III. BATAIOA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 12:09 15 ene 2019 de FuzzyBot (discusión | contribuciones) (Actualizando para coincidir con nueva versión de la página fuente)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Tradizionalki, umeek bataioko ura jaso dute jaio berritan. Praktika erlijioso horren oinarrian dagoen sinesmena Baskonia osoan onartuta dago; sinesmen horren arabera, bataioa da pertsona kristau bihurtzen duena, eta bataioaren bidez garbitu egiten da gizakien jatorrizko bekatua. Errituak Eliza Katolikoaren jarraibideei men egiten die funtsean, baina eskualde bakoitzak bere berezitasunak ditu eszenaratzearen xehetasunetan.

Jaioberrien bataioa

Antzinako preskripzio bati jarraituz, umeak lehenbailehen bataiatzen ziren. Zeanurin (B), mendearen erdialdera arte, honako arau honi jarraitzen zitzaion: jaiotza goizean goiz gertatu baldin bazen, egun bereko arratsaldean bataiatzen zen, jaiotako egunen barruen; hori ezinezkoa izanez gero, hurrengo egunean, jaio ta lehenengo egunian, eta beranduenez bigarren eguna pasatu gabe, jaio ta egun bi barru. Horrela jokatzen zen jaioberria kristau izan gabe ez hiltzeko, ez eitean hil kristiñau izan barik, eta zerurako bidea ez eragozteko. Jaioberria lehenbailehen bataiatzeko kezka hori, len bait lasterren, oso zabalduta egon da (Nabarniz, Orozko, Urduliz-B; Bidegoian, Gatzaga[1]-G).

Urjentziazko bataioa

Etxean eta bizirik irauteko arazoekin jaiotakoak, erkinak, edo zegokien baino lehenago jaiotakoak, zazpikiak, (Nabarniz, Zeanuri-B) berehala bataiatzen zituen emaginak edo medikuak. Erritu horri "urgentziazko bataioa" deitzen zaio, baina beste izen batzuk ere baditu; "bautismo de socorro" (Ametzaga Zuia-A), "bautizo de auxilio" (Moreda-A), "bautizo de primera necesidad" (Portugalete-B), "agua de socorro" (Moreda-A), "etxe-bautismue" (Markina-B), "etxe-bautizoa" (Abadiño eta Urduliz-B).

Bataiora joandakoak

Familia aberatsetan eta hiri-guneetan izan ezik, aita ez zen joaten eskuarki bataiora, "jornala irabazi behar zuelako” (Viana-N). Inkesta egindako herri gutxitan jaso da umearen aitaren presentzia bataioan; ama, berriz, ohean egoten zen artean ere.

Umearen eramailea

Oro har, esan daiteke berrogeiko hamarkadara arte umea bataiorako janztearen eta elizako bataiarriraino eramatearen arduraduna emagina edo sortzaina zela.

Bataioaren erritual berria

Umeen bataioaren erritual berriak, 1970az geroztik indarrean dagoenak, katekumenotzaren garaitik zetozen antzinako erritu asko baztertu ditu, eta bataioari berari dagozkionak gorde eta egokitu.

Kontzilio-osteko disposizio berrien arabera, bataioa igandez eman behar da, Elizak pazko-misterioa ospatzen duen egunean, eta duela gutxi jaiotako haur guztientzako ospakizun komun batean. Bataioak, eskuarki, igandeko mezaren barruan egiten dira.

Gorazarreak bataioa dela-eta

Duela mende laurden arte (1970), bataioak ez ziren ospatzen, eskuarki, familia-oturuntzekin. Gehienez ere, mokadu txiki bat ematen zitzaien segizioan parte hartutakoei. Familia-gertaera honen ospakizuna ama, erditzearen ondoren, suspertzen zenerako uzten zen; orduan egiten zitzaion gorazarre, eta bazkari erritual bat egiten zen

Arrebutxak

Herri askotan jaso denez, elizatik bataiatu berriarekin irtetean, aitabitxiak karameluak, gozokiak, almendrak eta txanponak botatzen zituen airera, eta umeak elkarrekin borrokatzen ziren haiek jasotzeko. Gero, umeen taldea segizioaren atzetik joaten zen jaioberriaren etxeraino, gozoki eta diru gehiago jasotzeko itxaropenez, batzuetan aitabitxiek etxeko balkoitik airera jaurtitzen baitzituzten.

