XIV. EZTEIAK
Orrialde honetako edukia
Ezkontza ospatzeko antolatutako banketea edo banketeak ez ziren, antzina, bizitza tradizionaleko beste une seinalatu batzuetan prestatutakoak baino garrantzi handiagokoak. Lekukotasun batzuen arabera, etxeko baten hiletan egindako oturuntzak ezkontza batengatik antolatutakoak baino handiagoak izan zitezkeen, garaiaren arabera, hala oparotasunean nola gonbidatuen kopuruari dagokionez[1].
Kontuan hartu behar da, halaber, familiako beste kideetako batek izandako estatu aldaketak ezkontzaren ospakizuneko eskema berberei jarraituz ospa zitezkeela. Hori da lehen meza kantatzen zuten apaizen banketeen kasua, misacantanokoa, edo moja sartzea eta profesa egitea ospatzeko egiten zirenena. Abagune horietan, ezkongabe egoera ezkonduarengatik aldatzen zuten seme-alaben kasuetako bitarteko eta modu berberekin antolatzen zuen ospakizuna familiak.
Ezkontzaren ondorengo ospakizun soilei dagokienez, baraua hautsi, barauskarria hitzak jaso dira ezkontzako zeremoniaren ondoren goizeko lehen orduan egindako gosaria izendatzeko.
Ezteietara gonbidatuak
Gure inkestetan jasotako datuetatik ondorioztatzen denez, adin handiko jendearen ezkontzen kasuetan salbu, gazteak baino ez ziren joaten ezteietara. Esaten zuten ezkontzek ezkontza berriak sortzen zituztela. Ezkongaien gurasoak ez ezkontzara ez eguneko ospakizunera joaten ez ziren herrietan, ezkontzaren ondorengo igandean gonbidatzen zituzten.
Nolanahi ere, ospakizunetara gonbidatutakoen kopurua murritza izaten zen gehienetan. Herri batzuetan, mende honetako lehen hamarkadetako ezkontza batzuk deskribatzen dira esanez guraso batzuk, lehengusu bat edo beste eta osaba-izeba batzuk baino ez zirela joan. Hogei edo hogeita hamar gonbidatu baino gutxiagoko ezteiak jendetsutzat jo zitezkeen urte horietan. Beste leku batzuetan, aitzitik, auzokideetako asko gonbidatzen zituzten ezteietara.
Gonbidatuen multzoari eskainitako banketeaz gain, familiek aintzat hartzen zituzten batzuetan edozein motiborengatik ospakizunetara joaterik ez zuten ahaideak.
Gaur egun, ezkontzak jatetxeetan ospatzeko ohitura zabaldu ahala, gonbidatuta dauden baina edozein motiborengatik ezteietara joaterik ez duten familiei eta gonbidatuak ez izan arren adiskidetasun edo gertutasun harremana izan dezaketen pertsonei, dendaren bateko banaketa zerbitzuaren bidez, pastelak bidaltzeko ohitura indartu da. Leku batzuetan zigarro puruak ere bidaltzen dira etxeko gizonentzat.
Ezteietara joateko ezinduta dauden adin handiko ahaideei dagokienez, ohitura zabaldua da janari berezi bat enkargatzea eta haien etxera helaraztea egun horretan.
80ko hamarkadan, horretaz gain, leku askotan gozokiekin batera xanpain botilaren bat edo beste ere bidaltzen da.
Ohitura zabaldua da, halaber, azken urte hauetan, ezkonberriek bankete osora joateko gonbidapenak egiteaz gain beste gonbidapen bat egitea lagun eta ezagun multzo handi bati oturuntzaren ondoko bazkalondora joateko, azken burukoak jateko, kafea eta edariak hartzeko, eta dantzaldian eta geroko ospakizunetan parte hartzeko.
Mutil gazteen parte-hartzea ezkontzetan
Aurrerago esan dugun bezala, antzina ezkontzak batez ere gazteentzako festak ziren, eta, horrenbestez, mutil gazteek parte-hartze garrantzitsua izan dute ezkontzetako ospakizunetan. Tradizionala izan da ezkongaiak beren lagunak gonbidatzea ezteietara. Horrez gain, mutil gazteek paper garrantzitsu samarra duten lekuetan, batez ere Araban eta Nafarroan, gazteen taldeak jarduera berezietan parte hartzen zuen.
Gazteentzako jarduerez gain, esan daiteke oro har lekuko mutil eta neska gazteen multzoak, edo gutxienez ezkonberrien lagun eta gertukoen taldeak, paper garrantzitsua izaten dutela ezkontzako ospakizunetako jardueretan, eta bereziki ezkontzako segizioan eta, aurrerago ikusiko dugun moduan, eztei-gauari lotutako ohituretan.
Eztei handiak
Banketeekin ospatzen ziren ezkontzek lan eta zama batzuk ekartzen zizkieten ezkontzaren bidez lotutako familiei, batez ere etxean gonbidatuak hartzeaz arduratzen zenari. Elikagai guztiak eskuratu behar ziren, prestatu, jangelak atondu, bazkaltiarrak zerbitzatu eta, horrez gain, ezkontzako banketearen ondorengo dibertsioa ere eskaini. Ospakizunek egun batzuk irauten baldin bazuten, gainera, atsedenerako leku bat ere eman behar zieten ahaideei eta gonbidatuei, gaua pasatzeko.
Giro horretan, ezkonberriei buruzko erritu batzuk ere garatu ziren, ezkontzara gonbidatuen multzoaren parte-hartzearekin, eta herriko mutil gazteen parte-hartzearekin ere bai batzuetan.
Denborak aurrera egin ahala, ezkontzen ospakizunak txikiago egin dira, hala espazioaren nola denboraren aldetik, baina irabazi egin dute kontzentrazioan. Gaur egungo joera da erritual guztiak etxetik kanpo antolatutako ezkontzako bankete bakar batean garatzea, eskuarki ezkonberrien jatorrizko herritik urrun dagoen jatetxe batean. Hala ere, bankete horretara gonbidatuen kopuruak gorakada handia izan du, eta horrek bestelako ohitura batzuen praktikak ekarri ditu, gonbidatu multzo zabal hori erreferentziatzat hartuta.
- ↑ "La comida de entierro. Entierro-bazkaria" in Ritos Funerarios en Vasconia. Atlas Etnográfico. Bilbo: 1995, 533-548 or. eta "Banquete funerario. Enterramenduko bazkaria" in Alimentación Doméstica en Vasconia. Atlas Etnográfico. Bilbo: 1990, 479-480. or.