XIII. SENAR-EMAZTEEN ETXEAN SARTZEA. ETXE-SARTZEA
Orrialde honetako edukia
Arreoa eta eztei-gurdia
Ezkonsariari edo doteari arreo deitu izan zaio nagusiki gaztelaniaz hitz egiten den lurraldeetan eta arreoa, aldaera fonetikoekin, nagusiki euskaraz hitz egiten denetan. Baskonia kontinentalean hatuka erabili izan da, eta Liginagan (Z) truzoa (fr. trousseau). Arreoa etxe berrira eramateari arreoa eroatea zeritzon Bermeon (B) eta dote-arreoa edo arreotea Markinan (B). Etxe berrira sartzeko erritoari, etxe-sartzea (DonoztiriNB), eta hori gertatzen zen egunari, hatukako eguna (Liginaga-Z).
Artziniegako (A) informatzaileek bereizketa egiten dute arreoaren eta dotearen artean. Haientzat, arreoa andregaiak egindako ekarpena zen, hark bere eskuz egindakoa; dotea, aldiz, senar-emazteen bi familiek egindako ekarpena, dirua, azienda, etxeak kasu batzuetan eta abar. Emazteak egindako ekarpenen artean izarak, mantak, mahai-zapiak eta gisakoak izaten ziren; kasu batzuetan, mahai-tresnak eta etxeko beste altzari batzuk ere bai, hala nola oheak beren koltxoiekin (Mendiola-A). Murelagan (B) eta Zeanurin (B) hilkutxako izara ere sartzen zen, hau da, hil-oihala[1]. Gaur egun ohitura hori asko murriztu da gauza horiek guztiak oparien bidez eskuratzen baitira (Trebiñu-A). Gaubean (A) animalia batzuk ere sar zitezkeen: behi azienda, zaldi azienda edo txerri azienda. Aurrerago jasotzen diren deskribapen xehatuetan herri bakoitzean osatutako arreoen edo ezkon-hornien osaketen berri ematen da.
Mendearen hasieran neska gazteak oso gazterik hasten ziren etxe-hornia prestatzen. Nafarroako haran batzuetan, Baztanen, Larraunen eta Erronkarin, Amaiurren, Uztarrozen eta Zuberoan, hamahiru urteetara iritsitakoan gurasoek lursail bat ematen zieten lihoa ereiten hasteko.
Baztan (N) eta Amezketan (G), etxekoandreak neskameari ere, urteko soldataz gain, bi lakari liho hazi ematen zizkion eta hark etxera eramaten zituen ezkon-hornia prestatzen joateko.
Arreoaren garraioa ekintza erritualizatua zen, garrantzi handikoa ezkontide berria etxean sartzea baitzekarren, euskaraz etxe-sartzea deritzona. Horretarako, idi gurdia erabiltzen zen, abagune horretarako apaindua, animaliak bezala. Ahaleginak egiten ziren, gainera, gurdiaren ardatzak karranka egin zezan, ahalik eta zarata handiena ateraz. Ohikoa zen etxe batetik bestera garraiatutako objektuen artean ohe muntatu eta jantzia eta iruteko gorua nabarmentzea[2]. Ispilu batek ere leku garrantzitsua izaten zuen, halaber, garraiatutako objektuen artean.
Bizkaian, ezkontzako gurdiaren uztarriari forjatze lanak eransten zitzaizkion, zenbait kanpaitxo, azkonar larruz estalita, ohiko ardi larruz estalita egon beharrean. Antza denez, azkonarraren atal batzuk (atzaparrak, ileak eta abar) begizkotik babesteko erabiltzen ziren. Hala larrua nola aipatutako tresneria animaliaren izenarekin izendatzen zen: azkonarra[3]. Azkueren arabera, Murelagan (B) eta Urtsuaranen (G) luxu handitzat zuten arreoen garraioan azkonar larruak ezartzea uztarriaren gainean kanpaitxoak estaltzeko[4].
