteurrena
Urtebetetzea
Zangozan (N), eskuarki ezer berezirik egiten ez bazen ere, familiak dirua baldin bazeukan, txokolate-jana antolatzen zen lagunekin eta lehengusu-lehengusinekin, eta nahiko haziak ziren umeei janari hobea ematen zitzaien, arroz-esnea barne.
Urtebetetze opariak
Inkesta egindako herri askotan, ez da ohikoa izan oparirik egitea 60-70eko hamarkadetara arte. Ez zen oparirik egiten, urtebetetzeak ospatzeko ohiturarik ez zegoelako eta diru gutxi izaten zutelako.
- ↑ José Miguel de BARANDIARAN. «Materiales para un estudio del pueblo vasco: En Liginaga (Laguinge)» in Ikuska. Nº 10-13 (1948) 80. or.
- ↑ Juduen tradizioak dio Moises otzaratxo batean utzi zutela Niloko uretan, eta hortik datorkie izena sehaska hauei.
- ↑ José Miguel de BARANDIARAN. El mundo en la mente popular vasca. I. liburukia. Donostia: 1960, 181-184. or.
- ↑ LEF. José Miguel de Barandiarani jasotako informazioa.