Aitabitxi izatea

Aitabitxiaren eta amabitxiaren papera garrantzitsuagoak izan ziren antzina; horren froga da besoetakoari beren izenak jartzeko eskubidea zutela. Ordena horretan zegoen halaber gurasoak hilez gero —iraganean maiz samar gertatzen zen— haiek ordezkatzeko eta tutore bihurtzeko betebeharra berenganatzen zutela. Bataioaren zeremonian, apaizak bataiatuarekiko berenganatuak zituzten betebehar espiritualak gogorarazten zizkien.

Aitabitxien hautaketa

Zeanurin (B), jasoa dute gerra zibilaren aurretik (1936) gaur egun baino garrantzi gutxiago ematen zitzaiola aitabitxiak izendatzeari. Hautaketa bat baino gehiago, mesede-eskari bat zen: Mesedea eskatu besoetan artzeko umea. Nabarmentzekoa da garai hartan aitabitxiaren eta amabitxiaren hautaketa aitaren edo amaren lagunen artean egiten zela beti, edo etxe inguruko auzoen artean.

Komenentziako aitabitxiak

Ohikoa zen familia behartsuek egoera ekonomiko hobean zeuden familietako pertsonak edo ondorengorik gabeko ahaideak izendatzea aitabitxi. Araban "komenentziako aitabitxiak” deitzen zieten, abantaila batzuk lortzen saiatzen baitziren, batez ere umea heldua zenerako.

Aitabitxiak galdu-gordean

Ateneoaren inkestek eta beste egile batzuenek mende honetako lehen hamarkadetan indarrean zegoen praktika bat jaso zuten, Honako hau zen: familia batean zenbait ume hiltzen zirenean segidan, ez zen aldez aurretik aitabitxirik eta amabitxirik aukeratzen hurrengoarentzat. Hala egokituz gero, jaioberria bataiatzera eramaten zutenak eliz atarian gelditzen ziren mezak irauten zuen bitartean, eta elizatik irteten zen lehen gizona eta lehen emakumea aukeratzen zituzten, hurrenez hurren, aitabitxi eta amabitxi.

Ponteko izena

Bataiatuaren izenaren aukeraketan faktore bat baino gehiago hartu izan da kontuan. Oro har, kristauen santuen izendegia izan da inspirazio iturri nagusi XX. mendearen lehen laurdena arte eta are gertuagoko datetara arte.

Garai horretan, landa-eremuetako herrietan, izenaren aukeraketa apaizaren esku uzten zen eskuarki, eta hark elizako egutegiko santuen izendegira jo eta umeari bataiatzen zuten eguneko santuaren izena jartzen zion.

Pontekoen opariak

Pazko- eta Gabon-opariak

Garai batean, oso zabaldutako ohitura izan zen, hala Baskonia penintsularrean nola kontinentalean, Pazko garizuman aitabitxiek —kasu gehienetan amabitxiak— besoetakoei etxean egindako ogi berezi bat ematea opari.

Praktika hori desagertzen joan zen etxean ogia egiteari utzi ahala; opari emandako opil horiek etxeko labealdia baliatuz egosten ziren. Etxe gutxi batzuek beren ogi-labeari eusten diote, eta okindegi batzuek Pazko-opilak egiten eta saltzen dituzte oraindik ere. Hala ere, ohiturak galdu egin du behiala izandako indarra.


  1. Pedro Mª ARANEGUI. Gatzaga: una aproximación a la vida de Salinas de Léniz a comienzos del siglo XX. Donostia: 1986, 55. or.