XVI. EZKONGABETASUNA ETA ZELIBATOA. ALARGUNEN ETA ZAHARREN EZKONTZA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Ezkongabetasuna

Tradizionalki pentsatu izan da gizonaren eta emakumearen egoera naturala ezkonduta egotea dela, bokazio erlijiosoa sortu ezean. Baina errealitateak erakusten du inkesta egindako herri guztietan egiaztatu dela inoiz ezkondu gabeko pertsonak zeudela, ezkongabe jarraitu zutenak gaztaroa igaro eta gero ere.

Ezkongabetasunaren eragileak

Inkestek ezkongabetasunera eramaten duten izaera orokorreko eragileen berri ematen dute. Horien artean aipatzen dira herabetasun pertsonala, itxura fisikoa, familia bat sortzeko pertsona egokia aurkitu ez izana, gaztaroko urteak igarotzen utzi izana, sexu bakoitzeko gazte kopuruaren proportziorik eza, luto jarraituak eta amodio desengainuak. Herri askotan adierazten da gizon gazteentzat neskekiko harremanak hasteko eragozpena dela lagun ezkongabeen kuadrillan ixtea.

Gurasoei ere egozten zaie semeen ezkongabetasunaren errua.

Emakumeen artean ezkongabe gelditzeko motiboetako bat da gurasoak, ahaide zahar eta gaixo bat edo neba apaiz bat zaindu behar izatea.

Ezkongabetasunaren eragiletzat aipatzen da lagun ezkongabeek kuadrillako kide bati neskekin irtetea eta haiekin harremanetan hastea oztopatuz egindako presioa ere.

Ezkongabeen integrazioa etxean

Tradizionalki Baskoniako eskualde guztietan seme-alaba ezkongabeek jaiotetxean bizitzen jarraitzeko aukera izan dute, gizonak landako lanetara emanak eta emakumeak etxekoetara. Gurasoak hildakoan, etxean bizitzen jarraitzen zuten oinordeko zen haurridearekin eta haren familiarekin, halako moldez non ez ziren geratzen arretarik gabe, nahiz eta egoera hori gatazka iturri izan. Berrogeita hamarreko hamarkadako urteetatik aurrera adin nagusiko ezkongabeak, ordura arte landako lanetara emanak, etxetik kanpo soldatapeko gisa lan egiten hasi ziren.

Ezkontza eta ugaltzea

Tradizionalki pentsatu izan da ezkontza dela pertsona guztien jomuga naturala gaztaroko urteak igaro eta gero. Arau horren salbuespena monasterio edo komentu batean sartuta bizitza erlijiosoaren aldeko hautua egiten duten gazteak dira eta seminarioan sartzen direnak apaiz izateko.

Bestalde, pentsatu izan da ugaltzea dela ezkontzaren xede naturala. Gurasoen helburua izan da beti beren seme-alaba guztiak "kokatuta" edo "bilduta" ikustea; beste modu batez esanda, beren seme-alabak ezkon daitezen eta beren familia propioak sor ditzaten nahi dute. "Orduan lasai hil ahal izango gara" esaldiak, hain erabilia eta errotua, adierazten du hori dela gurasoen helburu gorena. Seme-alaben profesa erlijiosoa ere egoera egonkor moduan ikusi izan da. Ez modu berean ezkongabetasuna, gurasoen ikuspegian osatu gabeko eta abantaila gutxiagoako egoera baita.

Sistema tradizionalean, etxearen enbor-lerroaren barruko segidak eskatzen zituen ezkontza eta ugaltzea.

Zelibato erlijiosoa

Bizitzeko aukera bat, ezkontzarekin batera, "erlijioan sartzea izan da, fraile edo moja eginez edo estamentu klerikalean sartzea ordena sakratuen bidez. Hala erlijiosoen nola apaizen bizitza egoerak zelibatoa eskatzen zuen. Baina, herriaren pentsamenduan, bizitzeko molde horiek aukeratzen dituztenak ez dira sartzen ezkongabeen kategorian.

Erlijioan sartzea "profesa erlijiosoa deritzon eta bizitzan egindako aukera bat erakusten duen iragate erritu solemne batez adierazten da. Iragate horrek hainbat hilabete dirauen prestakuntza aldi bat dauka —nobiziotzaurrea— eta beste bat heziketakoa —nobiziotza— sagaratze erlijiosoaren aurretik. Komentuan sartzen ziren neska gazteek xedatutako dote bat eman behar zuten arropatan eta dirutan. Egin zezaketen profesa ekarpenik egin gabe ere; baina kasu horretan komentuko bizitzan eskulanetan ariko ziren eta "ahizpak" kategoriakoak izango ziren.

Nobiziotzaren eta ezkongaialdiaren arteko paralelismoa, dotea bi kasuetan, eta profesa erlijiosoaren eta ezkontzaren artekoa kontuan hartuta, jendeak esaten du erlijiosoak "Jainkoarekin ezkonduta" daudela eta, ondorioz, beren izaera erlijiosoarekin eta profesa egitean onartutako pobrezia, kastitate eta obedientzia botoekin bat datorren jokabidea exijitzen zaie.

Durangon (B), hirurogeita hamarreko hamarkadako urteak arte, 18 eta 25 urte arteko neska gazte asko sartzen ziren erlijioan edo, herritarrek esaten zuten bezala, "moja joaten ziren". Batzuk klausurako komentuetan sartzen ziren (Klaratarrak —Frantziskotarrak—, Agustindarrak, Karmeldar Oinutsak); ikaskuntzara emanak zeuden kongregazioetan (Karitateko Karmeldarrak); herrialde urrunetako misioetara bideratuak (Mesedetakoak, Misiolariak, Mariaren Frantziskotarrak); gaixoen eta zaharren zaintzara emanak (Karitateko Alabak).

Komentu batera (Klaratarrak edo Agustindarrak) joateko "moja sartzeko" errituan, hautagai gazteak soineko zuri luzea janzten zuen, buruan lorezko diadema zuela koroa moduan, eta eskuan lore sorta bat, emaztegai baten antzera. Zeremoniaren ondoren bankete bat egiten zen erlijioso berriaren familia eta lagunak bilduta, baina bera gabe klausurako ordena bat zenean.

Alargunen eta zaharren ezkontza

Antzina, alargun geratzen ziren pertsonek, gizonak bezala emakumeak, zuhurtziazko tarte bat uzten zuten berriz ezkondu aurretik, ez baitzen egokitzat jotzen gutxienez urtebete iragan aurretik ezkontzea. Euskal Herri kontinentalean esaten zen emakume alargunek ez zutela ezkondu behar familiaren hilobian senar zenaren heriotzarengatik piztutako kandela iraungi arte; kandela hori hamahiru hilabetez izaten zen piztuta[1].

Alargunen zein adinean aurrera egindakoen ezkontzak burlarako, kantu pikareskoetarako eta zintzarrotsetarako gaia izaten ziren. Batez ere gazteek bultzatutako adierazpen horiekin, haiek beren arbuioa erakutsi eta gaitzetsi egiten zuten ezkontzeko adin normaletik kanpo egindako ezkontza. Gaitzespen publiko horiek saihesteko, ezkontza horiek oso goiz egiten ziren, zeremoniaren lekua eta ordua isilpean gordeta.


  1. Juan THALAMAS LABANDIBAR. "Contribución al estudio etnográfico del País Vasco continental" in AEF, XI (1931) 20. or.