Baskonia kontinentaleko herri batzuetan garraioaren ohiturak ponperia handia zuen. Segizioan, arreoa egiten lagundu zuen eta senar-emazteen gela atontzeaz arduratzen zen jostuna nabarmentzen zen. Basabürüan (Z), hartaz gainera, bazen beste era bateko segizioetan, hileta-erritualetakoetan, zeregin oso nabarmena zuen beste pertsonaia bat: arotza[5].
Ekintza hori ez zen ospatzen egun jakin batean; aldatu egiten zen, herrien arabera, ezkondeien garaiaren eta tornaboda zeritzonaren artean. Hain egon zen erritualizatuta non mendearen hasierako folkloristek arreta handia eskaini zioten, eta horregatik haren hainbat deskribapen literario eta xehatu aurki daiteke. Tradizioa mende honetako hogeita hamarreko hamarkadako urteetan hasi zen behera egiten.
Semea zein alaba izan zitekeen oinordekoa, eta arreoaren etxe batetik besterako garraioa batzuetan senargaiak eta beste batzuetan emaztegaiak egiten zuen, baina azkeneko kasu horretan baizik ez zen egiten solemnitate osoz.
Gaur egun, herri batzuetan eztei tradizionalen herri antzezpenak egiten dituzte, arreoaren garraioa antzinako eran irudikatuta. Horiek oihartzun zabala izan ohi dute idatzitako prentsan zein telebistan.
Kanpotik datorren ezkontidea senar-emazteen etxera eramatea
Antzina bi senar-emazteak, hala bere etxean geratzen zena nola etxez aldatu behar zuena, elizatik ezkontzako banketea egitekoa zen etxera joaten ziren, banketera gonbidatuta zeuden zeremoniako bertaratuek eta batzuetan musikariak ere lagunduta. Komeni da kontuan hartzea ez zela beti izaten etxe hura senar-emazteena izango zena; batzuetan, lehenik andregaiaren etxera joaten ziren, hura baitzen eskuarki etxez aldatzen zena, eta han bazkaltzen zuten; gero beren betiko etxea izango zenera laguntzen zieten.
Arreoaren inbentarioa eta erakusketa
Iraganean arreoaren erakusketa ekintza erritualizatua zen; hartan, pertsona batek, emakume batek eskuarki, emaztegaiaren familiak egindako ekarpeneko objektu guztien zerrendatze xehatua egiten zuen, arau zehatz batzuei jarraituta. Ekintza hori ezkontzaren egunean berean egiten zen batzuetan, banketearen aurretik edo haren ondoren, edo, bestela, ospakizunaren aurreko egunetan, eskuarki arreoa emaztegaiaren edo senargaiaren etxetik garraiatzen zenean.
Arreoa modu erritualizatuan erakusteko ohitura murriztu egin zen denborak aurrera egin ahala, eta ezkon-hornia eta senar-emazte berrien gela erakustera pasatu zen, inongo zeremoniarik gabe. Horretaz emaztegaia bera arduratzen zen batzuetan, edo haren ama, eta batzuetan auzoko emakumeren bat, eta hartan interesa zutenak emaztegaiaren lagunak izaten ziren, edo batzuetan gonbidatutako emakumeak. Ezkontzaren aurretik edo zeremoniaren egun berean erakusten zitzaien.
- ↑ Resurrección Mª de AZKUE. Euskalerriaren Yakintza. I. liburukia. Madril: 1935, 271. or. (Azkuek informazio hori jaso zuenean adierazi zuen dagoeneko aurreko garaietan ere praktikatzen zela).
- ↑ Azken elementu hori ondo ikusteko moduko leku batean eramaten zen, eta esan daiteke dagoeneko erromatarren artean ere emazteak ezkon-hornian gorua sartzen zuela maraztasunaren sinbolo moduan.
- ↑ Julio CARO BAROJA. Los vascos. Donostia: 1949, 324. or.
- ↑ Resurrección Mª de AZKUE. Euskalerriaren Yakintza. I. liburukia. Madril: 1935, 271. or.
- ↑ Jean de JAUREGUIBERRY. "Un mariage en Haute-Soule" in Gure Herria, XIV (1934) 165. or.